“A ambos lados del muro” antzeztuko dute Bilbon maiatzaren 14an

2011 3 maiatza

Bilbon Komite Internazionalistek antolatuta burutuko diren “Munduko preso politiko guztiak askatu!” jardunaldien barruan, Patxi Zamorok idatzitako “A ambos lados del muro” liburuan oinarritutako obra antzeztuko du Movimiento No Out taldeak.

>> noiz : maiatzaren 14an, larunbata. 19:30etan
>> non : Bilborock. Bilbo

Emanaldiak kartzelako azpimundua erakusten digu eta pertsona preso batentzat hainbat gaik duten balioaz mintzatzen zaigu: iragana, oroitzapenak, maitasuna, zigorrak, etorkizuna, elkartasuna, bidegabekeria, oraina, heriotza, askatasuna eta abar. Hori guztia 2×3 metroko zigor gela batean.

Aktore bat eta piano-jotzaile bat arduratuko dira obra eszenaratzeaz. Testua zuzena, garratza, adierazgarria eta dibertigarria da, eta gorputz adierazpen landu baten bidez hainbat tokitara garraiatuko gaitu, haietako bakoitzean gertaera jakin batzuk biziarazteko (batzuk liburuan kontatuak eta beste batzuk ikuskizunaren teatralizaziorako asmatuak). Hori guztia osatzeko, “Bizitza ametsa da” obra klasikoko Segismundoren neurtitzak izanen ditugu, bai eta zuzeneko musika ere, zeinak istorioaz gozaraziko baitigu jazzaren erritmoan (bluesa, soula, ragtimea, eta abar).

LABURPENA

Bere azken ihesa prestatzen ari da; behin betikoa, balioko duena. – “Ez dut hemen hil nahi”-. Aldi honetan bakarrik saiatu beharko du. Beno… bakar-bakarrik ez: “Francesco” bere laguna ondoan du, bere irudimenetik eta “Bizitza ametsa da” dramatik ateratako jazzeko piano-jotzailea. Haren melodiak eta hitzak izanen ditu konplize, bai eta burdin arteko ilargi gatibua ere.

Iheslaria Patxi Zamoro da, F.I.E. S. kategorian sailkatutako lehen presoa. 18 urte eman zituen barrenean, baina lehenbiziko egunetik gogor borrokatu zen horma haien aurka, eta horrek ehunka urteko kondena ekarri zion. Bere hitzetan esanda, “kartzelaren barruan kartzela” jasan behar izan zuen.

“…laster nire azken arnasa emanen dut, baina hau idatzita geldituko da, eta beharbada zuk, hau irakurtzen duzun horrek, nik ezin izan nuen zerbait egin ahalko duzu ziega batean usteltzen diren ahaztu horien alde.” Patxi Zamoro

>> BIDEOA. Jardunaldien iragarkia
>> Informazioa
>> Kartela
>> Kuña.mp3

Share

Poesia emanaldia: Joseba Sarrionandiaren “Gartzelako poemak”

2011 30 apirila

Bilbon Komite Internazionalistek antolatuta burutuko diren “Munduko preso politiko guztiak askatu!” jardunaldien barruan, Joseba Sarrionandiaren “Gartzelako poemak” liburuan oinarritutako POESIA EMANALDIA egingo da.

>> noiz : maiatzaren 12an, osteguna. 19:30etan
>> non : Kalderapeko tabernan. Bilbo

>> BIDEOA. Jardunaldien iragarkia
>> Informazioa
>> Kartela
>> Kuña.mp3

Share

Mentxakaren aitorpena

2011 23 apirila

Mentxakaren aitorpena
Jose Ramon Goikoetxea Ardotxi
Elkar, 2006.

Errealitate nobelatu gisa definitu daiteke liburu hau: 1971n egile eta protagonista atxilotzen dutenean hasten da, eta polizia-etxeko itaunketak irauten duen bitartean garatzen da: batetik, galdeketaren inguruko kontuak agertzen dira (informazioa lortzeko kolpe eta torturak, zer esan eta zer gorde atxilotuak egiten dituen kalkuluak, bere benetako nortasuna ezkutatzeko asmatzen duen estrategia abila…); bestetik, berriz, flash back ugarien bitartez, gainbegiratua ematen die bere bizitzari oro har eta borroka-urteei bereziki.

.

Liburuaren pasarte aukeratuak

Hitzaurrea

Atxiloketa

Oso gazte izan genuen ETAren berri

Martuteneko kartzelan

La Navaleko lapurreta

Txikiarekin, Basauriko ihesa

VI Asanbladan

Piriniotan galduta

Aitorpenaren sinadura

.

Agur, Mentxaka

→ agurmentxaka.info | Ardotxiren lagunen bloga

→ Liburuxka.pdf

Share

Literatura eskola 2011.02.19: kartzela eta literatura

2011 5 apirila

>> Nabarra hilabetekaria 118. zka. | 2011ko martxoa

Literatura Eskola, irakurleen unibertsitate irekia, Donibane Lohitzunen batu zen otsailean, kartzelako literatura irizpide. Kronika moduan argitara ohi ditu Nabarrak eskoletan gertatzen direnak, baina oraingoan gutun itxurarekin ekarri ditu. Bi eskutitz aurkituko dituzu orrialde hauetan, lehena presoak kartzelatik eskolakideei idatzia; bestea, eskolatik presoari eskainia. Kartzelako literaturari buruzko hausnarketa ekarri digu, beraz, Literatura Eskolak, baina baita kartzelako literaturaren adibidea ere.

ESPETXEAN LETRAK JUNTATZEN
Oier Gonzalez Bilbatua

«Seacliffeko ospitalean eman nituen sei asteak, inoiz izango zenik ere uste ez nuen leku hartan, zoramenaren izugarrikeriaren ikusgai laburtu bat izan ziren.
Han igarotako lehen uneetatik jakin nuen ezingo nintzela itzuli nire usuko bizitzara, ezingo nuela ahaztu ikusitakoa. Beste eraikin batzuetan bakartutako jendeek ez zuten izenik, ez  iraganik, ez etorkizunik. Giltzapetutako oraina besterik. Orain lur betierekoa, hortzemugarik gabea».

Janet Paterson Frame idazle zeelanda berritarraren hitzok espetxeratu berritan nik neu sentitua oso ondo islatzen dute. «Baina zer da izugarrikeria hau? Nola liteke hain jendarte garatua omen den honetan, tamainako krudelkeria instituzionalizatua existitzea?». Lehendik ere euskal presoekiko elkartasun taldetan aritua nintzen, espetxea, beraz, ez zen errealitate arrotza niretzat, baina espetxea zer den, zinez, presoak soilik daki.

Kanpoan dagoenak enpatia senti dezake eta enpatiaz jokatu, presoaren hurbilekoek espetxearen ondorioak sufritzen dituzte baina, hala ere, giltzapetuaren pairamena oso esperientzia intimoa da, hain zuzen, norbere intimitatea baita bertan urratzen dena.
Lehen kontaktua are izugarriagoa iruditu zitzaidan, Lyonen espetxeratu baininduten, hau da, Lyon hiriaren erdi-erdian zegoen espetxean.  Sufrimenduaren alimaleko monumentua, hiriko tren geltokiari pega-pega eginda, kaletarren sudurpean.
Gaiaren inguruan nuen ez jakintasunaz jabetuta, lehen bulkada: «hau, min guzti hau, kontatu beharra dago».

Hain justu, edozein sorkuntza lan zer edo zer kontatzeko behar batean oinarritzen dela esan liteke, zerbait adierazteko behar gorrian. Erraietan dugun zera, kanporatu ezean ezinegona lehenik eta itolarria gero sentitzerainokoa. Lyonen argi sumatu nuen, estrainekoz, espetxea inguratzen duten murruek barrutik kanporako baino kanpotik barrurako norabidean betetzen dutela beren funtzioa. Murruok, ihesaldiak ekiditeko baino, barruko izugarrikeriak ezkutatzeko eraikiak direla. Horrela beraz, espetxe barrutik egiten den oihu bakoitza, idatzia barne, murruan arrakala bihur liteke eta berau ez da, askok pentsa lezaketen maneran bertatik ihes egiteko, baino kanpokoari barrukoa erakusteko.

