[BIDEOA ~ hamaika.eus] Jokin Urain: “Herreratik etxera bidean pentsatu nuen senideen joan-etorrien testigantza bildu behar zela”
2018 4 abendua
→ hamaika.eus: Jokin Urain: “Herreratik etxera bidean pentsatu nuen senideen joan-etorrien testigantza bildu behar zela”
→ AMAREN ETXEA. Jokin Urain. Liburua erosteko, hemen
[AUDIOA ~ bilbohiria.eus] Hiru argitalpen plazaratu ditu Ataramiñek, presoen lanak kaleratzen dituen argitaletxeak
2018 4 abendua

→ bilbohiria.eus: Hiru argitalpen plazaratu ditu Ataramiñek, presoen lanak kaleratzen dituen argitaletxeak
.
Hiru argitalpen plazaratu ditu Ataramiñek, presoen lanak kaleratzen dituen argitaletxeak
Ibaizabal Magazina
Bere aurtengo uzta kaleratu du Ataramiñe argitaletxeak. Hiru liburu, hiru preso politiko izan dira aurten protagonistak:, Egia baten egunerokoa Oier Goitia gernikarrarena, Txori mezularia Joseba Erostegi antzuolarrarena eta Hamaika desio utopiarako, Ibon Muñoa preso eibartarrarena. Durangoko Azokan egongo dira eskuragai liburuok, gainontzeko urteetakoekin batera.
[nontzeberri.eus] Ateramiñek urteroko uzta literarioa aurkeztu du
2018 4 abendua

→ nontzeberri.eus: Ateramiñek urteroko uzta literarioa aurkeztu du
Ateramiñek urteroko uzta literarioa aurkeztu du
Urteroko egiten duen moduan, Ataramiñe Elkarteak euskal presoen zenbait sorkuntza lan plazaratu ditu. Joan den ostiralean horien aurkezpena egin zuten Bilboko Erronda Kalean dagoen Bira tabernan. Bertan Lorea Erostegi (Txori mezulariak liburuko irudigilea), Oier Gonzalez (Ataramiñe elkartekoa) eta Ion Telleria (Egia baten egunerokoa liburuko hitzaurrearen egilea) bildu ziren.
Aurten hiru euskal presoren lanak kaleratu ditu elkarteak. Batetik, Antzuolako Joseba Erostegi eta haren ilobaren artean idatziriko Txori Mezulariak, haurrentzako ipuina. “Mezu elkartruke batetik jaio da ipuin hau. Espetxean dagoen osabaren eta kalean dagoen ilobaren arteko mezuek mimo handiz eraiki dute kontakizuna. Espetxearen errealitatea gainditu du txori mezularien hegaldi txikiak. Okilak bezala, kolpe txiki etengabez, sortu da arrakala osaba inguratzen duen paretan, eta bertatik igorri dira papera brodatu duten afektuzko hitz eta kolore biziko sentimenduak”.
Bestetik, Oier Goitia gernikarraren bigarren olerki bilduma, Egia baten egunerokoa izenekoa. “Egiaren parte da Lizarra-Garazi garaian ihes egin eta orain Murtzian duten lagunaren eguneroko aldrebes hau. Preso egon den orok bere gutunetan topatuko dituen pasadizoekin, preso egon den ororen egia eta batzuk preso egon direla gogoratzen duen ororen egia. Egietako baten egunerokoa da hau, hegitik egiarako bidean edo…”
Eta azkenik, Eibarko Ibon Muñoa euskal presoaren Hamaika desio utopiarako bertso-olerki bilduma. “Ibon kalean balego, blogaria litzateke. Blogari berezia, halere, bertsoz eta poesiaz ematen duelako egunekoak eragiten dion hausnarketa, normalean, hitz lauz jarduten dugulako bloga dugunok. Era berean, ezin dugu ahaztu, unean uneko gaien gainean hausnartzen da webgune batzuetan. Muñoak gauza bera egiten du, ezagutu duen albiste batek, adibidez, zer senti edo pentsarazi dion azaleratzen du. Eguneroko moduko bat dela esan genezake, beti ere hitz neurtuan idatzita”.
Lan horien eta beste askoren gaineko informazio guztia, Ateramineren webgunean duzue.
Joxemari Carrere ~ Mikel Orbegozo “Maritxipi eta amatxo”
2018 2 abendua
→ sare.eus: “Maritixipi eta amatxo” ipuinaren aurkezpena Donostiako TABA tabernan
“Maritixipi eta amatxo” ipuinaren aurkezpena Donostiako TABA tabernan
Dakizuen bezala badira hainbat hilabete motxiladun haur gisa izendatu ditugun, ama, aita edo bi gurasoak espetxean dituzten umeek bizi duten errealitate gordina lau haizetara zabaltzen gabiltzala. Ama-aita espetxean duten haur-nerabeek zigor hirukoitza pairatzen dute; egunerokoan ama-aita presoarekin egon ezina, guraso presoei aplikatzen zaien ez ohiko legedi eta araudia dela eta etxera etorriko direnaren esperantzaren ukazioa eta eurak ikusteko egin beharreko milaka kilometroak.
Iaztik hona, hamaika izan dira burututako ekimenak; Sara eta Izar elkarrekin egon zitezen dinamika, motxiladun haur zein nerabeei ahotsa eman eta euren bizipenak entzutea, Motxilak gora abestia eta bideoklika, gurasoak espetxean izateak nola eragiten dien azaltzen duen dossierraren aurkezpena, herriz herri dabilen “Motxilak gora” erakusketa… Egin dugun eta egiten ari garen lanketa honetan guztian, inolako ardurarik ez duten haur hauek jasaten duten zigor eta sufrimendu egoerarekin amaitzeko ordua dela aldarrikatu dugu behin eta berriz.
Orain artean ezkutuan egon den errealitate hau argitara ateratzea lortu dugu hainbat tresna eta medioz baliatuz. Oraingo honetan, haurrei eskainitako bitarteko bat sortu dugu; “Maritxipi eta amatxo” izeneko ipuina (ondoren Sara eta Joxemarik azalduko dizkizuete ipuinaren nondik norakoak). Txikienentzat idatzia egonagatik ere, guraso, hezitzaile edota irakasleek baliatu dezaketen tresna dela uste dugu.
Umeak protagonista dituen errealitate hau eurekin lantzeko tresna baten beharraz jabetuta, Sarak bere espetxealdian Mikel Orbegozo preso donostiarraren laguntzaz sortutako ideiari jarraiki, Joxemarirekin harremanetan jarri eta gaur hemen eskuartean dugun liburuxka hau osatzera iritsi gara. Izatez konplexua den gai hau, gure txikiekin lantzeko lagungarria izan asmo duen ipuina da hau.
Gaurko tarte hau, abenduaren 5ean Durangon arratsaldeko 19:00etan egingo dugun ipuinaren aurkezpenerako gonbita luzatzeko ere baliatu nahi dugu, eta baita, motxiladun haurren errealitatea plazara ekartzen eta lantzen jarraituko dugula adierazteko ere. Izan ere, konponbiderako eta elkarbizitzarako urratsak emate bidean, sufrimendu ororekin amaitzea behar beharrezkoa da. Gu prest gaude bide horretan urratsak emateko eta ezinbestean sufrimendu egoera hau pairatzen duten 103 haur hauen errealitatea aldatzea beharrezkoa da. Jendarte osoarentzat izango baita onuragarria Maritxipi eta bere ama elkartu diren moduan beste guztiak ere euren gurasoekin egotea.
Datorren abenduaren 5etik aurrera ipuina eskuratu nahi duen ororentzat salgai izango da Durangoko Azokan eta baita Sare Herritarraren web orrialdean ere.
Guztion gustukoa izatea espero dugu. Eta noski, Sareren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu Mikel Orbegozo, Sara Majarenas eta Joxemari Carrereri egindako lan bikainagatik. Besterik gabe, ipuin hau, Mikelen ilustrazioekin batera, posible egin duten Sara eta Joxemariri emango diet hitza.
