[Ortzadar] Sormena ihesbide

2018 urtarrila 27

Ortzadar2018.01.20.pdf

Sormena ihesbide

Urtero legez, hainbat euskal presoren sorkuntza lanak argitaratu ditu Ataramiñe argitaletxeak. Urtekariaz gain, bi liburu eta haurrentzako ilustrazio liburu batek osatzen dute 2017ko bilduma

JULENE LARRAÑAGA

Euskal preso politikoen sorkuntza lanak argitara-tzen ditu urtero Ataramiñe argitaletxeak. 2002an kaleratu zen lehen uzta, eta geroztik urtero hutsik egin gabe atera dute argitara barrote artean onduriko literatura. Agurtu berri dugun 2017an lau liburu berri plazaratu dira: 2017ko Ataramiñe urtekaria, 12 preso politikoren lanekin;Jexuxmari Zalakainen Errezel berdeak memoria eta hausnarketa liburua;Ibon Muñoaren Udaberrian biziko gara kronika lana;eta, azkenik, Xabier Ugartek idatzi eta Kepa Etxeberriak ilustratutako Axelko eta Otsoko bertsotan haurrentzako ipuina.

Ataramiñeren helburua presoen egoera “modu ezberdin” batean azaleratzea da, Oier Gonzalez Ataramiñe elkarteko kideak dioenez. “Lan horien bitartez, espetxearen ertzak mahaigaineratzen dira, betiere sor-tzaile-presoaren ikuspegitik”. Espetxeko sorkuntza “betidanik” egon dela dio Gonzalezek: “Euskal literaturako zenbait klasiko espetxean idatziak izan dira, hala nola Bernat Etxepareren Kantuia (1545), Joan Amenduxek Tafallako espetxean idatzitako Hemen natza ehortzirik (1564) edo Martin Larralde Bordaxurik 1816ean idatzitako Galerianoaren kantua. Euskal Herriko literatur historia, nolabait, barrote artean ere idatzi da”, dio. Gure garaietara ekarrita, Joseba Sarrionandia, Mikel Antza, Mikel Ibarguren… hamaikatxo dira espetxetik pasa edo espetxean dauden autoreak. Hori dela eta, “Euskal Herrian espetxe literatura literatur genero bat ere badela”, uste du Gonzalezek.

Izan ere, oztopoak oztopo, kartzeletan “asko” idazten dela uste du Gonzalezek: “Espetxeratua etengabe ari da idazten, hain zuzen, asteroko bisitez gain, kanpokoarekin izan dezakeen komunikazio bide bakarra baita idaztea, kasu askotan”.

ELKARLAN KOLEKTIBOA

Ataramiñeren urtekarian biltzen dituzte urtero presoengandik jasotako lanak. Aurtengo alean hamahiru sortzailek hartu dute parte, eta hainbat generotako lanak aurki daitezke bertan: literatura, komikia, ilustrazioak, poesia eta kronika, besteak beste. Gonzalezen iritziz, nabarmentzekoa da urtekaria aurrera ateratzeko martxan jartzen den “elkarlan kolektiboa”, kolektibotasuna zeharo debekatua dagoen espazio batean, espetxean, alegia: “Norbanako ezberdinen arteko elkarlanari esker, espetxeko errealitatea, egunerokotasuna, horrek eragiten dituen egoera afektibo eta emozionalak ikusgarri egiten dira sortzaileen eskutik”.

Emakumeen presentzia beti izaten da gizonena baino baxuagoa Ateramiñeren lanetan, baina neurri batean beti daude presente. Urtekariaren kasuan, bereziki azpimarra-tzekoak dira Itziar Morenoren, Itziar Plazaren edo berriki espetxetik atera den Ekhiñe Eizagirren lanak. Bildumaren azala Itziar Morenoren marrazki bat da, gainera.

Kartzelan pasatutako zortzi urteetan, hainbat lan argitaratu zituen Jexux Mari Zalakainek: Kartzelako kronikak, Njat el Hachmiren Azken patriarka eleberriaren itzulpena eta Josep Plaren Kale estua liburuaren itzulpena, hain zuzen. Ataramiñeren bidez plazaratu duen azken lana da Errezel berdeak. Zalakainek bere bizitzaren nondik norakoak jaso ditu memoria eta hausnarketa liburu honetan, baina kuriosoa da, Gonzalezek nabarmendu duenez, hirugarren pertsonan egiten duela. “Narra-tzailearen rola hartu eta kanpotik bezala arakatzen du bera izandako horren barruko bizitzan. Kartzelako pasarteak ere tartekatzen ditu, irakurleari narratzaileak duen bizilekua erakusten dio, bizitzak nora eraman duen, eta amaitzeko, kalera irten eta bi urtera egindako hausnarketa gehitu dio kontakizunari”.

Ibon Muñoaren Udaberrian biziko gara da aurtengo Ataramiñeren uztaren beste lanetako bat. Muñoaren kasuan, espetxean idazten duen laugarren liburua da. Bertsotan antola-tzen ditu bere oroitzapenak Muñoak, ametsak, gogoak eta hausnarketak, bere buruarekin zein ingurukoekin komunikatu eta bat egiteko.

Xabier Ugartek idatzi eta Kepa Etxeberriak ilustratutako Axelko eta Otsoko bertsotan haurrentzako ipuina ere nobedadeen artean dago. Azeriaren eta otsoaren ipuin herrikoia du oinarri lan honek, eta irudia eta bertsoa uztartzen ditu. “Laguntasunaren balioa mahai gainean jarri nahi du ipuinak, ezberdinen arteko elkar ulertzearen garrantzia azpimarratuz”, azaldu du Gonzalezek.