Espetxearen inguruko hamaika liburu, idazki edo sormen lan aurki litezke, azaltzen diren esperientziak bata bestearen oihartzunak dira, elkarren artean mende beteko aldea izan arren irudi bertsuak azaltzen dira sarritan (ausentzia, espazio txikiaren estutasuna, bakardadea…). Baina arestian esan bezala, espetxeak oso maila intimoan urratzen du giltzapean daukana eta hala, luma behin eta berriz hartzen duen presoak zera pentsa dezake: «Espetxeaz beste batzuk idatzi dute baina ez nik».

Janet Paterson aipatu dut hasieran eta itzul gaitezen harengana. Bera ez zuten espetxeratu, ospitalean ingresatu baizik. 50eko hamarkada aldera izaeraren desorekak elektro shock kolpeka osatu zitezkeela uste zen. Janet Patersonen amak alaba logotomia bidez zentzatzea espero zuen, baina buru ebakuntzaren zain zegoela, Janetek ezkutuan idatzitako Lagoon liburuak Zeelanda Berriko literatur sari nagusia, Hubert Church Memorial Prize izenekoa, irabazi eta buru garbiketatik libratu zen.

Idatzitako hitz bakoitzak heriotza mentaletik urrundu zuen, ebakuntzaren (eta amaren erabakiaren!) aurka erlojupeko lasterketan buru garbiketatik libratzeko bide bakarra idaztea zen. Nago, gu geu ere ez ote garen Janeten antzera, heriotza mentaletik libratzeko idazten ari. Bon Bildur-aren aurka erlojupeko lasterketan, geure buruak izuaren katedraleko estoldetan amildu aurretik letrak juntatzen…

Erdu eta tori zuretzat! Gorde itzazu galtzetan!

Oier Gonzalez Bilbatua
Sain Martin de Re espetxetik

GUTUN BAT ZUENTZAT
Testua eta irudiak: Literatura Eskola

Aupa Oier!

Aurrekoan, Donibane Lohitzunen batu ginen, Literatura Eskolaren aitzakian kartzelaz aritu ginen berbetan. Espetxean sortutako liburuak izan genituen esku artean, hizpide. Eta goiza eskaini genion giltzapean sortutako letra eta esperientziei. Goiz atsegina izan zen. Kartzelan egondakoak, kartzeletara bisitan joandakoak eta kartzelaz ezer gutxi dakigun batzuk batu ginen, lagun artean.

Beti egin ohi dugun moduan, hizlariak genituen gonbidatu. Jose Luis Otamendi idazlea batez ere Jokin Urain presoaren sorkuntzaz aritu zitzaigun, espetxean 25 urte bete dituen idazlea da Urain. Hitzaldiaren egunean, 9168 egun preso. Azken 20 urteotan hainbat liburu eder argitaratu ditu, eta den denak aztertu genituen irakaslearekin. Ostean, Mitxel Sarasketa, espetxean 20 urte eta 7 egun emandako lagunak, kartzelan idaztearen esperientziaz mintzo zitzaigun. Anekdotak, egoerak, kontaera politak ekarri zituen hizpidera. Bien solasarekin, eta bertan batu ginenon jakinminarekin, «ba al dago espetxeko literaturarik?» itaunari erantzun politak bilatu genizkion.

Otamendik, Jokin Urainen lehen liburuetatik hasi zuen bere hitzaldia, Izaian, Adlotse, Gatibu sortu nintzen, Errotarria. «25 urte bete ditu Urainek espetxean, eta berak ateratzerik ez badu ere, bere lanek argia ikusi dute; kalean, liburutegietan, etxean». Kartzelan egindako literatura da, bertan egin baita idazle egilea bera ere. Eta lehen liburuetan autofikzioa -orain horrenbeste aipatzen den hori- da nagusi. «Non amaitzen da fikzioa? Non hasten da errealitatea?» galdetzen digu Otamendik, izan be subjektua eta objektua asmatzea ez da erraza. Preso idazlea da Jokin Urain, idazle presoa.

Denbora
Kontzeptu ezberdinak landu genituen solasaldian. Gorrotoa izan zen bat. Testuinguruan ulertu behar dena, espetxeko errealitate gordin eta gogorrean, indarra hartzeko, berean jarraitzeko. Oskolgintza aipatu zigun hizlariak. Ulertu genion, azala gogortzearena. Trikuaren ezpatak, marraskiloaren aterpea, barruan gorde beharra.

Denboraren adierak, lotura berezia dauka espetxearekin. «gure pausuek neurtzen digute denbora, itxaropenarena da, batez ere, gure denbora» irakurri zigun ostera Otamendik. Bezperan espetxetik heldutako gutunaren pasarteak irakurri zizkigun beranduago, isilik entzuten genuen guk. Eta berba bakoitzak oihartzun berezia egiten zuen gau eskolako gela hartan. «Askatasunaren orduan, bat egitera iritsiko dira barruko eta kanpoko denborak». Baietz egiten genuen buruagaz, baietz, bat egingo dutela denborek, pertsonek… eta ametsek.

Ametsa
Ihesarekin batera, behin eta berriro errepikatzen den ideia. Asmoa. Gogoa. Ametsa baita ihesa bera. Amets egitean, askatasuna dastatzen delako edo. Baina, «iratzarri naizenean alde guztietara so egin dut… loaldiaren osteko ikuskizunak, beti ez dira atseginak izaten». Kartzelako literaturaren lege orokorra da hori, amets egin, esnatzean berriz amesgaiztora bihurtzeko.

ametsek egiten dute ihes
presoa esnatzean presoa kartzelan utzita
esnatzea kartzelara itzultzea da
presoak ametsezko errealitatean esnatu nahi du

Ihesaren ametsa, zer esango dizuegu zuoi! Baina kontatze horrek ekarri du haria. Ihes egin gura horrek sortu du amets hori letretara hurbiltzea. Zinezko amets ezin duenak, balizkoa du ihesa. Kontatzea da kontua. Eta kontakizun horrek, arintzen du egoera batetik, eta ematen du egoeraren berri ere bestetik. Irakurtzeko baita kontatua.

«Hitz bakoitza pausu bat da» diosku Otamendik, eta eskutitzak hartzen ditugu horrela hizpide. Egiteko dagoela presoen eskutitzen liburua ere. Beste herri batzuetan eskutitz liburu ederrak argitaratu direla, gurea egiteko dagoela. Kontalari trebeak daudela lau hormen artean, paperari letra gehitu eta kontakizun ederrak egiten dituztenak. Egiteko dugu hori ere.

Fantasia
Mitxel Sarasketak, Urainen azken liburua Ez dago etxean, espetxea eta literaturaren arteko erreferentzia bilakatu dela esanez hasi zuen mintzaldia. Beste erreferentzia handia berriz, Joseba Sarrionandiaren obra da. Eta ametsaren irudia hartu zuen berak ere, «preso baten ametsa iraunkorra da, iritsiko da eguna pentsatuz, amets edo burruka baten barruan; ez da egun batetik bestera zapuzten den esnatzearen irudia».  Eta amets horrek mantentzen du presoa bizirik, gogotsu, egunerokoari heltzeko moduan.

Kartzelako kontakizunak lagun artera ekarri zituen Sarasketak. Espetxe bateko liburutegia, besteko euskalduntze ikastaroak, literaturaz berba egiteko patio orduak, ziegako bakardadea, zomorro bat lagun egin arterainoko egoerak.