→ naiz.eus: ‘Maritxipi eta Amatxo’: nola azaldu haur bati kartzela zer den eta ama utzi behar duela?
[naiz.eus] Ataramiñe, kartzelako grisari kolorea ematen dioten presoen lanak
2018 1 abendua

→ naiz.eus: Ataramiñe, kartzelako grisari kolorea ematen dioten presoen lanak
KULTURA
Ataramiñe, kartzelako grisari kolorea ematen dioten presoen lanakUrtero bezala, euskal preso politikoen sorkuntza lanak aurkeztu ditu Ataramiñek. Oier Goitia, Joseba Erostegi eta Ibon Muñoa presoen lan bana plazaratu ditu, «sorkuntza espetxean denbora kudeatzeko bitartekoa» dela aldarrikatuz. Oier Goitiaren bigarren poesia liburua, Erostegiren umeentzako ipuin koloretsua eta Ibon Muñoaren bosgarren bertso sorta bildu ditu aurten desagertzeko bokazioa duen Ataramiñe argitaletxe ezohikoak.
PATXI GAZTELUMENDI|BILBO
«Elkarlan barik ez da posible Ataramiñe libururik egotea» esanez aurkeztu zituen Oier Gonzalez Bilbatuak aurtengo liburuak. Urtero garai honetan, Ataramiñek urtean zehar espetxeetan izandako literatura lanak aurkezten ditu. Euskal preso politikoen sorkuntzarako argitaletxe bezala sortu baitzen Ataramiñe. Eta aurten ere hiru presoren lanak plazaratu ditu.
«Euskal preso politikoen sorkuntza lanaren plazatxoa da Ataramiñe, eta bertan kronika afektiboak, presoen irudigintza, poesia, ametsak eta antzerki lanak plazaratzen ditugu. Espetxean denbora kudeatzeko bitartekoa da sorkuntza, eta han, denbora da bataila guztien ama». Ondo gogoratzen du Gonzalez Bilbatuak kartzela. Han egondakoa da. Bertan idatzitakoa. Eta berak ere Ataramiñeren bitartez plazaratu zituen bere asmo eta ametsak.
Ion Telleriak ziegakide izan zuen Oier Goitiaren poesia liburuaren aurkezpena egin zuen. “Egia baten egunerokoa” Gernikako presoaren bigarren lana da, aurretik “Fakin Xokona” plazaratu baitzuen. Antzeko diseinuarekin, eguneroko itxura hartu du Goitiak egunero idazten dituen poema multzoak. «‘Fakin Xokona’ gauero Oierrek Frantziako espetxean presokideei entzuten zien oihua zen, baina Fakin Fresnes, Fakin Soto, Fakin Murtzia ere izan zitekeen poema bilduma hau», esanez hasi zuen bere aurkezpena Ion Telleriak. «Espetxetik ihes egiten duten burutazioak dira Oierrenak», bere ziegakide ohiaren aburuz. Liburuari izenburua jartzeko orduan Gabriel Arestiren “Egia bat esateagatik” poema izan dute akorduan. Iker Moreno preso ohiaren ilustrazioekin osatu dute liburua.
“Txori mezulariak” ipuina idatzi du Joseba Erostegi “Eltzikorta” preso antzuolarrak. Bere iloba Loreak egin dizkio marrazkiak. «Telefono deiak egiten zizkidan osabak astero, eta liburu honi buruz hitz egin eta eztabaidatzen genuen biok», aitortu zuen Lorea Erostegik. Umeei eskainitako ipuina da, «eta ume bakoitza da protagonista, amama oroitu nahi izan dugu, aurten joan zaigulako». Eta Joseba Erostegi Herrera de la Manchan.
Ibon Muñoaren bertsoak ohiko bilakatu dira Ataramiñek Durangoko Azokan jartzen duen standean. “Hamaika desio utopiarako” liburua eibartarraren bosgarren liburua da. Ohi duenez, ordena kronologikoari jarraitzen diote liburuko bertsoek. Kordobako espetxean sortutako 141 bertso berri ditu Muñoaren lan honek.
[BIDEOA ~ hamaika.eus] Ziegan arrakalak sortzeko eta espetxetik aldentzeko burutazioen hiru liburu aurkeztu ditu Ataramiñek
2018 30 azaroa
→ hamaika.eus: Ziegan arrakalak sortzeko eta espetxetik aldentzeko burutazioen hiru liburu aurkeztu ditu Ataramiñek
Ziegan arrakalak sortzeko eta espetxetik aldentzeko burutazioen hiru liburu aurkeztu ditu Ataramiñek
Hiru euskal presok egindako lanak aurkeztu ditu Ataramiñe argitaletxeak. Ibon Muñoak idatzitako ‘Hamaika desio utopiarako’, Joseba Erostegik eta haren iloba Lorea Erostegik elkarlanean ondutako ‘Txori mezulariak’ haurrentzako ipuina, eta Oier Goitiaren ‘Egia baten egunerokoa’.
[berria.eus] Ihes egiteko tresna
2018 30 azaroa

→ berria.eus: Ihes egiteko tresna
LIBURU AURKEZPENAK
Ihes egiteko tresnaPresoek espetxeetan idatzitako hiru lan argitaratu ditu, urtero legez, Ataramiñe argitaletxeak.
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ia aurkezpena hasi aurretik, argitaletxearen bokazioa zein den argitu du Oier Gonzalez Ataramiñeko kideak: “Desagertzeko sortu zen editoriala, eta, lehenbailehen bada, askoz hobe”. Zergatia nabarmen du, ondoren. “Euskal preso politikoen sorkuntza lanak inoiz gehiago plazaratu beharko ez dugun une horri begira gaude, horrek esan nahi izango baitu, presoak, kalean, gurekin batera sortzen ari direla”. 2002. urtetik dihardu Ataramiñe argitaletxeak martxan. “Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kronika afektiboa egin liteke, sortu ginenetik hona, argitaratu ditugun lanen bidez”. Espetxeetan, biziraupenerako tresna da sorkuntza, Gonzalezen hitzetan.
Hiru lan aurkeztu dituzte aurtengoan: Lorea Erostegik preso dagoen Joseba Erostegi osabarekin batera ondu du Txori Mezulariak, haurrentzako ipuina; Oier Goitia gernikarrak Egia baten egunerokoa olerki bilduma sortu du; eta, Ibon Muñoak, aldiz, Hamaika desio utopiarako bertso-olerki bilduma. “Ataramiñe ez da posible elkarlanik gabe”. Egileen ziegetatik argitaletxearen eskuetara heltzeko beharrezkoa den laguntza azpimarratu du Gonzalezek. Gaur egin dute argitalpen berrien aurkezpena, Bilboko Bira kultur gunean.
Hiru argitalpen
Ion Telleria kazetariak, Oier Goitia Gernikako presoa lagundu du Egia baten egunerokoa olerki bildumaren sorkuntzan. “Oierrek [Goitiak] ohitura du, egunero, olerki solteen bidez, egun horretan bizitakoak idatzita uzteko. Lan solte horiek eman zizkidan niri, eta ikusi genuen hari bat bazutela bere sorkuntzek. Egunerokoa da, eta egia bat du oinarruan: preso dagoenaren egia edo sentipenak dituzte olerki guztiek oinarrian”. Ziega partekatu zuten Telleriak eta Goitiak, eta harreman horretatik abiatu dute elkarlana.
Erosegik azaldu duenez, “etxekoen” artean geratzeko sortu zuen haren osabarekin Txori Mezulariak ipuina, baina Ataramiñe argitaletxearekin kaleratzea adostu dute, azkenerako. “Osabak nahi zuen ume bakoitza bere liburuaren protagonista izatea, eta liburu interaktiboa sortu dugu horregatik”.
