Ataramiñe, “Ortzadar” aldizkarian

2012, 10 urtarrila

>> Ortzadar aldizkaria 242 zkia. 2012.01.07.pdf
>> Ataramiñe Ortzadar aldizkarian.pdf
>> deia.com: Itzalean sortutako letrak, argitara

ITZALEAN SORTUTAKO LETRAK, ARGITARA

‘Ataramiñe’11’ argitalpenak 24 euskal idazle presoren sormen lanak biltzen ditu. Adibide bat baino ez da. Finean, espetxea eta literaturaren arteko harremanak ez baitu etenik; kartzelak berezkoa baitu idazketa

IZARO AULESTIARTE

ATARAMIÑE elkarteak hamargarrenez aurkeztu ditu euskal preso eta iheslari politikoen idazki edo sormen lanekin osatutako koadernoak. Ipuinak, saiakera laburrak, kronikak, poesia, bertsoak, irudiak… dakartza bilduma berriak. Ez da, haatik, elkartearen aurtengo argitalpen bakarra; Ibon Muñoa preso eibartarraren Ametsen txokoan bizi naiz poema liburua, Borxa Urberuaga preso ohiaren Espetxetik at komikia zein Mikel Antzaren Bakarmortuko kronikak ere plazaratu ditu.

Koaderno literarioen lehen aleak 2002an ikusi zuen argia. Ataramiñeko editore taldeko Mitxel Sarasketak –bera ere kartzelako literatura egindakoa da–, azaldu bezala, Jon Etxeandiak planteatu zuen elkarte autonomo bat sortzea. “2001ean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etxeandiaren Kartzelako lanak liburua argitaratu zuen. Hurrengo urterako, bueltak ematen jardun, presoen idatziak eta argitaratzea proposatu, eta literatura koadernoaren ideia jarri zuen mahai gainean. Horren inguruan sortu zen Ataramiñe, eta 2002an argitaratu zen lehen alea”.

Ordutik, euskal errepresaliatuen artean literatura sustatu eta haien idatziak, ahal den neurrian, jaso, bildu eta zabaltzeko xedez ari da elkartea. Koadernoak ditu ardatz nagusi, baina bilduma horien hamar aleak ez ezik, hamahiru liburu, musika CD bat eta umeentzako mahaijoko bat ere plazaratu ditu urteotan.

“Presoek asko idazten dute, eta guretzat lan horiek garrantzia berezia dute –dio Sarasketak–. Askatasunaren alde borrokatzeagatik daude kartzelan; mundu hau ulertzeko kartzelako ikuspegia argigarria da oso, kartzela gure munduaren barruan dagoelako. Komunikazio asmoa ere badago, lekukotasuna jasotzea, espetxeak presoen idatzietatik ezagutzea… Identifikazio bat dago elkartearen eta presoen kolektiboaren artean. Elkarteko kide ia guztiak preso ohiak gara”.

EZOHIKO ARGITALETXEA

“Arrazoi batengatik edo beste batengatik argitaletxeek argitaratu nahi ez dituzten obrak” kaleratzen dituztela azaldu du editoreak. “Gure irizpidea da presoen lanak argitaletxe normaletan argitaratu behar direla. Ez dugu txoko edo gettho bat sortu nahi; presoen lanak modu naturalean gizarteratu behar direla uste dugu eta, bestetik, liburuen onerako ere, onuragarria iruditzen zaigu euren liburuak horretan diharduten argitaletxeek argitaratzea. Ataramiñe, berez, ez da ohiko argitaletxe bat; lan bat bidaltzen digutenean, argitaletxe normalekin harremanetan jartzen ditugu egileak”, erantsi du.

Bada, bestelako argitaletxeek ere presoen hainbat lan plazaratu dituzte aurten. Besteak beste, Txalapartak Batzorde Ikusezina izenez sinatuta dagoen Heldu da matxinada argitaratu du, bi preso politikok euskaratuta. Elkarrek kaleratutako Hitzezko Txalupak lanean euskal deportatu politiko batek parte hartu du, eta Susak, bestalde, Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak lanaren edizio berritua atera du –1992an kaleratu zen lehen aldiz; bost urteko espetxealdian (1980-1985) idatzitako eta ihes egin ondorengo piezak jaso zituen bertan egileak.

Etxepare, Iparragirre, Lauaxeta… euskal literaturaren erreferente diren hainbatek ere giltzapean, edo giltzapeaz, egindako lanetan utzi zuen nork bere garai eta bizipenen arrastoa. Poesia edo kopla idatziaren ibilbide historikoan antzeko adibide ugari aipa litezke. Baina bestelako genero eta garaietan ere izan da, eta izango da, espetxea eta literaturaren arteko erreferentziarik, hala nola Sarrionandia bera edota Jokin Urain –bost libururekin obrarik zabalena duen euskal idazle presoa–.

“Kartzelan itxi, zapaldu, mugatu, isolatu eta bakartzen zaituztenean… idazteko motibazioa komunikazioa izan daiteke, pentsatzea, egoerari aurre egitea, buruaren orekari eustea, kartzelako lekukotasuna ematea, ikastea, borrokatzea, zerbait egitea, bizitzea… presoaren beharrak ugariak dira; eta behar horiek asetzeko bitartekoak, oso urriak. Idaztea lotura bat da zure buruarekin eta zure munduarekin”, dio Sarasketak.

Bide horretan, genero epistolarra gailentzen dela dio: “Preso guztiek idatziko dute, eta mundu osoan argitaratu dira presoen gutun sailak. Bestela, ez dut uste kartzelako lanetan idazkera propiorik dagoenik”. Hori bai, motibazioa, gaia nahiz estiloa bata zein bestea izan, argi du: “Idazteak kartzelan behar bati erantzuten dio askotan. Presoak dauden bitartean presoek idatzitako literatura egongo da”.

“KARTZELAN IDAZTEA OZTOPO PROBA BAT DA”

Kartzelak berak zailtzen du edizio prozesua. “Harremana normalean gutunez egiten da; presoen familien bitartez ere gehienetan –dio Sarasketak–. Horrek esan nahi du denbora asko behar dela, batzuetan gauzak galtzen dira bidean, bestetan bueltatu egiten dituzte, zentsura pasa beharra dute… oztopo proba bat izaten da. Presoak ahalegin handia egiten du, baina kanpotik ere esfortzu handia egin behar izaten da”.

Share

Iruzkinak