Euskal presoek, Mendez Ferrin idazle galegoarekin ere topo egin zuten espetxean. Haren aipu bat eskaini zigun Mitxelek: «fantasia, preso iraultzailearen arma da, bere bakardadean helburu iraultzailearekin bidea kideekin egoteko modua ematen du». Aitortzen digu nola sortu den idazlea isolamendu egoeretan. Eta idazleak bere mundua topatzen du horrela. Gogoan du Sarasketak, Sarrionandiari adarra ere jotzen ziotela preso lagunek, «zure munduan bizi zara!» aurpegiratuz. «Baina ni hemen nago, zuek bezala» erantzuten zien Iurretakoak.

Hor zaudete, oraindik. Zuen mundua geure egiten, testu, idatzi, poema, liburu, kontakizun ezberdinekin. Eta idazten, irakurtzen jarraitzen dugu.

Gutun galduak
Euliek zeldetako ispilu tipiak
                           zikintzen dituzte.
Egunak galtzen ditugu, oskorriak
bere kolore arauak galtzen dituen bezala.
Harresien bestaldean etxe batzu
                         desdefinitzen dira.
Artean, balioen erlatibitateaz ez,
balioen fatalitateaz
                      mintzo gara.
Haizeak bere delirioa arrastatzen du
mundua den eskuizkribu
                 irakurgaitzaren gainean.
Eta gure gutunak ez dira sekula iristen:
Helbideko kaleraino ailegatzean
karteroa, taberna morera sartu, mozkortu
                 eta gutun guziak galtzen ditu.

Joseba Sarrionandia, Gartzelako poemak (Susa, 1992)

SAIOAREN FITXA
Lekua: Donibane Lohitzuneko AEK gau eskola.
Eguna: Otsailaren 19an, larunbat goizez
Gaia:  Kartzela eta  literatura.
Hizlariak: Jose Luis Otamendi idazleak, batez ere Jokin Urainen literatur sorkuntza izan zuen hizpide. Mitxel Sarasketak espetxea, sorkuntza eta kartzelako bizipenak izan zituen hizpide.
Bi hitz saioari buruz: Mitxel Sarasketak espetxean sortutako literatur sorkuntza ekarri zigun. Liburu eta lan asko izan genituen esku artean. Jose Luis Otamendik, Jokin Urain presoaren literatur lan guztiak aztertu zituen. 25 urte bete berri ditu espetxean Urainek, eta 20 badira liburuak argitaratzen ari dela.
www.literaturakoadernoak.org: Urtero kaleratzen den literatur koadernoa da Ataramiñe eta hauxe bere webgunea. Bertan preso eta iheslariek idatzi ohi dute, eta urtean zehar batutako lanak argitaratzen dira. Errepresaliatuen gogoetak, sentimenduak edo bizipenak lau haizetara hedatzea du asmo nagusia. Espetxea, erbestea eta deportazioa Euskal Herriari estuki loturik dauden errealitateak dira, zure, gure, haien azaleko zaurietan itsatsirik gelditu direnak. Webgune honetan, espetxea eta literaturaren arteko harremanaz sakontzeko aukera daukagu. Idatzi diren liburuen katalagoa, espetxetik sortzen den literaturaren inguruko albisteak, elkarrizketak etabar.

Share

Askatasunetik Ziegara… Atik Zra

2011 5 apirila

>> Nabarra hilabetekaria 118. zka. | 2011ko martxoa

Literatura Eskolak eman digu ideia. Otsailean irakurleak Donibanen batu zirenean kartzelako literaturaz hitz egin zuten eta eleberrietako, filmetako, hurbileko eta urruneko kartzelak oroitu genituen. Karmen Katodori eskatu genion bere zerrenda horietako bat osatu zezan eta telegrama bidez erantzun zigun, baietz, egingo zuela, baina denbora beharko zuela, asko baitira kartzelak STOP gorputza bera baita STOP arimaren kartzela STOP William Blake poetak STOP zioen bezala STOP. Martxoko alfabetoan, kartzelak, beraz.

Karmen Katodo

A
Historian garrantzia izan duten kartzela asko aipatuko ditugu lerrootan baina lehenengoa duela oso gutxi agertu zen mundu osoko prentsaren titularretan. 2004an eman zuten ezagutzera AEBtako telebista kateek Irakeko inbasioaren hasieratik Amnesty International eta beste erakunde batzuek salatzen zutena: ejertzito yankeea buru zuen koalizioko soldaduek torturak eta tratu txarrak erabiltzen zituzten preso irakiarren kontra. Abu Ghraib (arabieraz جن أبو غريب edo siŷn abū ġurayb) mundu osoan egin zen ezagun, bertan gertatzen zenaren irudiak han eta hemen zabaldu zirenean. Zalaparta politikoak Donald Rumsfeld defentsa idazkaria eta George W. Bush presidentea azalpenak ematera behartu zituen eta azkenean txostena eman zuen Administrazio amerikarrak gertatutakoa onartzen. Soldaduen sadismoa aitortu zuten eta ofizialen utzikeria, lehenetik hasita Washingtongo azken goi-karguraino. Txostenak, ostera, torturak ez zituela inork agintzen ere esan zuen, eta soldaduek krudelkeriak bultzatuta eta haien kabuz egiten zituztela. Egun, oraindik 300 tortura salaketa ikertzeko daude.

Kartzela batetik baino gehiagotik, erbestetik eta mila ezlekuetatik idatzita daude, bestetik, Ataramiñe argitaletxearen lanak. 2002an sortu zenetik kultur elkarte ere den Ataramiñek urtero-urtero eman ditu argitara euskal preso eta iheslari politikoen lan-bildumak. Musika bildumak, mahai-jokoak, obra laburrak, margo liburuak eta beste hainbat lan ere sustatu eta zabaldu dituzte. 2007an Ataramiñe kantuz ere atera zuten, presoen poema musikatu eta abestuak.

B
Sekretuen gotorlekua deitu zioten, justiziarik gabeko lekua eta iraultzaren lehen hitzordua. Frantziako kartzela ezagunenari buruz ari gara eta historia liburuetan leku handiena duenari buruz ere bai, ziurrenik. Bastilla, jakina, Le Bastille frantsesez. Voltaire filosofoa bera eta Sadeko markesa preso egon ziren haren hormetan eta Antzinako Erregimenaren eta monarkiaren zapalkuntza eta ustelkeriaren ikur jo zuten iraultzaileek. Horregatik hartu zuten, 1789ko uztailaren 14an, sinbolismo handia eta –aitor dezagun- meritu ez hain handia duen erasoan. Izan ere, iraultzak anaitutako matxinoak bertara sartu zirenean zazpi preso baino ez zeuden barruan, bakar bat ere ez filosofoa (dakigula). Lau faltsifikatzaile zeuden gatibu, buruko gaitza zuen gizona (Tavernier abizenekoa, zinegilea bezala), intzestuagatik zigorturiko noblea (a ze zikina) eta Damiensen izeneko seigarren bat. Iraultzak askaturiko lehenak, Aro Modernoaren lehen egunean.