Hamaika desio utopiarako bertso olerki bilduma sortu du Ibon Muñoak. “Bosgarrena lana du Muñoak. Egunerokoa da, eta gaur egungo gaiak lantzen ditu. Kartzelan dagoena eta kalean dagoena etengabe konektatzeko saiakera nabari da liburuan”.
Oier Goitia “Egia baten egunerokoa”
2018 30 azaroa
Egia baten egunerokoa
Oier Goitia Abadia
Ataramiñe, 2018
Poesia
Hitzaurrera: Ion T. Barrena
Irudiak: Iker Moreno Ibañez
136 orrialde. 15 x 21 cm.
>> PDF formatoan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formato batzuk
Gezurra
egia izan daiteke
baldin eta
Bulebarreko ezkerreko espaloitik
edo eskubikotik
zoazen
korrika
HITZ-AURREA
Bulebarraren alde batetik korrika jardun ohi genuenok uste genuen beste aldean eta beste aldera egin ohi zutenen egiak ezagutu-aitortu-laztandu-damutu-jaso-hartu… ezkero bakoitzak bere egiarekin, bulebarraren alde batetik edo bestetik baina zumardi berean jarduteko modua egingo genuela.
Uste genuen, gainera, gezurrak herrena zuela berekin.
Ez genuen sinetsi nahi euren herrena gure hanka biko korrikaldia mututzeko gai zenik.
Ulertu dugu eurak eta gu ez direla lehengo eurak eta gu? Eta Bulebarrean beste aldera abiadan zirenen artean ere bazirela “gu” lakoak.
Egiaz Oier Goitiak idatzi dituen lau olerkik marraztu dute eguneroko honen zentzua, batzuk «condena» «injusto» hitzagatik aldatu eta santifikatu dutenean, berriz ere besteen egiak ezagutu-aitortu-laztandu-damutu-jaso-hartu beharraz hitz egitera eraman nahi gaituztenean. Egia errepide bazterretan ezkutatu asmo dutenen zoru etikoa abiapuntu.
Egiaren parte da Lizarra-Garazi garaian ihes egin eta orain Murtzian duten lagunaren eguneroko aldrebes hau. Preso egon den orok bere gutunetan topatuko dituen pasadizoekin, preso egon den ororen egia eta batzuk preso egon direla gogoratzen duen ororen egia.
Egietako baten egunerokoa da hau, hegitik egiarako bidean edo…
Ion T. Barrena #2010026261
Ibon Muñoa “Hamaika desio utopiarako”
2018 30 azaroa
.
Hamaika desio utopiarako
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Ataramiñe, 2018
Bertsoak
Hitzaurrea: Leire Narbaiza
Irudiak: Mikel Zarrabe
430 orrialde. 10,5 x 15 cm.
>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk
→ Leire Narbaiza Arizmendi (Eibar, 1968). Hitzaurrea
→ Antxon Narbaiza Azkue (Eibar, 1948). Iruzkina
Leire Narbaiza Arizmendi (Eibar, 1968). BlogariaDesio bakarra biharko
Lagun artean, txantxetan, esaten dugu kartzelan euskal preso guztiak artista bihurtzen direla. Egia da sortzea denbora eta burua betetzeko modu bat dela, eta gomendio hori ematen zaiela kartzelatutakoei, gutxienez, gorputz atal batek askatasunez jardun dezan, libre ibil dadin ziegako hormetatik at.
Lagun handiak izan barik, Ibon kaletik ezagutzen genuenoi harrigarria egin zitzaigun artista bihurtu, eta poesia idazten zuena jakitea. Kultura ekitaldi guztietan publikoan egoten bazen ere, bere karakter erreserbatuak ez zigun halako pistarik ematen. Ez genion poeta itxurarik ikusten, poetek itxura jakin bat edukiko balute lez!
Dena dela, begitazio hori erabat apurtu zitzaidan bere gutun konkretu bat ailegatu zitzaidanean, gure aita hil eta idatzi zidana doluminak emateko. Eder-ederra izan zen, delikatua, goxoa eta karinoz betea. Hor ikusi nuen Ibonen alde sentsible eta poetiko hori. Oraindik ez diot behar den bezala eskerrak eman idatzitakoagatik. Izan bedi aitzin-solas hau eskertzeko modu txiki bat.
Ibon kalean balego, blogaria litzateke. Blogari berezia, halere, bertsoz eta poesiaz ematen duelako egunekoak eragiten dion hausnarketa, normalean, hitz lauz jarduten dugulako bloga dugunok. Era berean, ezin dugu ahaztu, unean uneko gaien gainean hausnartzen da webgune batzuetan. Muñoak gauza bera egiten du, ezagutu duen albiste batek, adibidez, zer senti edo pentsarazi dion azaleratzen du. Eguneroko moduko bat dela esan genezake, beti ere hitz neurtuan idatzita.
Askotako gaiak darabiltza, baina hiru nabarmentzen dira: aktualitate sozio-politikoa, natura eta Eibar. Hiru gai, sarri gurutzatu egiten direnak, beti aurrera begira jartzen da Ibon, kritiko, baina esperantzaz blai agertzen dira paperean idatziok, harrigarria hori ere jakinda kartzelan idatzita daudela.
Liburua irakurtzen nenbilela, beste idazle euskaldun bi etorri zaizkit gogora etengabe. Ez estilo aldetik, bai jorratutako gaiengatik. Biak ala biak espetxean egondakoak, baita zein bestea erbestean bizi izandakoak. Baina sasoi bitakoak. Idazle oso desberdinak: Joseba Sarrionandia eta Toribio Etxebarria.
Sarrionandiak kartzelan idatzitako Ni ez naiz hemengoa liburu sailkaezina gogorarazi dit Muñoarenak. Besteak beste, aktualitateak sorrarazitako hausnarketak zurian beltz egiten duelako Sarrionandiak. Gainera, egunerokoa da, eta poesiak ere tartekatzen ditu. Espetxeaz ere badihardu Iurretakoak liburu horretan.
Bestetik, Toribio Etxebarria eibartarraren Ibiltarixanak etorri zait akordura. Erbestean idatzitako liburuaren tematika askotakoa bada ere, garrantzia berezia dute Eibarrek eta naturak. Ahaztu barik, poemak errimatuak direla, Ibonen asko lez. Biak eibartar prestuak, gure herria beti gogoan, atzerrian egon arren.
Sarrionandia eta Toribio (barkatuko didazue gehiegizko konfiantza, baina ia etxekoa dugu askok) ez dira bidelagun makalak edozein irakurketarako. Bietatik edango zuen, seguruenera Muñoak, eta inspirazio iturri bikainak dira edonorendako.
Amaitzeko esan nahi dut izenburua eder-ederra jarri diola Ibonek liburuari: Hamaika desio utopiarako. Hamaika asko direnez, eta utopia inoiz ez delako gauzatzen, nik desio bakarra dut biharko: Muñoak liburua sinatzea aurrez aurre, Eibarko edozein kale-kantoitan. Bihar bertan.
On dagizuela irakurketak!
Leire Narbaiza
→ Antxon Narbaiza Azkue (Eibar, 1948) Idazlea
Hamaika desio utopiarako
Liburu bat, egile bat
Tomas Mororen Utopiako pasartetxo batekin hasiko naiz. Piarres Xarritonen itzulpenak presoei buruz diharduela honela dio: “Ohoinak berak, bortxazko lanetara bidaltzen dituzte. Baina non ez duten beste izigarrikeriarik egin, ez dituzte presondegietan hersten ez katez kargatzen, bakarrik lokarri edo estekagailurik gabe ihardunarazten dituzte auzo-lanetan” (Utopia, 69. orrialdea, beltzak nireak dira)
Horrela utzi dute Ibon, bakarrik auzo lan neketsuan, izan ere, utopia(k) atxiki nahi lituzke edo behintzat arrastoa aurkitu. Eta horrelako jomuga handiak aurreikusteko bakardadea ezin bestekoa izan liteke. Jakina, bakardade hautatua ez berea bezalakoa. Oro har, bakardadeak arrisku bat izan lezake, gizakiak soziala izatera, bestearen hurbiltasuna behar du, bestela gehiegi eragiten omen dio buruari. Horrekin ez dut esan nahi Ibonek, bere intelektoari gehiegi eraginez, zentzuen oreka galduko duenik. Ez, inondik ere. Gainera gauza eder bat badauka gure mutilak, esperantza, laster bere ataka zabaldu egingo dela. Horra bere lehen utopia betetzear. Ez du gainera, gauza material gehiegi beharko bere etorkizun hurbilean. Liburuan dioenez: Utopia ez da ilusio bat baizik kontzientzia eta praktika, zentzuz murriztea kontsumismoa (kontsumoa), auzolan jatorra barreiatzea. (271. orrialdea).
