[berria.eus] Hitzak ihes egiteko tresna direnean

2018, 11 abendua

→ berria.eus: Hitzak ihes egiteko tresna direnean

Hitzak ihes egiteko tresna direnean

Oier Goitia, Joseba Erostegi eta Ibon Muñoa presoek espetxean idatzitako hiru lan argitaratu ditu Ataramiñe argitaletxeak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ataramiñe desagertzeko sortu zela, eta liburu gehiago argitaratzeko beharrik ez dagoen garaia noiz iritsiko zain jarraitzen dutela. Horixe azaldu du Oier Gonzalez argitaletxeko kideak. «Euskal preso politikoen sorkuntza lanak inoiz gehiago plazaratu beharko ez dugun une horri begira gaude, horrek esan nahi izango baitu presoak kalean gurekin batera sortzen ari direla». 2002. urtetik dihardu Ataramiñe argitaletxeak martxan, eta urtero euskal presoen hainbat sorkuntza argitaratzen dituzte. «Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kronika afektiboa egin liteke, sortu ginenetik hona, argitaratu ditugun lanen bidez». Hiru lan aurkeztu dituzte aurtengoan: Lorea Erostegik preso dagoen Joseba Erostegi osabarekin batera ondu du Txori mezulariak haurrentzako ipuina; Oier Goitia gernikarrak Egia baten egunerokoa olerki bilduma sortu du; eta, Ibon Muñoak, berriz, Hamaika desio utopiarako bertso-olerki bilduma.

Ataramiñeren sustatzaile izan zen Jon Etxeandia (Bilbo, 1962-2010) ekarri du gogora Gonzalezek. Haren hitzetan, hemezortzi urte egin zituen Espainiako espetxeetan preso Etxeandiak, eta «atxilotzean torturatzaileetako batek esan zion: ‘Desegin dugu ergelkerien zure koaderno hori’». Gutxira sortu zuten argitaletxea. «Ataramiñe bilduma sortzea erantzun bat izan zen». Espetxeetan bizirik irauteko tresna da sorkuntza, argitaletxeko kidearen esanetan. «Sortzea bizirik irauteko bitartekoa da kartzelan. Ziegaren helburua da presoa bere ingurunetik bakartzea, eta, sorkuntzaren bitartez, bakartze hori hautsi, eta espetxetik kanpokoarekin harremanetan jartzen da presoa. Eremu gris horri kolorea ematen dio, nolabait».

Elkarlanean egiten dute lan argitaletxean, eta hala garatu dituzte aurtengo hiru liburuak ere. «Ataramiñe ez da posible elkarlanik gabe eta lan kolektiborik gabe». Egileen ziegetatik argitaletxearen eskuetara heltzeko beharrezkoa den laguntza azpimarratu du Gonzalezek.

Elkarlanean landutakoak

Ion Telleria kazetariak Oier Goitia Gernikako presoa lagundu du Egia baten egunerokoa olerki bildumaren sorkuntzan. «Espetxetik ihes egiten duten burutazioak dira Oierrenak». Ziega partekatu zuten Telleriak eta Goitiak, eta harreman horretatik abiatu dute elkarlana. «Oierrek [Goitiak] ohitura du, egunero, olerki solteen bidez, egun horretan bizitakoak idatzita uzteko. Lan solte horiek eman zizkidan niri, eta ikusi genuen hari bat bazutela bere sorkuntzek. Egunerokoa da, eta egia bat du oinarrian: preso dagoenaren egia edo sentipenak dituzte olerki guztiek oinarrian».

Gutunen eta deien bidez ondu dute liburua. «Baldintza zailak dira halako lanak egiteko», Telleriak azaldu duenez. Gaineratu duenez, orotariko gaiak landu ditu Goitiak olerkietan: «Gutun kopuruan kontatzen den bikote harreman bat, espetxe barruko elkarbizitza, kartzelan osaba nola izan den… Irakurtzeaz gain, entzun eta ikusi egiten diren poemak direla esango nuke». Iker Moreno preso ohiaren ilustrazioekin osatu dute liburua.

Preso duen Joseba Erostegi osabarekin elkarlanean landu du Lorea Erostegik, berriz, haurrentzako ipuina. Hasiera batean, «etxekoen artean» geratzeko sortu zuten Txori mezulariak ipuina, baina Ataramiñe argitaletxearekin kaleratzea adostu zuten azkenerako. «Gure txori mezulariak telefono deiak izan dira, horien bidez egin dugu lan, eta asko gozatu dugu. Osabak nahi zuen ume bakoitza bere liburuaren protagonista izatea, eta liburu interaktiboa sortu dugu horregatik». Hutsuneak ditu liburuak, eta protagonistaren izena zein kokalekua irakurleak berak jarri behar dizkio istorioari.

Kalekoarekin harremana

Hamaika desio utopiarako bertso-olerki bilduma sortu du Ibon Muñoak. «Bosgarren lana du Muñoak. Egunerokoa da sortu duen azken hau, eta gaur egungo gaiak lantzen ditu. Kartzelan dagoena eta kalean dagoena etengabe konektatzeko saiakera nabari da liburuan». Nazioarteko gertakariak eta bere sorterri den Eibarko eguneroko gaiak landu ditu, besteak beste, Muñoak bere lanean. Leire Narbaiza blogariak egin dio hitzaurrea, eta, orotara, ordena kronologikoari jarraitzen dioten 141 olerki bildu ditu.

Argitaratzen dituzten lanak zabaltzeko zailtasunak aipatu ditu Gonzalezek. «Gurea ez da ohiko argitaletxea, eta zailtasunak ditugu herritarrengana iristeko, ahoz aho eta eskuz esku ez bada». Donostiako Hontza liburu dendan eta Elkar dendetan jarri dituzte salgai lanok, eta, jakinarazi du euskal presoak dauden bitartean, haien sorkuntzak kaleratzen jarraituko duela Ataramiñek.

Share

Iruzkinak