C
Gaztelaniaz idatzi dutenen artean maisu jotzen dena ere, Miguel de Cervantes preso egon zen, bost urtez. Napolitik Espainiarako bidean, turkiarrek gatibu egin zituzten Miguel eta Rodrigo anaia, 1575eko irailaren 26an. Aljeriara eraman zuten, eta gizon handia zelakoan urre-gorrizko 500 ezkutu eskatu zituzten erreskate modura. Dakigula, inork ez zituen ordaindu, oraintsu bezala, orduan ere idazle aberats gutxi zegoelako, baina ez zen etsi Cervantes tematia eta bost urtetan lau aldiz saiatu zen ihes egiten. Lehen ihesaldian bidea erakutsi behar zion gizona ez zen agertu. Bigarren saiakera Cervantesen amak egin zuen, baina diru nahikorik ezin izan zuen batu bi semeen askatasuna erosteko eta Miguelek nahiago izan zuen Rodrigo kalean ikusi. Rodrigo saiatu zen anaia itsasontziz handik ateratzen baina itsasoa zakarregi zegoen eta azkenean atzeman egin zuten turkiarrek. Cervantes idazleak ardura osoa berea zela esan zien eta ihesaldia bere gain hartu zuen. Bost hilabetez kateatu zuten zigor modura. Hirugarren saiakeran hobeto aritu zen eta Oranera iristea lortu. Baina laguntza eskatzeko bidali zuen laguna preso hartu zuten eta 2.000 zigor kolpe jasatera kondenatu zuten Cervantes, nahiz eta gero zigorra barkatu. Laugarren saiakeran ere, lehenengoan bezala, gaizkideak traizionatu zuen eta Konstantinoplara eramatea erabaki zuten (nazkatuta edo). Baina azkenean fraide kristau batzuek ditxosozko 500 txanponak batu eta Cervantesen askatasuna erosi zuten. Bestela ihesean jarraituko zuen eta guk ez genuke inoiz letra honetako hurrengo ihesaldiari buruz hitz egitea lortuko.

Colditz gaztelura joan behar dugu alfabetoa jarraitzeko, Saxoniako Leipzig, Dresde eta Chemnitz artean dagoen gaztelu ederrera. Han jarri zuten naziek II. Mundu Gerran ustez Alemaniako seguruena zen kartzela, herrialde osoan goi-mailako segurtasuna zuen bakarra (sonderlager). Soldadu arriskutsuenak zein herriari traizioa egin ziotenak (volksfeindlich) preso hartzeko erabili zuten eta Hermann Göring goi-karguaren esanetan ezinezkoa zen handik ihes egitea. Göring gaixoak ez zekien halakorik ez dela sekula esan behar: 16 gizonek utzi zuten barregarri 1941 eta 1944 artean, Colditzetik ihes eginda. Ihesaldi horiek oinarri hartuta mahai-jokoa egin zuten eta baita telesaila ere, BBC One telebista katean, (Colditz, 1972-1974). Azkenik, Göring gustura gera zedin filma ere egin zen, telesailaren 24. eta 25. atalak hartuta. Horrekin gustura ez eta, bai, asmatu duzu, bigarren telesaila egin zuten 2005ean, ITV1 katean (Chancellor Colditz: The Definitive History). Aurki, horrela jarraitzen badugu, musikala eta wii-jokoa. Adi.
Jarraitzen du

Share

La fuga. Carmen Domingo

2011 29 martxoa

>> argia.com: “Ezkabako kartzela da protagonista, eleberriak ez du istorioaren gidari den heroirik”

[Carmen Domingo Bartzelonako idazleak La fuga eleberria idatzi du, frankismoan Ezkabako kartzelatik ihes egin zuten presoei gertatutakoa oinarri hartuta]:

“Istorio liluragarria aurkituko du irakurleak orrialde hauetan. Bere buruaren alde batekin topo ere egingo duela uste dut, nahiz eta ez zuzenean inplikatuta egon edo ez senide errepresaliaturik izan. Hau bezalako Estatu batean, non trantsizioaren aurretik gertaturiko guztia lausotu egin den, ezabatu, irakurleak bere historiaren zati bat aurkitu dezake. Ezkaba guztion iraganaren zati da eta iragan horretatik asko ikas dezakegu”.

>> gara.net: «Mi novela no tiene un héroe que guíe la historia. La cárcel de Ezkaba es la protagonista»

Share

PEN klubeko Idazle Espetxeratuen Batzordea Bruselan bildu da

2011 29 martxoa

>> zuzeu.com: WIPC, idazle espetxeratuen oihartzuna Bruselako karriketan

Hasier Rekondo Laskurain

Pen International Clubeko WIPC Batzordeak (Idazle Espetxeratuen Batzordea) Brusela hautatu du bere aurtengo batzorde orokorreko topaleku gisa.

PENEuropako hiriburuan bertan, mundu osoko idazleak hartu zituen KVS Theatre antzokiak Pen International erakundeak egin deialdiari jarraituz. Bruselako “Zonalde Gorriko” erdigunean kokatutako KVS antzerki dekadentea: inguruko karriketan barrena prostitutak barreiatzen dira goiz eta egunez (Europa ekialdetik eta Afrikatik “amestutako Europara” etorritako emakumeak batez ere). Prostituzioaren sareak Europa “demokratiko eta askean” barreiatu diren modura, geroz eta gehiago dira WIPC Batzordeak azken urtean jasotako kasuak: 1.000 kasu berri, espetxeratutako idazle eta 56 hildakoen artean 2009tik 20010eko abendura. Honez gain, 100 Rapid Action Alerts (Alerta Azkarreko Ekimenak) kudeatu ditu Pen Clubeko WIPC Batzordeak urte osoan zehar..

Teresa Toda eta idazle kurduak

Euskal PEN Klubeko ordezkaritzak bere urteroko proiektuen berri eman zuen, denbora arazoak tarteko labur eman ere, atzoko bilera irekian. Bi kasu aipatu zituen Hasier Rekondok, Euskal PENeko ordezkariak: Teresa Toda Euskal PEN Klubeko Zuzendaritza Batzordeko kideak kartzelan bizi duen egoera azaldu zuen Europako Giza Eskubideen Batzordeko ordezkariaren aurrean. Eta honez gain, Kurdistango idazleak jasaten ari diren jazarpenaren berri eman zuen laburrean. Laster Euskal Herrira etortzekoak dira, Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean bere testigantza ematera Kurdistango hiru kazetari jazartu.

WIPC-eko Bruselako bileran lan-batzorde ezberdinak eratu ziren, besteak beste, Adierazpen Askatasuna, EB-eko Giza Eskubideen Batzordea, Sorkuntza…. WIPC Batzordeak Passaporta Literatur Jaialdiarekin egin zuen bat: Letters to Europe poesia ikuskizuna presatu zuten KVS Theatre-an bertan, ikuskizunaren lelo nagusia: Europa benetako etxe irekia izan dadila giza eskubideen defentsaren alde. Bitartean, kanpoko karriketan prostitutek bere eguneroko jardunarekin jarraitzen zuten.

Share

Sautrela: Mikel Etxabururi elkarrizketa

2011 12 martxoa

Mikel Etxaburu ondarrutarrak bere lehen poema bilduma kaleratu du, ‘Zu zara orain txoria’, kartzelan idatzi zuen liburua. Askatasunaz edo itsasoari buruz ari da solasean Hasier Etxeberriarekin.

Share

Txoriaren poesia sotila, kaiolatik

2011 10 martxoa

Espetxean emandako garaian idatzitako poema sorta «Zu zara orain txoria» liburuan bildu du Mikel Etxaburuk. Bakarrizketa sakonetatik urrun, komunikatzeko beharrak bultzatu zuen ondarroarra bertso askeak idaztera, kartzelako «infernuari» xamurtasuna atxikiz.

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Egunero dator txoria/ziegako leihora, /zu zara orain txoria esatera, /niri jaten eman, / kantuan entzun, / niri kontuak kontatzera / ziegako leihora / egunero dator txoria / gogoraraztera, / zu zara orain txoria esatera. Kaiolan sartutako txoriaren gisan ikusi zuen bere burua Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) 2008an Seguran atxilotu zutenetik. Bi urte eman zituen espetxean 2010ean aske utzi zuten arte. Espetxealdian poema sorta oparoa ondu zuen, sentitutako komunikazio beharra bideratze aldera. Handik urtebetera, «Zu zara orain txoria» izenburupeko poema bilduma kaleratu du Elkar argitaletxearekin batera.

Idazteko zaletasuna txikitatik datorkion arren, «kartzelan poeta izatea errazagoa» dela iritzi dio ondarroarrak: «Lehen poesia idazten nuen, espetxean poeta bilakatu nintzen, eta orain berriz ere poesia idazten dut». Nolanahi ere, bere burua ez du idazle gisa ikusten. «Idazle baten helburua idaztea da, eta nirea beste helburu batzuei bide ematea da, idazkuntza baliatuta», nabarmendu zuen.