Ibonekin ez dut asko hitz egin. Orainaldia erabiltzen dut, oraina iraganaldia baino askoz hobea delakoan, hastear dagoen denbora ere orainekoa baitugu. Gutxitan egin izan dut berba Ibonekin. Mutil isil, barnerakoitzat daukat. Orduan épokan, utopia, letra larriz idazten zen, gaur egun, letra ttipiz. Baina zertzelada horrek ez gintuzke lehenengoa garrantzia handiagokotzat jotzera eraman behar. Gogoan dut, garai hartan Ibonek Nafarroako erresuma zeukala buruan, besteak beste, euskal nortasunaren lehenengo gauzatze instituzionaltzat joaz. Baina Nafarroa oso euskalduna izan bazen ere bere hastapenetan alderdi etnikotik begiratuz, behintzat, laster endekatu zen, nahastu egin zen okerrerako, Europako monarkien interesengatik. Bigarren Nafarroa hau ez zitzaigun gustatzen. Euskal Herri euskaldun utopiko hartatik gainbehera handia etorri zen, gipuzkoarrek, bizkaitarrek, arabarrek, errioxarrek, bakarrik utzi zuten Nafarroa, itsasorako biderik gabe ere, erresuma haren hondamendirako bidea erraztuz.
Egun daukaguna daukagu.
Ibonen gaztaroan basoak ez zigun zuhaitzak ikusten uzten. Egun, agian alderantziz gabiltza, ehunka dira zuhaitzak, ostera, basorako bide zuzena lortzeak urrun dirudi. Txikitik handira joan nahi genuke. Baina ez da erraza. Han-hemenkako zuhaitzok gure eguneroko utopiak dira, behar bada gehiegi dira, ala ez? Gauza da letra ttipiz idatzi eta adierazten direla. Utopia txiki horiek letra larriz idazten den Utopia horretara eroango ote gaituzte?
Agian, ez. Baina merezi izango du beraiei lotzea, Ibonek bere bertso liburuan egiten duen antzera.
BERTSOEN HARITIK
Ibonen bertsoak narratiboak dira, lekukotza eman nahi dute. Ez ditugu guztiak aipatuko baina lagin bati helduko diogu irakurleak zeri heldu izan dezan irakurketari ekin aurretik.
Garbi dago ziegaren bakardadean dagoen notinak bezala, espetxeratuak bere kamara martxan daukan ikuskatzailea dela: dena interesatzen zaio, pertsonak eta egoerak; gizartearen adar guztiak, baina batez ere ahulenak; pertsonak eta justizia gabeko egoerak: emakumeak, sexu zehatz gabeko pertsona sufrituak, langileak, migranteak, etorkinak, oro har, espetxeratuak, iheslariak eta, noski euren ideiengatik preso daudenak. Alkohola eta droga, (batez ere gazteen baitan), arrazismoa, ekologia, euskararen patua, gay-lesbianen patua, haurren egoera munduan, injustizia, oro har munduan, kontsumismoa, kutsadura, prostituzioa…, landutako beste gai batzuk dira. Munduko gatazka oro, egun diren minoria etnikoen alde, eta, oro har, herri zapalduak gogoratuz (Palestina, Myamar…). Izenetan ezin falta Lauaxeta euskal poeta ahantzezina. Beste maila batean euskal politikariak eta gure egungo asintoniak agertuko dira (Urkullu, Artolazabal…), Catalunyako prozesa, Nafarroako eskuina. Ez dira gutxi, bestalde, pertsona ospetsuak bertsoen ehunean ageri. Lagin legez, hor ditugu: Gladys del Estal, Rosa Parks, Che Guevara, edota etxekoak, Jose Antonio Alberdi, Goma ezaguna…Animaliak ere ez ditu egileak baztertzen: Camile hartza, Pantxika astoa…
Narrazio batzuk kronikak dira hasieratik amaieraraino, adibidez, migrazioaz ari diren ondoko hauek: Igoumenitsa. Mikel Zuluaga eta Begoña Huarteri (64-65 orrialdeak), hasi eta buka gainera, egileak bertsoei amaiera ematen dielarik, aitorpen batekin: “desobedientzia zinez delako utopiaren hasiera”.
Biziki interesgarria iruditu zaizkigu Akulturazioak ez dezan jan txantxangorria bertsoak “ (208-209 orrialdeak). Euskal gizarteak, euskararen bizi iraupenaz kanpo, bere akulturazioaren arazoari egin beharko dio aurre hainbat arinen. Izan ere, eta horra paradoxa, euskal hiztun asko irabaz dezakegu, baina zer egin dezakete hiztun horiek, gurea den telebistaren utzikeriaren aurrean? Erdarazko ekoizpenak kontsumitu! Inkestek behin eta berriro esaten digute euskaldunok Tele 5 katearen kontsumitzailerik handienak garela Espainia estatuan. Beraz, euskaraz aritzeaz landa, kalitatezko kultura behar dugu, batez ere euskal hiztunok.
Interesgarria, halaber, hurrengo Biktimak ondratzeko euskal memoria bertsoak non amaiera indartsuak ederki biribiltzen duen egilearen ideia nagusia: (…) “historia zuzen idatz dezakegu egiak landatuz gezurrak erauziz, matazak bilduta hariak harilduz ehunduko dugu euskal memoria”1.
Maitearen absentziaz landu dituenak ere, txukunenen artean daude. Adibidez, ezkor ez bizitzeko deituetan, 114-117 orrialdeak, 4. eta 8. bertsoak, gure ustez, oso politto daude burutuak.
Ez dio baina Ibonek errealitate gordinari muzin egiten. Zuzen-zuzenetik jarraitzen du egunerokoa: Samalda (“la Manada” deitoragarria), Eibarko Akebai edota Euskadi-Nafarroako gorabeherak dira etsenplu. Hor ditu, halaber, besteak beste, Alfa enpresaren heriotza geldoari eskainiak (418-421 orrialdeak) edota segidan datozen pentsionistak gogoan idatzitakoak (422-423 orrialdeak). Aipaturiko bi bertso sorta hauek ixten dute hain zuzen, liburua.
Tesi bezala, eta, Ibonen iritziz, bi etsai garbi dituzte gurea moduko herriek, estatuak, maltzur eta makur portatzen baitira herri txikiekin eta, sistema kapitalista. Azken honentzat dira hitzik salatzaileenak: (…) “kapitalismoa ez da oasi bat baizik lapur eta makurren zorua” (37. orrialdea)
Ideien konstanteak
Ia liburuaren hasieran, hirugarren bertso multzoan oker ez banago, bertso egileak bere zelanbaiteko testamendua ematen digu. Xederik behinena, deitzen duen lau bertsotako multzoan bere jomuga nagusiak plazaratzen ditu. Bertan dago triangelu desiratua: Presoa (ohia), Zu. Hots, maite duen pertsona eta, azkenik, toposa, lekua, Eibar (Arrate). Presoaren bizitzaren hasiera eta amaiera. Hortxe datza poetaren esperantza, berak amets duena. Bidaia hori ez du noski bakarrik egin nahi, maitearekin eta herriarekin burutu nahi luke.
