417 orrialde Kordoba bidean

2014, uztaila 12


Aurkezpenaren argazki gehiago: hemen

Untzaga plazan EUSKAL PRESO TA IHESLARIAK EUSKAL HERRIRA pankartaren inguruan bildu ginen Eibarren Kulturgunean Ibon Muñoaren Ainarak herrira itzuliko dira liburu berria aurkeztu aurretik.

Ixidrok gidatu zuen aurkezpena. Ibonen oraingo egoera ere aipatu zuen. 2000. urtetik espetxean, martxoan Puerto Ietik Kordobara aldatu eta espetxe berrira egokitu behar. Aurreko astean Ibon bisitatzen izan zen, eta haren irudia ekarri zigun: gure betiko Ibon. Aldarrikapenak ere ekarri zituen. Bertan geunden guztion gogoa: Ibon eta euskal preso politiko guztiak laster etxean ikustea.

Ibonen hitzak, Iraiak irakurri zituen:

“Eskerrik asko nik idatzitako bertso eta olerki batzuekin, Ataramiñek argitaratu duen Ainarak herrira itzuliko dira liburuaren aurkezpenera etortzeagatik. Sarritan esaten da idazle bat irakurlerik gabe ez dela ezer. Ni ez nago ados; azken finean idazle horrek, denobra ongi aprobetxatzeaz gain, bere irudimena lantzen ari denbitartean edozein egilek senti dezakeen zirrara senti dezakeelako, asmatzen dituen ipuinak, eleberriak edo olerkiak, euren barnean duten magiarekin liluratuta geratzen denean.

Ni ez naiz idazle bat baina zorionez irakurle gutxi batzuk ditut. Egia esanda euren elkartasunari esker, halabeharrez dira neure irakurleak ere, eta nik horrela adierazten diet nire esker ona.

Idazle bat ez naizen arren edozein idazlek senti lezakeen zirrara sentitzen dut konturatzen naizenean bertsoak edo olerkiak berak erabakitzen duela, nola garatu behar dudan buruak ekarri didan ideia. Horixe da magia.

Eta magia horrek kartzelaldia gainditzen laguntzen didalako idazten dut zuentzat astero bertso edo olerkiren bat. Horrela jarraitu nahi nuke. Horrela aprobetxatu nahi nuke kartzelaldiak eskaintzen didan denbora. Euskaraz idazten euskararen corpusa sendotzeko, neure ahalmen txikiaren arabera. Euskaraz idazten, euskalduna sentitzen naizelako deserrian. Horrela, gainerako kideak bezala idazten, ikasten eskulanak egiten edo zuekin gutunen bitartez harremanetan jartzen, eta Euskal Preso Politiko izanik, neure aleak eskaintzen ditut, gure jendarteari esateko:

Gure nahia,
gatazka Demokratizatzea dela.
Euskal Herria maite dugulako,
garai berriaren alde lanean ari garela.
Zuekin biltzeko ahaleginak egiten ari garela,
Gure HERRIA izan dadin, Giza Eskubideen lurralde miragarria.
Eskerrik asko etortzeagatik.
Maite zaituztet.
Laster arte

Mitxelek Ibonek eskuz idatzitako koaderno bat ekarri zuen liburu bat zelan osatzen den erakusteko. Ibonen izkribuen ibilbidea jarraitu eta Ataramiñe ekimen kolektibo modura azaldu zuen. Ibonek idazten jarraituko duela eta hurrengo liburuaren aurkezpenerako Ibon bera bertan izatea espero duela esan zuen amaitzeko.

Jonek hitz mamitsuak izan zituen Ibonen liburua deskribatu eta kartzelan idaztearen zentzua azaltzeko. Idaztea komunikazioa dela esan zuen, eta Ibonentzat bizitzeko heldulekua ere badela, kartzelan bakoitzak bere heldulekua behar duenez, eta beste batzuek ikasketak, kirolak, esku lanak edo hobekien egokitzen zaionari heltzen dioten modura, Ibonentzat idaztea kartzelaldia eroateko ere balio diola. Liburua irakurrita liburu politikoa dela azaldu zuen, haren bertsoetan Euskal Herriaren jarraipen estua ikusten dela, eta irakurtzean oroitzapenetik ekarri dizkiola ia ahaztuta zeuzkan hainbat kontu. Idazteak motibazioa ere ematen diola presoari, eta idatzietan ikusten zaion kemena idazteak berak ere ematen duela. Irakurtzea ere merezi duela esan zuen, baina ez dagoela zertan nobela bat bezala irakurri: bertsoak dira, ohe ondoan eduki eta gaur bat, hurrengoan bestea, Ibonen mundutik barrena ibil gaitezkeela, sentimenduz jositako liburua dela.

Amaitzeko guztion artean liburuak dakartzan Txango bat Eibar ingurutik bertsoak kantatu genituen Itziarren semea doinuarekin.

Etxekoak, lagunak, eibartarrak, espetxean izandakoak, betiko borrokalariak, gazteak… denak Ibonen inguruan bilduta, elkartasun sentimenduarekin. Zerbait jan, zerbait edan, besarkadak, goraintziak, errekaduak… dena jaso eta Eibarko kaleetan kontu kontari itzuli ginen, liburua besapean, udako beroan, Ibonek aipatutako magia horretaz kutsaturik, 417 orrialdeko bidea aurrean.

Liburua 10 eurotan salgai dago: Eibarren BELEKO tabernan.
Internet bidez Ataramiñe webgune honen bitartez eros daiteke.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Iruzkinak