Bere letrak komunikatzeko beharra asetzeko baliatu zituen Etxaburuk. «Ez dut bilatu bakarrizketa sakonik, baizik eta komunikatzeko nahia dago nire poemen hondoan; kanporako proiekzioa bilatu nahi izan nuen».

Espetxean zaila da, bere iritziz, barnean dituzun helburuei bide ematea. «Helburu guztiak zerrendatzen dituzu, eta haiek lortuko dituzula ziur zaude; ikastea, kideekin egotea… Eta poesia izan da niretzat helburu horiei guztiei irtenbidea emateko moldea».

Ez-lekuak, pribatuak, posibleak

Molde hori baliatuta, egoerarik latzena xamurtasunari atxiki dio Etxaburuk bertso aske eta lexiko erraza baliatuta. Hala, hiru ataletan banatu du poesia liburua: Ez-lekuak, leku pribatuak eta leku posibleak. Ez-lekua espetxea bera da ondarroarrarentzat, eta kartzelari lotutako sorkuntzak bildu ditu bertan. «Espetxea ez-lekua da, non funtzionarioek ere ez luketen bertan egon nahi. Han dagoen presoa denbora baterako egoten da, luzeago ala motzago, baina zigorra amaitzean badoa. Egoera horretatik abiatu dira atal horretako poemak, nahiz eta ez dudan hitz gordinik erabiltzen, superbibentziarako jarduera gisa baliatu bainuen».

Leku pribatuetan, ikuspuntu pertsonalari begirako sorkuntzak bildu ditu, batzuetan irakurlea «asaldatua» sentiaraz dezaketenak, baina sentimenduak «zintzoki» azaltzen saiatu dela nabarmendu zuen, «egungo gizartean sentimenduak argi adierazteak norberaren harresiko paretak pitzatzea» dirudien arren.

Atal «kursia» izan daitekeela ere iritzi zion, baina bi aukera soilik omen zituen bere barrenak husteko, «kursitasun horren baitan lotsatu eta sentipenak gordetzea, edo kursitasuna aldarrikatzea». Horrela, Alvaro de Camposen hitzak ekarri zituen gogora: Todas as cartas de amor sâo / Ridículas. / Nâo seriam cartas de amor se ñao fossem/ Ridículas.

Azken atalean, leku posibleetan, esperantzarako bideak jorratu ditu, utopietan oinarrituak, baina egiazko utopietan, egingarriak direnetan. «Gerora begirako atala da eta egotetik, itxarotetik ez datorren utopia hori adierazi nahi izan dut», esan zuen.

Harkaitz Canoren hitzaurrea

Harkaitz Cano, hitzaurrearen egileak pozgarritzat jo zuen egunotan poesia liburu bat aurkeztu ahal izatea, eta are gehiago, hain sarriak diren kartzelako poema bilduma «ez gratuitoa» denean. Espetxea «hizkuntzaren laborategi» gisa ikusarazi zuen idazle lasartearrak, «balio duten eta balio ez duten hitzak galbahetik pasatzeko toki bakarra», hain zuzen. Hala, Etxaburuk ondutakoak «beraien baitatik askatu nahi duten poemak» direla azpimarratu zuen, «espetxeko hitzak hitz berriekin tartekatzen direlarik».

Xamurtasunaz mintzatu zen Cano, eta infernuan infernu ez dena erakustearen garrantzia azpimarratu zuen. «Epikatik urrun» idatzitako poemak ei dira Etxabururenak, «tonu minorrean eta xamurtasunez eginak, xamurtasuna ez baita irmotasunaren kontrakoa». Modu sotilean idatziak, zarata eta espanturik gabeak. Oinak bustitzen dituzten itsasertzeko olatuen kadentziadunak, uhin xumeen indar leunekoak.

Share

Mikel Etxaburu: «Samurtasuna bilatu dut ia ezinezkoa dirudien lekuan»

2011 10 martxoa

Mikel Etxaburu, Zu zara orain txoria poema liburuaren egilea. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

>> berria.info: Mikel Etxaburu: «Samurtasuna bilatu dut ia ezinezkoa dirudien lekuan»

‘Zu zara orain txoria’ argitaratu du, hitz gordinik gabeko poema liburua nahiz eta kartzelan idatzia izan

Juan Luis Zabala Donostia

Kartzelan, ziegako leiho barrotedunetik zehar patiora begira zegoela, kurriloak ikusi zituen Mikel Etxaburuk, ohiko kantoira jo eta kolonbiar presoek emandako ogi apurrak jaten. Baina, egun hartan, kurrilo bat besteengandik bereizi eta leihoaren bestaldean pausatu zen. Irudi hori dago Etxabururen Zu zara orain txoria (Elkar) estreinako poema liburuari izenburua ematen dion poemaren jatorrian. «Txoria ni kantuan entzutera dator, eta berriro gogoraraztera orain ni naizela txori kaiolatua».

Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) Soto del Real eta Alcala-Mecoko kartzeletan (Espainia) 2008, 2009 eta 2010ean idatziak dira liburuko poema ia-ia guztiak. Ez da kasualitatea. «Kartzelan errazagoa da poeta izatea», Etxabururen iritziz. «Nik lehen poesia idazten nuen. Kartzelan poeta egiten zara. Eta orain, berriro ere, poesia idazten dut». Kartzelatik at idazten jarraituko du, baina idazle izateko inolako asmorik gabe. «Neure burua ez dut idazle gisa ikusten. Idazlearen lehentasuna idaztea da, eta nire lehentasuna ez da idaztea. Idatziko dut, baina idaztea beti egongo da nire beste helburuen zerbitzura».

Liburuko poemetan «irudi samurrak, erraz identifikatzeko modukoak» bilatu ditu Etxaburuk. «Ez dut bilatu bakarrizketa sakon eta mamitsurik. Bakarrizketak normalean neuretzako direlako, eta horiek ez nituzkeelako sekula argitaratuko». Liburuaren atzean «komunikatzeko nahia» dago. «Jendeari, lagunei, hurbilekoei, ezagunei, ezagutzen ez ditudanei nire barruko gauzak adierazteko beharra. Baina ez neuk neure buruarekin, kanpoko proiekzioa bilatuz baizik».

Ez-lekuak du izenburu poemategiaren lehen atalak. «Kartzela ez-lekua da. Funtzionarioek ere ez lukete han egon nahi seguru asko. Inor ez da han bizi. Han dagoena pasatu egiten da handik. Kartzelari dagozkion poemak dira atal honetakoak, baina ez duzu topatuko poema bakar batean ere hitz gordinik, garratzegirik. Samurtasuna bilatu dut ia ezinezkoa dirudien lekuan».

«Zintzoa» izan beharra

Leku pribatuak atalak, bigarrenak, egilea bera du ardatz. «Poesiak zintzoa izan behar du», Etxabururen ustez. «Ez dut konzebitzen poesian gezurrera hurbiltzen denik ere adieraztea. Leku pribatuei buruz hitz egiteko, neure buruaz idazteko, zintzoa izan beharra neukan neure buruarekin eta inguruko guztiekin». Badaki zintzoki esandakoek irakurlea asaldatzeko arriskua dutela. «Baina nik maite zaitut adierazi behar badut, maite zaitut idazten dut». Atal hau kurtsia baldin bada, Etxaburu prest dago kurtsitasuna erreibindikatzeko. «Agian asaldatuta sentitzen denak berak dauka zer pentsatua, eta ez nik».

Hirugarren atala, Lekuak, «esperantzara» begira idatzia da. «Esperantza, niretzat, utopia da. Baina utopia ez dator, nire ustez, esperoan egotetik. Utopia gauza errealak dira, tangibleak, lorgarriak. Ez da bakarrik bidea egiteko». Atal hau surrealista dela esan diote Etxabururi, eta berak uste du balitekeela hala izatea. «Utopiak, gauzatu arte behintzat, nahiko surrealistak direlako».