Bertsokera
Ibonen diskurtsoa ia erabat narratiboa denez, zelanbait prosa poetikoa deitu ohi dugun alorrean barneratuko genuke: kontatu nahi du, gauza gehienak interesatzen zaizkio baina, errimaren –nolabait esateko– gatibu da, zertzelada horrek, hots, ezinbesteko duen hitz errimatuaren bila ibili beharrak baldintzatu lezake bertso egilearen mezua. Harako klasikoak zioen bezala, errima behartuegiak ez dira errima “osasuntsuak”, ripioak dira.
Bere ideiak erakutsi nahiak ezaugarri batzuk azpimarratzera eraman dezakete hura: aditzen kopurua, adibidez, izugarri handia da: lirikoak ez dira asko bertsook eta, orduan perpausaren beste osagai batzuk agertuko dira, izenak, izenlagunak, eta abar. Oro har, esan liteke, gure herrikideak prosa bertso bilakatua egiten duela. Bertso laburrak, asko eta asko, zortziko txikian eraikiak, 7-6 silabatan, biziagoak dira, agian erakargarriagoak, luzeak ostera, trinkoagoak, nahasiagoak batzuetan. Beste zenbaitetan, berriz, hamarreko handia sumatu dugu. Errima demagun errazak dira, askotan, aditzetatik sortuak: -tu/du, -ta, -tz(e)n, t(z)eko/. Izenak direnean berriz, –na, –tza…amaierak ez dira urri, ezta errima inesiboa ere bakana: – (e)an/(e)tan.
Lexiko aldetik harrigarria da, sinonimia gehiago ez erabiltzea: lilitu, naro, pilpira…, eta beste zenbait hitz errepikatu egiten dira, agian askotxo.
Poetika baten lanabes edo erremintei begira, ikusten dugu, erabili erabiltzen badu ere, hiperbatona presenteagoa behar lukeela. Aliterazioak oso errepikakorra dirudi. Naro(ro) adberbioa, aurreratu dugun legez, adibidez, oso maiz erabiltzen du eta ez da gure uste apalean oso poetikoa: “roro” hori. Lantzean behin, oso lantzean behin naroki irakurriko dugu. Ostera, ongi lortua dirudi adibidez, honako aliterazioak: “kapitalismo gaitza galtzen has gaitezen” (31. orr.)
Elipsia ongi erabiltzea komeni da bestela esaldiaren esanahia zaildu egin lezake. Badira adibideak aski liburuan. Bestalde, aditz trinkoen presentzia bitxia egiten da, batzuentzat ongi etorria, bestetan zalantzazko, oro har gehiegitxo kopuruan: eduki, egin, entzun, esan, ezagutu, ikusi, jarraitu…, beraz, horrelako aditz trinko andana ez da txikia. (behartua bezala batzuetan, inoiz ulergaitz)2. Uste dugu bertso egileak ezustekoa eman behar duela, amaiera azkar eta eufoniko batez.
Hitzen esparruan, berriz, azpimarratuko nuke egilearen ahalegina han-hemenkako hiztegia erabiltzeko. Zinez aberatsa gertatzen da atal hori. Inoiz erabilera eztabaidagarria ondorio bada ere. Adibidez, baita (etxea, babesa), izen soil erabiltzen du behin eta berriro, aurretik inolako posesiborik edo, barneratu gabe. Asko dira etsenpluak. Aurrean posesiborik gabeko erabilera horrekin sentsazio arraroa geratzen zaio irakurleari: 266. orrialdean adibidez, Joxean eta Joxiren erailketaz ari dela eta, bertso egileak honela dio 2. bertsoan: Tolosan zuen alde tink ziren altxatu/ Karnabak urri hartan isilik geratu/ bihotzak zitzaizkigun berriaz urratu/ geroztik zaituztegu baitan ferekatu. Ikus, halaber, 315 orrialdea. Edota beste hauek: (…) “Psikoterapia bikaina ei da estresa baitatik lurrun dakigun” (353) gure baitatik, idatziko genuke, oro har. Edo 384. orrialdean: (…) “Jakin dudanean zuen ataka baitan negargura estekatu zait” perpausean, nire baitan, aiseago irakurriko genuke guk.
Utopiak berriro ere: txikitik handira
Ibonen bertsoak narratiboak, diskurtsiboak dira, bitxia da baina ziegako espazio hertsitik begirada zabala dauka mundura. Begirada ezin diezaioke inork oztopatu, debekatu. Bertatik utopiak identifikatzen hasiko da. Baditu hitz totem batzuk, erreferentzia, batzuk utopia txiki horiekin lotzen ditu: sorterrikoak gehienak, haurtzaro eta gaztaroko sinboloak: Eibar, jaioterria eta, Akondia, Galdaramiño, Kalamua, Untzaga, eta, noski, Arrate, seguru asko, sorlekuaren, eibartarron umetoki sinbolikoa, denon habiaren jatorri eta… amaiera: gurasoei omenaldia; Ibonek bere Xederik behinena esplizitoki titulatzen duen bertso multzoan bere intentzioak laburbiltzen ditu: (…) “askamena Arraten dugu ospatuko, izarren distirekin maitez gozatuko”. Beste erreferentziak, berriz, hasieran aipatu dugun utopia handiarekin harreman estuan daude: Amaiur nafarren gotorlekua, adibidez.
Leotzatik, paisaia, pertsonaiak idealizatzen dira (aipaturiko Che Guevara, euskal borrokalari hilak: Argala, Txomin..,). Idealizatzen dira, halaber, egoerak (gazteriaren konpromisoa, Ake bai, kanpaina, euskaltzaleen erantzunarekin).
Gatazkaren behin betiko amaiera etorriko da: “Amaiurrera gara helduko batera”.
Baina ezin inori ezer leporatu, utopiarik gabe bizitzea ez da erraza, ez da erraza maitatzea, ez da erraza borroka egitea…
Bertso egilearen denborak
Ez dut irudikatu nahi presoa bere esparru txikian, ortziari begira, gerizpean geratzen zaizkion egunak zenbatzen, egutegian, iraungi den eguna ezabatzen harrotasun ez gutxiz. Besteoi, gizarte lehiakor honetan, orainaldia interesatzen zaigun bitartean, Ibonek erlojuaren orratzek markatzen duten norabidea maite du. Egunsentitik ilunabarraren bitartean, gudu txiki bat irabazi diola denborari egiaztatzen du. Horregatik Muñoaren aditz denborek geroa, etorkizuna markatzen dute pozarren, etorkizuna non maitearekin bilduko den leku jakin batean. Etengabea da, izan ere, kartzelatik alde egiteko unearen erreferentzia: euliak ditu aipagai bertso baten, bada beraietako bati diotso: (…) “Euli beltzak esan dit ere goiari eusteko, gutxi gelditzen dela motxila husteko” (338). Diogunaren beste adibide garbia dugu bertso sail bat: “Azken txanpan orain lez zurekin”(312). Liburuaren metonimia lirateke zortzi bertsoak non presoaren esperantza gailurra joko duen: udaberrian kokatzen du haren balizko espetxetiko irteera: “kartzela kide barik uztea lehena, maiteaz bizitzea gozo bigarrena”. Ezinezkoa baita udaberria ziegan dastatzea.
Eta udaberria, gerezi denbora izan ohi da, 1870ko frantses iraultzaileek plazaratu zuten harako temps de cerises kanta ezagun zoragarriaren haritik. Gerezi denbora egokia bada, iraultzarako, maitasunerako eta….espetxetik alde egiteko (Ibon aurreko Udaberrian biziko gara bertso liburuan ere ildo horretatik doa).
Prozesoaren, gatazkaren metafora
Politta da, ehunzangoaren eta barraskiloaren artean egiten duen kontrajarpena. Hau da, ehunzangoa astiro-astiro aurrera doa bere helburuaren bila eta, iritsiko du, seguru. Barraskiloak, berriz, ez du gatazka gaindituko. Eta bertso egileak dio, haren ustezko akatsak azaleratuz: “presarik gabe doa Herioren bila, azkarrago naturan arituko balitz, bizirik gehiago iraungo luke”3. Harako dortoka eta erbiaren alegia klasikoa dakarkigu gogora.
