Gartxot, ‘BARRUAN’ [komikia]

2022, 21 azaroa

BARRUAN [komikia]
Gartxot
Ataramiñe, 2022

Hitzaurrea: Mikel Orbegozo Etxarri
17cmx24cm
127 orr.

«2000. hamarkadan kokatzen da Frantziako espetxeetan. Gure protagonista ETA erakundeko militante izateagatik kartzelatu dute. Ez da autobiografikoa, bizitako esperientziak agertzen dira, tokiak, jendea, kideak… baina baita ere beste kide batzuen bizipenak eta hauek patio ordu luzeetan kontaturikoak.

Komiki honek oihu ozena izan nahi du kartzelaren aurka; epaile, polizia, kartzelero, zuzendari eta sistema kriminal horren kate begi guzti horien aurka. Nire gorroto guztia beraientzako.»

Gartxot

BARRUAN • Hitzaurrea • Mikel Orbegozo

Ezkutuan dagoenari argia ematea. Espetxeko paretaren bestaldean gertatzen direnak jendearen begietara ateratzea. Kolektibo baten duintasunaren aldeko borroka bistaratzea. Honekin egingo duzu topo komiki honetan, eta hauek guztiak, beste batzuren artean, preso politikoaren ihesaldi mentalaren osagaiak dira. Bere gatibutza onartu nahi ez eta honen aurrean oldartzen denarena.


Pairatuaren kontakizuna pieza anitzeko puzzlea da, eta norberak du bere piezatxoa dagokion lekuan jartzeko eginkizuna. Ez bizipen pertsonalak kontatzeko helburu soilaz, baizik eta horren bidez kontakizun kolektibo bat ere indartzeko.

Espetxean zoriontasunaren bilaketa errebeldia ariketa da. Umorez, bizipozez, maitasunez, indarrez… elikatzen da duintasuna, eta horrekin egiten da aurrera. Baina kartzelan bizitako asko gauza intimo eta kontatzeko zailak dira. Senideen gaixotasun edo heriotzak urrunetik bizitzea, eguneroko zailtasunei aurre egitea, norberaren muga eta ezintasunekin topo egitea, monotoniaren gristasunari buelta emango dion alaitasun bat eraikitzea… Hau dena, honetaz hitz egiteko gai ez bagara, paretetan lurperatuta geratuko da.


Ba hori da komiki hau. Pareten arteko arrakala, zure begia gerturatu eta zirrikitutik euskal presoek bizitako egoerak irudikatzeko aukera ematen dizuna. Ahal balu, espetxeak gustora estaliko luke zementu geruza berri batez… baina ez! Esku artean duzu! Mila esker barnealdera begiratu eta lekuko deseroso bat izateagatik.


Mikel Orbegozo

Share

Iruzkinak