Harkaitz Canok idatzi du liburuaren hitzaurrea. «Zarata eta espanturik gabeko poemak» dira Etxabururenak, Canoren ustez. «Lekurik ospelenetan ere oihartzun gozoak posible direla gogorarazten digute, eta oihartzun gozo horiei heldu behar diegula».

Share

Mikel Etxaburu, kartzelaz, maitasunaz eta utopiaz

2011 9 martxoa

Zu zara orain txoria
Mikel Etxaburu Osa
Elkar. 2011, otsaila

>> Mikel Etxaburu, kartzelaz, maitasunaz eta utopiaz

Elkarrizketaren egilea: Xabier Mendiguren Elizegi

Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) bere lehen liburua kaleratu du: “Zu zara orain txoria”, 2008-2010 bitartean oso egoera berezian ondutako poema-sorta, hiru gai nagusiren inguruan ardaztua: kartzela, maitasuna eta utopia.

Berria zara idazleen esparruan; beraz, hasteko, aurkeztu ezazu zeure burua: Nor da Mikel Etxaburu, zertan ibili zara orain arte?
Ez da oso txukuna norbera norbere buruaz aritzea, eta beraz, ez dauka galderak erantzun errazik, ez behintzat niretzat. Nor da Mikel Etxaburu? Gauza bat bakarra naizenik ezin esan, ez naiz gauza bat edo beste. Gainontzeko guztion moduan hainbat ardatzen inguruan garatu izan dut neure egunerokoa eta horien guztien batuketa naizela esango dut. Hasteko, ondarrutarra naiz, arrantzale familia baten seme. Institutua bukatu nuenean Irakasle ikasketak burutzera joan nintzen Bilbora, ondoren Euskal Filologian lizentziatu eta handik urte batzuetara doktorego tesia aurkeztu nuen Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun irakasle lanetan ari naiz Huhezin; Lur alabatxo jaioberriaren aita naiz, eta finean, kartzelara eroan aurretik egiten nituen gauza oso antzekoak, edo hobeto, egiten saiatzen naiz. Hori, behintzat, banaiz.

2008an kartzelara eraman zintuzten, Batasuneko Mahai Nazionalekoa zinelakoan, eta bi urte eman zenituen bertan. Egin diezagukezu aldi horren balorazio bat, ez politikaren aldetik, baizik eta alderdi pertsonaletik?
Zaila da, ezinezko ere esango nuke nik, kartzelako gaiak alderdi pertsonal hutsetik adieraztea. Ezin baitu inork ere ahaztu zein den halako leku batean eduki izanaren abiapuntuko arrazoia. Goizaldean etxean sartu eta eraman egiten zaituzte, beste nonbaitera, lehenengo komisaldegira eta ondoren kartzelara; Soto del Real eta gero Alcalá-Meco. Bi urte izan dira, ez-lekuetan, egun bat ere gehiegi den tokian. Lehenbailehen egokitu beharra dago bertara. Ez da lan xamurra. Mundu arrotza da, biziki bortitza eta bitarteko guztiak dituena pertsona moduan neutralizatzeko. Holakoetan, berebiziko garrantzia dauka zure inguruak: bikotea, familia, lagunak, ezagunak, kideak… horiek ondo badaude, daukazun indar apurra zeuretzako baliatu ahal duzu eta lau paretek ere badituzten zirrikituetatik arnasa hartu ahal duzu.

Nik bilatu nituen zirrikituak, kostata baina hantxe zeuden, funtzionarioen begiradetatik urrun eta zerbitzu buruaren atzaparrek ezin harrapatu ahal zituztenak. Ikasi egin nuen, Filosofia karrerako bi kurtso; arabiera ezagutu eta zenbait presorekin komunikatzen ikasi nuen; asko irakurri dut, autore klasikoak batez ere; eta idatzi egin dut, poemak asko. Ez da, baina, idatzi dudan molde bakarra. Bazegoen niretzako oso ariketa literario dibertigarria zena eta atsegin handiz egiten nuena. Halako ez-lekuetan badira hainbat eta hainbat preso irakurtzen justu-justu jakin eta berba bat ere idazteko gai ez direnak. Baina ia denek daukate kanpoan neskalaguna, emaztea, emaztetzat nahiko luketen emakumeren bat edo beste… Haietako zazpi edo zortzi emakumerekin gutun bidezko harreman estua izan nuen bi urte horietan. ¿Mikel, le escribes una carta a mi mujer?; si, cómo no; dime cómo se llama, dónde vive y qué cosas le pueden gustar. Behin datu horiek jaso ondoren, ¿y qué quieres que le ponga? Galdetzen nien, eta denek gauza berdina erantzuten zidaten; eso tú, tú que escribes bien, ya se te ocurrirá algo. Eta horrela ematen nituen arratsaldeak ezagutzen ez nituen emakumeei maitasun gutunak idazten. Dibertigarria, eta atsegina… hiru aldeentzako, uste dut nik. Baina hoberena, erantzunak izaten ziren, harrituta erantzuten baitzuten emakumeek, Neruda ea nor zen eta ea hainbeste non ikasi duen galdetzen zidaten/zioten gehienek. Atsegin nuen ariketa. Nire falta sumatuko zuten handik atera nindutenean, ziur, batez ere gutunen hartzaileak ziren emakumeek.

Horrela, edonon dira zirrikituak, bilatzen jakin behar da. Nik bilatu nituen, eta han sartu nindutenen helburuak betetzetik urrun, lehen baino indartsuago atera nintzen. Oraingoan gai positiboetan egin nahi izan dut indar, horiek baitira kartzelak berezko dituen bakardade, herrimin, urruntasun, umiliazio, zigor, burdinazko giltza zaratei… aurre egin ahal dieten indargune bakarrak.

Eta hor sortzen da liburu hau. Sortuko zen bestela?
Aipatu ditudan zirrikitu horietako bat izan da niretzako liburu hau. Inork ez dezala pentsa, ordea, lau pareten artetik neure burua erreskatatzeko modu bat edo izan denik, ez. Nik neure buruarekin egiten ditudan bakarrizketak, gehienak, neuretzako dira soilik, ez nituzke inoiz ere argitaratuko. Banuen, baina, komunikatzeko behar bat, kartzelari buruz, maitasunari buruz, herri berri baten alde poesia bidez mintzatzeko gogo bat. Horrela egin nuen, ziega barrutik esateko neuzkanek beste hainbat pertsonaren sentimendu, beldur eta itxaropenekin bat egingo duten segurantza nuen, eta daukat. Bestalde, bi urteko kartzelaldira behartu ez banindute, ziur nago ez zela liburu hau existituko, ez, behintzat eduki hauekin. Liburu honetako edukiak kartzelak baldintzatu ditu erabat.

Liburuko gaiak

Nolakoa izan zen sortze prozesua? Liburu bat izango zela ikusten zenuen?
Abstrakzio ariketa izugarria egin behar da horrelako ez-lekuetan sormenari ateak zabaldu nahi badizkiozu. Eta horretarako, zuk kontzienteki aukeratutako norabideetara behartu behar duzu burua. Nire kasuan, poesia idaztera. Urte asko daramat poesia idatzi eta koaderno galduetan biltzen. Gustura sentitzen naiz holako moldean, eta nahi nuen poema bidez adierazi han barruan sentitutakoa. Halaxe egin nuen. Eta ez, nire helburua, ez zen izan liburu bat argitaratzea. Gauzak joan diren moduan joan dira, ordea, eta asko poztu ninduen argitalpen eskaintzak.

Liburuaren lehen partea oso loturik dago espetxeko geografiari eta bizikizunei; izenburua ere aproposa du: “Ez-lekuak”.