Bertsoen hartzaileak
Bi ditu, besteak beste, hartzaile egileak eta biek, irudikatzen dute behar bada, Ibonen utopia. Lehenengoa txikia, bertsoetan maiz agertzen den izenik gabeko Zu hori, bestea, zuek, gu euskaldunok, egilearen helburuekin identifikatzen diren euskaldunak. “Zu eta zuek nire indarra zarete”. Hor aurkitzen ditu Ibonek bere utopia osoaren, etxearen zutarri ezinbestekoa. X-aren maitasuna eta euskaldunon sostengua. Eta aitortzen du: “zigorra gaintzen ari naiz hangoa naizelako, atzo lez zuen ametsak nireak direlako” (348-349 orrialdeak).
Erratak
Ez dago, alde horretatik, aparteko hanka sartzerik. Alferrik,dena den akatsik gabeko libururik aurkitzea. Horrelakoak konpontzen behin eta berriro saiatu arren, erratak itzuri ezina dirudi. Beti edo ia beti agertzen da iratxo gaiztoren bat akatsen bat sorrarazteko.
Hor ditugu, esaterako, 119. orrialdean, Ama-lurri deika herriaren alde deituriko bertsoen 2. ahapaldian, (…) “garbi diet esango porlan zaleei guk elkartasuna hobeste dugula” hobesten behar luke, jakina. 243. orrialdean, aldiz, Jubilatu den Sumendixako Pantxikari, izenekoan, 7. bertsoan, hirugarren lerroan, “daborren hotsekin oinez”, danborren ordez; bertsoaren izenburuan oraingoan: Miltantzia, militantzia-ren ordez (280. orrialdean), dantuzkit, entzun aditz trinkoaren orainaldia, dantzuzkit-en ordez (297. orrialdea), biziteko irakurtzen ari gara, bizitzeko-ren ordez (309 orrialdea), Montmatre, Montmartre behar duenean (364. orrialdea). 372. orrialdean, Ahed Tamini palestinar nerabeari eskainitako bertsoetan, 1. bertsoan, ondoko lerroan: (…) “Palestina duen zaititu murrua”, zatitu behar duela ematen du. 400.ean, aldiz, Kantarui dirakurgu, Kantauri behar luke, jakina. 411. orrialdean, berriz, diatezke, daiteke-ren ordez.
Liburuaren argitalpenaz
Liburuak behar luke, argitalpen txukunago bat, non indizeaz kanpo, gaiak hobeto bana daitezkeen, tematikaren arabera edo behintzat hurbildu horretara. Adibide bat izan liteke arestian aipatu ditugun Xederik behinena izenburuko bertsoak. Hasieran ematen zaizkigu; gure ustez, geroago egokiago kokatuko lirateke.
Laburbilduz, Ibon Muñoa bere bizitzaren gazi-gazak plazaratzeaz kanpo, kronikagile bezala zehaztasunez betetako lana egin du. Horregatik, pentsatzen dugu bere pentsamendua hitz lauz emango baligu bere diskurtsoak ez lukeela ezer galduko; aitzitik, berak lantzen dituen gaien arabera, eduki gehienek hobeto adieraziko lukete egileak berak nahi duena. Maiz ez baita nola helarazten den mezua baizik eta zer adierazi nahi den. Auto estimu kontua ere izan liteke, alegia, idazleak bere burua, prosa arrunta erabiliz, paradoxa bada ere, biluzi egin beharko lukeelakoan.
1 Nahiz eta hemen ere agian agertu ohi den elipsiren baten erabilerak esanahia ilundu lezakeen. 1. bertsoan: (…) “herrian dezagun arnasa baretu ariman dakigun lili atsegina”
2 Adibidez, egin aditzaren iragan forma, pluraleko 1. pertsona, erabiltzean: “lan genegien” (128. orrialdean); Iluna beste zenbaitetan: ez da oso ulergarria, adibidez, Gure desira urriak 1 ospatzea bertso multzoan, 3. ahapaldian, (…) “jakobinoek, ordea, diotez akastunak” (203. orrialdea). Halaber, 256. orrialdean, Kartzelan ez dago zerurik bertso multzoan, lehen ahapaldian, “euren telebisten zarata dantzut, iruzkin lizunak ozen diotez”, aditz trinko hau errata ote da, ala dituzte esan nahi da?
3 Eta eibartarrok Gabonetan, batez be, irentsiko ez bagenitu (Mario Lizarralde eibartarrak hamabi dozenatik gora jan ei zittuan jarrialdi baten!).
Joseba Erostegi Bidaguren “Txori mezulariak”
2018 30 azaroa

Txori mezulariak
Joseba Erostegi Bidaguren ‘Eltzikorta’
Ataramiñe, 2018
Haur literatura
Irudiak: Lorea Erostegi Fernandez
32 orrialde. 21 x 15 cm.
>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk
Txori Mezularirik ezagutzen duzu?
Badakizu mezuak nola eta norentzat bidaltzen dituzten?
Esku artean duzun ipuina, hain zuzen, mezu elkartruke batetik jaio da. Espetxean dagoen osabaren eta kalean dagoen ilobaren arteko mezuek mimo handiz eraiki dute kontakizuna. Kasu honetan, espetxearen errealitatea, bere zerumuga urratzen duen burdin elorri arantzez josia, gainditu du txori mezularien hegaldi txikiak.
Izaera kolektiboa duen edozein keinu debekatua dagoen eremu batean, lau eskutara eraikitako ipuinak badu zentzu bat. Orriotan azaltzen den Okilak bezala, kolpe txiki etengabez, sortu da arrakala osaba inguratzen duen paretan, bertatik igorri dira afektuzko hitz eta kolore biziko sentimenduak.
Baina, non bizi dira Txori Mezulariak? Zer dio garraiatzen duten mezuak?
Galdera hauen erantzunak eta gauza gehiago aurkituko dituzu ipuin honetan.
Txori mezulariak ipuinaren zenbait informazio zu zeuk, irakurle, osatu beharko dituzu: lekuen eta protagonisten izenak. Horrela, liburua irakurtzerakoan, gogoan izango dituzu zuk nahi dituzun txoko eta pertsona horiek eta, agian, gertakari berriak asmatzeko gogoa ere bai!
Ataramiñe
“AMAREN ETXEA” Euskal preso politikoen senideen historia bat
2018 23 azaroa

AMAREN ETXEA. Euskal preso politikoen senideen historia bat
Jokin Urain
Astero 2018
Senideen ahotsak jasotzen ditu liburu honek. Bizitzan ibilbide ezberdinak izan arren patu berberak batzen dituen gizonezko eta emakumezkoak, gazte eta nerabeak, heldu edo adintsuak dira ahostunak: maite kuttunen bat dute espetxean, etxetik ehunka kilometrora, eta senideak eta lagunak ere zigortzen dituen sakabanaketa eta urrutiratzearen espetxe politika krudelaren biktima bilakatzen ditu horrek.