Hori da kartzela niretzat, ez den lekua, han dagoen inork, ezta funtzionarioek beraiek ere, egon nahi ez lukeen gune itogarria. 29 pauso luze patioak eta 31 zabal, Harkaitz Canok hitzaurrean dioen moduan, “zerua posta zigilu baten neurrira urriturik ikustea, dena urrun eta dena zurrun den paraje hondamendizkoa”. Poema liburuaren abiapuntua, halabeharrez, kartzelak behar zuen izan. Bai, seguruenik, errazagoa da kartzelan poeta izatea.

Gero, berriz, “Leku pribatuak” bigarren atalean, maitasunari egiten diozu leku, modu esplizituki erromantikoan gainera. Kontrastea bilatzen zenuen ala nondik nora izan da horrela?
Ez, ez dut kontrasterik edo antzekorik bilatu nahi izan. Liburuaren atalak eta hauen garapena askoz ere modu naturalagoan egin ditut. Poesia, niretzako, zintzotasunetik abiatzen da, “egia” esan beharra dago poemetan –bai, behintzat, nire kasuan–, eta egiek zerikusi oso zuzena daukate sentimenduekin. Nik maitasunaz aritu nahi nuen, ez-lekuan egonda faltan botatzen nituen horien guztienganako sentimenduez, maitasunaz, alegia. Baliteke, atal honetan idatzitako poemetako bat edo bestek irakurlea deseroso-edo sentiaraztea. Ez gaude oso ohituta gure sentimenduak datozen moduan adieraztera, “maite zaitut” bat entzuteak lotsarazi egiten gaitu askotan. Gauzarik ederrenak ere lotsaren iragazgailutik pasatzen dituena ez dabilela ondo iruditzen zait. Nire ustez, bigarren atal honek ere han barruan dituzun sentimenduen sekuentzia logikoari kasu egiten dio: bakardadea, hutsunea… maitasunak baretu egiten ditu.

Azken partea, “Leku posibleak” heterogeneoagoa da; besteetan kabitzen ez ziren gaiak sartu dituzu hor, ala badu hari bat?
Bai, heterogeneoagoa da, baina ez daude hor beste bi ataletan kabitzen ez diren gaiak. Haria utopia da, herri berri baten aldeko utopia, eta utopia horren aldeko konpromisoa, hori da haria. Badira pertsona batzuk amets egin eta ondoren zer amets egin duten gogoratzen ez direnak; badira, ordea, beste batzuk ametsak kontuan hartu eta hauekin konpromisoak hartzen dituztenak. Hauetako asko ezagutzen ditut. Eta arrisku handia daukate horrela aritzen direnek, subertsiboak baitira beti ametsak, eta subertsioarekin konprometitzea deserosoa da dena dagoen moduan utzi nahi duenarentzat. Nire ametsak eta hauekiko nire konpromisoa daude hirugarren atalean, herri berria da utopia, eskura daukaguna.

Musikaltasuna eta beste

Zure poemen ezaugarri bat da oso errezitatzeko edo kantatzeko modukoak direla; baduzu asmorik aurrez aurreko emanaldietarako?
Nire ustez, poema baten ibilbide naturala da kanturako baliatzea. Gauza handia da zuk idatzi duzuna beste norbaiti gustatu eta honek musika jartzea poemari. Borobildu egiten du poema, osotasun bat ematen dio, eta, batez ere, poesiak daukan komunikatzeko gaitasuna biderkatzen du. Musikaren bidez poemak kristoren indarra hartzen du, milaka belarritara iristen da, ehunka sentimendu eta zirrara sortzen ditu, bakoitzari iradokitzen dizkionak. Saiatu naiz idatzi ditudan poemetan hurrengo urrats hori emateko baldintzak ezartzen. Eta bai. Gustuko dut errezitatzea, poesia entzutea. Aurrean esan dudan moduan, poema liburu honen helburuetako bat komunikatzeko beharrari erantzutea izanik, aurrez aurreko emanaldiak oso leku aproposak direla uste dut horretarako. Bai, saiatuko naiz aurrez aurreko zenbait emanaldi egiten; hortik aurrera, ikusiko dugu.

Aurrekoaren ildotik, nabarmenak dira zenbait teknika: paralelismoa, biribiltasuna (hasierak eta itxierak zirkulua osatzea), ahapaldien arteko jokoak… Bilatutako prozedurak dira? Intuizioz topatu dituzun baliabideak…?
Hasiera batean guztiz intuitiboak izan dira idatzi ditudan poema guztiak. Egia da baita ere, behin intuizioari bide egin ondoren, erritmoa eta soinua izan ditudala kontuan. Garrantzi handia eman nahi izan diot ozen irakurtzean poemaren soinuari, letraren kadentziari. Hitzen bidez erraz identifikatzeko moduko irudiak sortzen saiatu naiz paralelismoen eta ahapaldien antolaketen bidez. Nire senak, intuizioak, molde horretan idaztera bultzatzen nau.

Mikel Etxaburu idazlea deskubritu dugu hemen. Idazleen munduan segitzeko asmotan, ala sartu-irten bat izan da hau?
Ezin da jakin. Nik, momentu honetan, “Zu zara orain txoria” daukat esku artean. Hori da dagoena. Honi bide egiten eta bere bidez dibertitzen saiatuko naiz. Bien bitartean idazten jarraitzen dut, ezer argitaratzen ez nuenean bezala, gogoak ematen didalako. Ez dut, ordea, idazleen munduan kokatzen neure burua, nik beste hainbeste mundu ere maite ditut. Idaztea oinarrizko zerbait da niretzat, ez dago beste ezeri lotuta. Eta egunen batean, orain moduan, idatzitakoak eta nire gogoak bat egiten badute, oso posible da hurrengo batean ere nire berri izatea, hala nahi duenak idazten dudana irakurtzen jarrai dezan.

Share

Kondenatu baten azken eguna

2011 25 otsaila

KONDENATU BATEN AZKEN EGUNA
Victor Hugo / Juan Mari Agirreurreta (itzul.)
ELKAR, 2010

Izenburutik bertatik ageri du gaia liburu honek: Kondenatu baten azken eguna. Heriotzaren atarian dagoen presoaren kezkak eta oinazeak imajinatzean, gizatasunaren muinera iristen den larrimin bat kontatzen du Victor Hugok, garaiko literatura erromantikoak oso gogoko zituen egoera muturrekoen estilora; horrez gain, ordea, aldarrikapen bat egin nahi izan zuen egileak, ankerra, bidegabea eta alferrikakoa iruditzen zitzaion heriotza-zigorraren kontra. Hugo gazteak idatzi zuenetik 180 urte igaro diren arren, lehenengoz euskaraz eskaintzen dugun testu honek sortu zeneko indarra eta esangura gordetzen ditu oraindik ere: pertsonaren kontzientziaren zirrikituetan egindako arakatze zorrotzaren edertasuna, batetik, eta hainbat lekutan indarrean jarraitzen duen praktika arbuiagarriaren kontrako salaketa, bestetik.

Share

Emakumeen espetxea, antzerki

2011 10 otsaila

>> berria.info: Emakumeen espetxea, antzerki

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antzerki Tailerrak azken lana estreinatuko du gaur Donostian

Presas<$> lana obra korala da; hamalau pertsonaiaren ahotsen bidez kartzelaren mendeku asmoa azaltzen du. / MARTINKO

Espetxean diren emakumeen bizimodua, mundua eta ametsak agertzen dituen antzezlan bat estreinatuko du gaur Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antzerki Tailerrak Donostian: Presas.

Ignacio del Moralek eta Veronica Fernandezek sortu dute antzezlana, eta Oscar Orzaizek zuzendu du.

Drama da Presas. Emakumeentzako kartzela batean gertatzen da istorioa, duela hainbat hamarkada. Baina, egileek argitu dutenez, gaur gerta zitekeen, hemendik oso urrun izan gabe. Lan korala da: hamalau pertsonaiaren ahotsak entzuten ditu ikusleak, eta bakoitzak bere istorioa kontatzen dio. Presoak dira haietako zortzi, zaindariak bi eta gizonezkoak lau. Kontakizunon bitartez, muturreko egoeren berri emango dute pertsonaiok, ikusleengan sentimendu kontrajarriak eragiteko asmoarekin. Gorrotoan eta mendekuan oinarrituriko kartzela hori irudikatzeko, kate eta panel mugikorrez osatutako egitura bat atonduko dute agertokian.

Amaia Uhartek, Ariane Irurek, Aroa Perezek, Leire Sanchezek eta Clara Julianik antzezten dituzte presoetako batzuk. Antzezlanerako propio sortu du Javier Urtasunek musika. Eta Virginia Orozek koreografia landu du.

‘PRESAS’

Noiz. Gaur, 18:30ean.

Non. EHUko campuseko Barriola eraikinean, Donostian.

Share

Espetxeko maindireek ere artea sortzeko balio dezakete

2011 10 otsaila

>> gara.net: Espetxeko maindireek ere artea sortzeko balio dezakete

>> aurkezpena.jpg

Zuraide ETCHEMENDY

Lucio Urtubia anarkistak Parisen daukan Louise Michel aretoan euskal presoek eginiko artelanak ikusgai izanen dira bi astez. Artelan horien artean Patxiku Guimon preso ohiak kartzelako maindireen gainean tindaturiko zenbait margo ikus daitezke.

Parisko Cascades karrikaren 42an dago Louise Michel aretoa. Haren gainean bizi da Lucio Urtubia, egun batzuk barru 80 urte beteko dituen anarkista nafarra. Faltsifikatzailea, ebaslea, iraultzailea… adjektibo anitz ezarri badizkiote ere, hitz batekin lotzekotan, hargina dela argi uzten du Luciok bere buruaz hitz egiten duen aldi bakoitzeko, «bizitza osoan langilea izan naiz; lan egiteak pertsona duinago egiten duela uste dut» esaldiarekin eman zigun ongietorria. Ahots gozoa eta sakona du Luciok, eta nahi duen hura kontatuko dizu; ez, aldiz, galdegiten diozun oro. Aretoaren funtzionamenduaz galdeginik gustura lotu zen hizketatzeari: «Louise Michel XIX. mendeko anarkista zen, eta Parisko Komunan protagonismo handia ukan zuen. Hark erraten zituen hitzek, egun ere badute bere balioa; botereak pertsona usteldu egiten duela, alegia. Horregatik zen hura anarkista, ez delako sortu onest eta garbia den gobernurik. Bere ohorez du izena nire bizilekuak horrela». «Le temps de Cerises» (Gerezien sasoia) izkribua ere badu eraikinak, 1871. urtean Parisen gertaturiko errebolta hari estuki lotu zitzaion abestiaren omenez, bai eta «Sustraiak» erraten duen idatzia ere, nonbait, bere erro euskaldunei oles eginaz. «Orori irekia da aretoa, egunero zabalik du atea, nirekin elkarrizketa bat ukan nahi duenarentzat edota sinpleki bere iraultza mezua zabaldu nahi duenarentzat. Ni gosea pasatakoa naiz, eta ene idealekin zintzotasunean, hau dut aberastasunik handiena, nire ustez, jendearekin gauzak partekatzea baita aberastasuna. Eta lehen gobernuez aritu naiz… baina argi utzi nahi dut ni ez nagoela gobernuen kontra, baldin eta gobernu hori zintzoa eta justua bada, zoritxarrez, gaur egun ez da halakorik». Lucioren eskuzabaltasunari esker, Euskal Herriari elkartasuna adierazi nahi dion Comité de Solidarité avec le Peuple Basque taldeak badu bere ekimenak non egin, eta urtero Parisen antolatzen duten elkartasun astea Louise Michel aretoan hasi dute aurten «Euskal Herria 1931-2011» izenburu duen erakusketa batekin. Elkartasun astea deitzen badute ere, bi astez, otsailak 19arteko epean, Euskal Herrian gertatzen ari denaren inguruko informazioa zabaldu eta errepresioaren aurka harresiak eraikitzeko bere apurra ekarri nahi du talde horrek.

Patxiku Guimonen artea

60 lagunek mukuru bete zuten Louise Michel aretoa elkartasun asteari hasiera emateko. Lucio Urtubiari buruzko dokumentala eskaini zuten, lehenik eta behin. Txalo artean hartu zuen hitza Urtubiak: «Ni kartzelen aurka nago, ez direlako ezeren soluzio, eta anitz motibatzen nau presoen eskubideen alde aritzeak. Hemen, erakusketa honetan ageri diren jendeak idealista batzuk dira; oker egon ala ez, zerbaiten alde ari dira. Anitz jendek dio kriminalak direla, eta ni ere halatsu aritua naiz, ideia batzuen defentsan, askatasunaren alde borrokan; orain unibertsitate eta leku anitzetara eramaten naute pertsona errespetagarri bat banintz bezala; uste dut gauza bera pasako dela etorkizunean anai-arreba euskaldun hauekin». OIPeko (Observatoire International des Prisons-Kartzelen Nazioarteko Behatokia) lehendakari izandako Gabi Mouesca ere gonbidatu zuten gaualdirako, eta kartzeletako egoera gogorra azpimarratzeaz gain, Euskal Herrian irekitzen ari den prozesuari buruzko xehetasunak eskaini zituen baionarrak. Hizketaldiaz gain, erakusketa bitxi eta eder batek ukan zuen protagonismoa Louise Michel aretoan. Euskal preso politikoek kartzelan eginiko lan ugarirekin apainduak ageri ziren paretak. Euskal Herriari buruzko argazki eta afixa desberdinak ere ikus zitezkeen han, 1931. urtetik gaur arteko ibilbidearen lekuko, justuki, Lucio sortu zen urte beretik gaur arte. Patxiku Guimon lapurtar preso ohia ere Parisen zen gaualdi horretan. 10 urtetik gora bete ditu Patxiku Guimonek kartzelan, eta han hasi zen margotzen, denbora pasatzeko intentzioarekin baino, sortzeko asmoarekin. Ez zuen hizketaldirik eman, geroago aitortu zigunez, berak ez baitu «famatu izateko edo burua agertzeko intentzioarekin margotzen, barneko haserrea baliatuz zerbait sortzeko baizik», eta agian, bere margoekin hitz egiten duelako berak. Autodidakta da Patxiku, eta horregatik kokatzen da bere artea Naif izendapenaren baitan. Eta kolore eta bizitasun handiko margoen artetik bitxikeria handi batek ihes egiten du, kartzelan zelarik eta zeren gainean margotu ez zeukalarik, oheko maindireak hartu, kolore zuriz tindatu, eta sikatu ondotik haien gain sortu zituen margoak. Horietako batzuk jarri ditu ikusgai anarkista zaharraren bizilekuan.

Share

Kartzelako literatura Ziburun

2011 9 otsaila

literaturaeskola.org

Otsailaren 19an, Kartzelako literatura izango dugu hizketagai Mitxel Sarasketa eta Jose Luis Otamendirekin.

* Mitxel Sarasketa kartzelan 20 urtez egondakoa da. Ondo ezagutzen ditu espetxeko bizitza, literatur lanak eta gaur egun ere, espetxeko bizi baldintzek zelan eragozten duten komunikazioa. Azken 10 urteotan, Ataramiñe literatura koadernoak ekimena bultzatzen aritu da.
* Jose Luis Otamendi idazlea eta irakaslea da. Azken urteotan, kartzelan dauden idazleekin harremana izan du, eta editore lanak egitea egokitu zaio hainbat presorekin. Jokin Urain idazleak dagoeneko 25 urte egin ditu preso, eta haren obra ondo asko ezagutzen du Otamendik. Literatura Eskola honetan, batipat Ez dago etxean lana hartuko du hizpide.

Share
« Mezu berriagoakMezu zaharragoak »