→ naiz.eus: ‘Amaren etxea’, testimonio del dolor y del amor de los familiares de presos
→ naiz.eus: [BIDEOA] Presentación del libro ‘Amaren etxea’
→ 7K aldizkaria: «AMAREN ETXEA», KARTZELAREN ITZAL LUZEA
“Urkamendira bideko erreportaia”, Julius Fucik
2018 7 iraila

Urkamendira bideko erreportaia
Julius Fucik
euskaratzailea: Elena Ituarte
Txalaparta, 1988
Liburua osorik. ekarriak.armiarma.eus → Urkamendira bideko erreportaia
Julius Fucik-en Urkamendira bideko erreportaia
Berlingo Plötzensee espetxean urkatu zuten 1943ko irailaren 8an, duela 75 urte, Julius Fucik kazetari, idazle eta militantea. Txekoslovakiako Alderdi Komunistako kide sorreratik, kazetari lanak uztartu zizkion militantzia lanari. Eta naziek Praga okupatuz geroztik, erresistentzia lanari. 1942ko apirilean atxilotu zuten, luzaz torturatu Pragako Prankrac kartzelan, eta 1943ko udan Berlinen epaitu eta heriotzara zigortu zuten. Atxiloaldiko 13 hilabeteetan Urkamendira bideko erreportaia izenburuko diarioa idatzi zuen, atxiloaldi eta torturen kronika gordin eta latza, haren alargunak eskuratu eta 1947an argitaratua. Elena Ituartek euskaratua, Txalaparta argitaletxeak kaleratu zuen 1988an, orain osorik eskaintzen dizueguna.
Inongo lekuak, Joseba Sarrionandia
2018 10 uztaila

Herrijeri Eman Arnasa (HEA) elkarteak argitara eman du Lurra sustraietatik orri liburua Zaldiarri bildumako 9 zenbakiarekin.
Aurten, Lurra sustraietatik orri lelopean, uztailaren 13tik 15era egingo dira Eako Poesia Egunak
49 idazleren poema eta Erramun Landaren grabatu bilduma jasotzen duen liburua osorik PDF formatuan eskuratu daiteke sarean.
Liburuxka bera paperean salgai izango da egunotan Ean, Erramunen grabatuak koloretan inprimatua.
Inongo lekuak
Geratu egiten gara ala joan.
Halaere, geratzen garenean ez gara
apur bat joaten?
Eta joaten garenean ez gara
geratu egiten?Hemen, geratu eta joan egiten gara?
Ala honuntz gatoz oraindik?
Eta hara ailegatzean, hona itzultzeko
ala harantzago abiatzeko da?Handik etortzean, han geratu ginen?
Hemen geratzean
hemen geratzen gara? Hemendik joaterakoan
hara itzuliko gara?Joatea itzultzea da beti? Egundo egon
gabeko lekura itzuliko gara?
Eta itzultzea harantzago joatea
besterik ez bada?Geratzen denak betirako geratzen dela
pentsa dezake?
Ezinbestekoa da abiatzea eta
ailegatu ezinean geratzea?Abiatzen dena ez da egundo inon
geratuko?
Ala itzuliko da? Baina, itzultzen dena
abiatu zen lekura itzultzen da ala?Joseba Sarrionandia (1995)
[Ortzadar] Sormena ihesbide
2018 27 urtarrila
Sormena ihesbide
Urtero legez, hainbat euskal presoren sorkuntza lanak argitaratu ditu Ataramiñe argitaletxeak. Urtekariaz gain, bi liburu eta haurrentzako ilustrazio liburu batek osatzen dute 2017ko bilduma
JULENE LARRAÑAGA
Euskal preso politikoen sorkuntza lanak argitara-tzen ditu urtero Ataramiñe argitaletxeak. 2002an kaleratu zen lehen uzta, eta geroztik urtero hutsik egin gabe atera dute argitara barrote artean onduriko literatura. Agurtu berri dugun 2017an lau liburu berri plazaratu dira: 2017ko Ataramiñe urtekaria, 12 preso politikoren lanekin;Jexuxmari Zalakainen Errezel berdeak memoria eta hausnarketa liburua;Ibon Muñoaren Udaberrian biziko gara kronika lana;eta, azkenik, Xabier Ugartek idatzi eta Kepa Etxeberriak ilustratutako Axelko eta Otsoko bertsotan haurrentzako ipuina.
Ataramiñeren helburua presoen egoera “modu ezberdin” batean azaleratzea da, Oier Gonzalez Ataramiñe elkarteko kideak dioenez. “Lan horien bitartez, espetxearen ertzak mahaigaineratzen dira, betiere sor-tzaile-presoaren ikuspegitik”. Espetxeko sorkuntza “betidanik” egon dela dio Gonzalezek: “Euskal literaturako zenbait klasiko espetxean idatziak izan dira, hala nola Bernat Etxepareren Kantuia (1545), Joan Amenduxek Tafallako espetxean idatzitako Hemen natza ehortzirik (1564) edo Martin Larralde Bordaxurik 1816ean idatzitako Galerianoaren kantua. Euskal Herriko literatur historia, nolabait, barrote artean ere idatzi da”, dio. Gure garaietara ekarrita, Joseba Sarrionandia, Mikel Antza, Mikel Ibarguren… hamaikatxo dira espetxetik pasa edo espetxean dauden autoreak. Hori dela eta, “Euskal Herrian espetxe literatura literatur genero bat ere badela”, uste du Gonzalezek.
Izan ere, oztopoak oztopo, kartzeletan “asko” idazten dela uste du Gonzalezek: “Espetxeratua etengabe ari da idazten, hain zuzen, asteroko bisitez gain, kanpokoarekin izan dezakeen komunikazio bide bakarra baita idaztea, kasu askotan”.
ELKARLAN KOLEKTIBOA
Ataramiñeren urtekarian biltzen dituzte urtero presoengandik jasotako lanak. Aurtengo alean hamahiru sortzailek hartu dute parte, eta hainbat generotako lanak aurki daitezke bertan: literatura, komikia, ilustrazioak, poesia eta kronika, besteak beste. Gonzalezen iritziz, nabarmentzekoa da urtekaria aurrera ateratzeko martxan jartzen den “elkarlan kolektiboa”, kolektibotasuna zeharo debekatua dagoen espazio batean, espetxean, alegia: “Norbanako ezberdinen arteko elkarlanari esker, espetxeko errealitatea, egunerokotasuna, horrek eragiten dituen egoera afektibo eta emozionalak ikusgarri egiten dira sortzaileen eskutik”.
Emakumeen presentzia beti izaten da gizonena baino baxuagoa Ateramiñeren lanetan, baina neurri batean beti daude presente. Urtekariaren kasuan, bereziki azpimarra-tzekoak dira Itziar Morenoren, Itziar Plazaren edo berriki espetxetik atera den Ekhiñe Eizagirren lanak. Bildumaren azala Itziar Morenoren marrazki bat da, gainera.
Kartzelan pasatutako zortzi urteetan, hainbat lan argitaratu zituen Jexux Mari Zalakainek: Kartzelako kronikak, Njat el Hachmiren Azken patriarka eleberriaren itzulpena eta Josep Plaren Kale estua liburuaren itzulpena, hain zuzen. Ataramiñeren bidez plazaratu duen azken lana da Errezel berdeak. Zalakainek bere bizitzaren nondik norakoak jaso ditu memoria eta hausnarketa liburu honetan, baina kuriosoa da, Gonzalezek nabarmendu duenez, hirugarren pertsonan egiten duela. “Narra-tzailearen rola hartu eta kanpotik bezala arakatzen du bera izandako horren barruko bizitzan. Kartzelako pasarteak ere tartekatzen ditu, irakurleari narratzaileak duen bizilekua erakusten dio, bizitzak nora eraman duen, eta amaitzeko, kalera irten eta bi urtera egindako hausnarketa gehitu dio kontakizunari”.
Ibon Muñoaren Udaberrian biziko gara da aurtengo Ataramiñeren uztaren beste lanetako bat. Muñoaren kasuan, espetxean idazten duen laugarren liburua da. Bertsotan antola-tzen ditu bere oroitzapenak Muñoak, ametsak, gogoak eta hausnarketak, bere buruarekin zein ingurukoekin komunikatu eta bat egiteko.
Xabier Ugartek idatzi eta Kepa Etxeberriak ilustratutako Axelko eta Otsoko bertsotan haurrentzako ipuina ere nobedadeen artean dago. Azeriaren eta otsoaren ipuin herrikoia du oinarri lan honek, eta irudia eta bertsoa uztartzen ditu. “Laguntasunaren balioa mahai gainean jarri nahi du ipuinak, ezberdinen arteko elkar ulertzearen garrantzia azpimarratuz”, azaldu du Gonzalezek.
DESAGERTZEKO SORTUA
Ataramiñe ez da ohiko argitaletxe bat, eta hori argi utzi du Gonzalezek: “Ez daukagu publiko konkretu batengana iristeko helbururik. Gure helburua, espetxean dauden sortzaileen lanak kaleratzea da;errealitate errepresibo zehatz bati ikusgarritasuna ematea”. Gainera, argitaletxeak ez du euskal presoen lanen ghetto bat bilakatu nahi. “Urtekariaz aparte argitaratzen ditugun lanei lehendabizi ohiko argitaletxetan plazaratzeko aukera ematen diegu”, eman du jakitera elkarteko kideak. Bide luzea egina du Ataramiñek presoen literatur sorkuntzaren zabalkundean, baina Gonzalezek gogora ekarri du euren bokazioa zein den: “Desagertzeko sortu zen Ataramiñe, eta, lehenbailehen bada, askoz hobe”.
Hamahiru ate (1985)
2018 18 urtarrila
Hamairu ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia
Mitxel Sarasketa
erdal umore beltza
Elkar, 1985
→ archive.org: Hamahiru Ate.PDF
→ armiarma.eus: Hamahiru Ate.html
→ literatur emailuak: Hamahiru ate, 13 ipuin beltz
Umorea, Paul Valery poetak esaten zuenez, ez da hitz zehatza. Horrela hasten da Hamahiru ate, 1985an Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak aukeratu eta euskarari ekarritako ipuin liburuko Atearteko aurkezpena.
“Umorerik egiazkoena beltza” dela aitortzen dute itzultzaileek. “Umore beltzean irribarrez gainera badago mistizismo bat, baina ez mistizismo dultze eta zerutiar bat, umoristak izatez infernutiarrak baitira”.
Hamahiru autore arrotz ekarri zituzten orduan euskaraz: Amborse Bierce, Hector Hugh Munro Saki, Francis Picabia, Franz Kafka, Sakutaro Jaguiwara, Anibal Machado, Max Aub, Leonara Carrington, Virgilio Piñera, Kostas Axelos, Gabriel Garcia Marquez, Pere Calders eta Gonzalo Suarez. Hamahiru ate liburua osorik jarri dugu sarean, (H)ilbeltzaren karietara.
→ armiarma.eus: HAMA(h)IRU ATE Joseba Sarrionandiaren 2018ko epilogoa [(H)ilbeltza 2018]
→ armiarma.eus: HAMA(h)IRU ATE. Atearteko aurkezpena
« Mezu berriagoak — Mezu zaharragoak »ATEARTEKO AURKEZPENA
Umorea, Paul Valery poetak esaten zuenez, ez da hitz zehatza. Aitzitik, hitz egokia da, umorea, gusto eta koloreetaz eztabaidatzeko eta, gainera, esaldi umoretsu berri bakoitzak emendatzen du betiere bere zentzua. Horrela, azken finean, umoreak eman nahi zaion zentzua du. Zentzundunen mediokritatea eta erotasunaren galbidea ukatzen dituenak bide guti baditu, umorea da horietariko bat. Ez dakit nork esan zuen, baina egia da, umorea desesperatuaren gortesia dela.
Horregatik, umorerik egiazkoena beltza da. Umore beltzean irribarreaz gainera badago mistizismo bat, baina ez mistizismo dultze eta zerutiar bat, umoristak izatez infernutiarrak baitira. Alfonso Rodriguez Castelao galegoaren O Ollo de Vidro liburuaren hastapenean Mark Twain amerikarraren aipu bat dator: “Humorismoaren azpitik beti ageri da oinaze handi bat; horregatik ez da humoristarik zeruan (Koldo Izagirreren edizioa: Castelao, Kristalezko Begia, Kriselu, 1976)”. Infernuaren ideia honetaz nahiko interesgarria da, bilduma honetan, Virgilio Piñera kubanoaren ipuin bat, hain zuzen ere «Infernua» deritzana: Infernua, azken finean, ohitura maite bat bihurtzen da.
Euskarazko literaturan, eta gure umore beltzaren eskasian, Jon Mirandek eman izan ditu ipuinik politenak. Humore Beltzaren Adibideak izenarekin argitaratu izan direnetan (Patri Urkizuren edizioan: Jon Mirande, Gauaz Parke Batean, Elkar, 1984) batzuk itzulpenak dira dudarik gabe, baina baliteke haien artean orijinalak ere egotea. Masokistaren eta sadikoaren arteko solas ezaguna eskuetan zabalik duzun liburuan ere agertzen da, hamargarren atean, Kostas Axelos izenaren pean, baina ez batarena ez bestearena ez ote den gaude, hau da, inorena ez ote den, guziena dela alegia. Ipuin tipi horietaz aparte, Jon Miranderi bere ipuin luzeagoetan ere umore beltza dario. Eta poemaren batzuetan ere bai, Clementine delako doinuaz abestu beharreko Kattalin horretan esate baterako.
Baina ez gara euskal autoreak aurkezten ari, hamahiru autore arrotz baizik. Hauk dira: Ambrose Bierce, 1842 urtean sortu eta 1913an desagertu zen Ifar Ameriketako idazlea; Hector Hugh Munro, Saki, 1870 eta 1916 artean bizi izan zen kazetari eta ipuin egile britanikoa; Francis Picabia, 1878-1953, surrealista ezaguna; Franz Kafka, are ezagunagoa, bost ipuin laburrekin agertzen da hemen; Sakutaro Jaguiwara, 1886 eta 1942 artean bizi izan zen japoniar idazlea, testu bakar batekin dago; Anibal Machado brasildarra ere, 1894-1964, nahiko ezezaguna, ipuin batekin azaltzen da; Max Aub dator gero, 1903 eta 1972 artean bizi izan zen idazle errepublikanoa, Mexiko aldean erbestean zegoelarik izkiriaturiko gauzekin: Leonora Carrington, 1917 urtean sortua eta Le Cornet Acoustique deritzan nobela harrigarri baten autorea; Virgilio Piñera bederatzigarrena da; hurrengoa Kostas Axelos, 1924 urtean jaiotako pentsalari grekoa; eta Gabriel Garcia Marquez dator gero, ezagunegia, izenez behintzat; azken aurrekoa Pere Calders da, katalana, ipuin egile miresgarria; eta azkena Gonzalo Suarez, asturianoa, zine egile eta idazlea. Hizkuntza desberdinetarik itzuli ditugu, batzuetan autore bakoitzaren obra orijinalean oinarriturik, bestetan bigarren eskuko itzulpenean fidaturik, hau da Sakutaro Jaquiwara, Franz Kafka eta besteren baten kasua. Gainera, beste hizkuntzatan eginiko bildumak izan ditugu haintzat, eta hauen artean ezin dugu aipatu gabe utzi, umore beltzeko bildumetan klasikoa eta eredua delako, Andre Breton surrealistarena.
Gure bilduma hau, dena dela, ez dugu moldatu eredu bat segiturik, ezta kriterio zehatzekin. Posible da hemengo gauzaren bat edo beste umoretsu ez izatea ere; kasu horietan, hasieran esan bezala, umorearen zentzua emendatzea da proposatzen zaizuna. Beltza, ordea, liburu honetan bilduriko ipuinak beti dira beltzak. Beltzak, inprentako tinta legez. Edo Deabruak dituen bi orinak bezain beltzak, bata ezpainen alboan eta bestea zeuk asma zenezakeen lekuan baititu.
Baina ateartean sekretu kondari luzatu baino hobe aterik ate sartzea.






































































