DESAGERTZEKO SORTUA

Ataramiñe ez da ohiko argitaletxe bat, eta hori argi utzi du Gonzalezek: “Ez daukagu publiko konkretu batengana iristeko helbururik. Gure helburua, espetxean dauden sortzaileen lanak kaleratzea da;errealitate errepresibo zehatz bati ikusgarritasuna ematea”. Gainera, argitaletxeak ez du euskal presoen lanen ghetto bat bilakatu nahi. “Urtekariaz aparte argitaratzen ditugun lanei lehendabizi ohiko argitaletxetan plazaratzeko aukera ematen diegu”, eman du jakitera elkarteko kideak. Bide luzea egina du Ataramiñek presoen literatur sorkuntzaren zabalkundean, baina Gonzalezek gogora ekarri du euren bokazioa zein den: “Desagertzeko sortu zen Ataramiñe, eta, lehenbailehen bada, askoz hobe”.

Hamahiru ate (1985)

2018 urtarrila 18

Hamairu ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia
Mitxel Sarasketa
erdal umore beltza
Elkar, 1985

→ archive.org: Hamahiru Ate.PDF
→ armiarma.eus: Hamahiru Ate.html

→ literatur emailuak: Hamahiru ate, 13 ipuin beltz

Umorea, Paul Valery poetak esaten zuenez, ez da hitz zehatza. Horrela hasten da Hamahiru ate, 1985an Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak aukeratu eta euskarari ekarritako ipuin liburuko Atearteko aurkezpena.
“Umorerik egiazkoena beltza” dela aitortzen dute itzultzaileek. “Umore beltzean irribarrez gainera badago mistizismo bat, baina ez mistizismo dultze eta zerutiar bat, umoristak izatez infernutiarrak baitira”.

Hamahiru autore arrotz ekarri zituzten orduan euskaraz: Amborse Bierce, Hector Hugh Munro Saki, Francis Picabia, Franz Kafka, Sakutaro Jaguiwara, Anibal Machado, Max Aub, Leonara Carrington, Virgilio Piñera, Kostas Axelos, Gabriel Garcia Marquez, Pere Calders eta Gonzalo Suarez. Hamahiru ate liburua osorik jarri dugu sarean, (H)ilbeltzaren karietara.

→ armiarma.eus: HAMA(h)IRU ATE Joseba Sarrionandiaren 2018ko epilogoa [(H)ilbeltza 2018]
→ armiarma.eus: HAMA(h)IRU ATE. Atearteko aurkezpena

ATEARTEKO AURKEZPENA

Umorea, Paul Valery poetak esaten zuenez, ez da hitz zehatza. Aitzitik, hitz egokia da, umorea, gusto eta koloreetaz eztabaidatzeko eta, gainera, esaldi umoretsu berri bakoitzak emendatzen du betiere bere zentzua. Horrela, azken finean, umoreak eman nahi zaion zentzua du. Zentzundunen mediokritatea eta erotasunaren galbidea ukatzen dituenak bide guti baditu, umorea da horietariko bat. Ez dakit nork esan zuen, baina egia da, umorea desesperatuaren gortesia dela.

Horregatik, umorerik egiazkoena beltza da. Umore beltzean irribarreaz gainera badago mistizismo bat, baina ez mistizismo dultze eta zerutiar bat, umoristak izatez infernutiarrak baitira. Alfonso Rodriguez Castelao galegoaren O Ollo de Vidro liburuaren hastapenean Mark Twain amerikarraren aipu bat dator: “Humorismoaren azpitik beti ageri da oinaze handi bat; horregatik ez da humoristarik zeruan (Koldo Izagirreren edizioa: Castelao, Kristalezko Begia, Kriselu, 1976)”. Infernuaren ideia honetaz nahiko interesgarria da, bilduma honetan, Virgilio Piñera kubanoaren ipuin bat, hain zuzen ere «Infernua» deritzana: Infernua, azken finean, ohitura maite bat bihurtzen da.

Euskarazko literaturan, eta gure umore beltzaren eskasian, Jon Mirandek eman izan ditu ipuinik politenak. Humore Beltzaren Adibideak izenarekin argitaratu izan direnetan (Patri Urkizuren edizioan: Jon Mirande, Gauaz Parke Batean, Elkar, 1984) batzuk itzulpenak dira dudarik gabe, baina baliteke haien artean orijinalak ere egotea. Masokistaren eta sadikoaren arteko solas ezaguna eskuetan zabalik duzun liburuan ere agertzen da, hamargarren atean, Kostas Axelos izenaren pean, baina ez batarena ez bestearena ez ote den gaude, hau da, inorena ez ote den, guziena dela alegia. Ipuin tipi horietaz aparte, Jon Miranderi bere ipuin luzeagoetan ere umore beltza dario. Eta poemaren batzuetan ere bai, Clementine delako doinuaz abestu beharreko Kattalin horretan esate baterako.

Baina ez gara euskal autoreak aurkezten ari, hamahiru autore arrotz baizik. Hauk dira: Ambrose Bierce, 1842 urtean sortu eta 1913an desagertu zen Ifar Ameriketako idazlea; Hector Hugh Munro, Saki, 1870 eta 1916 artean bizi izan zen kazetari eta ipuin egile britanikoa; Francis Picabia, 1878-1953, surrealista ezaguna; Franz Kafka, are ezagunagoa, bost ipuin laburrekin agertzen da hemen; Sakutaro Jaguiwara, 1886 eta 1942 artean bizi izan zen japoniar idazlea, testu bakar batekin dago; Anibal Machado brasildarra ere, 1894-1964, nahiko ezezaguna, ipuin batekin azaltzen da; Max Aub dator gero, 1903 eta 1972 artean bizi izan zen idazle errepublikanoa, Mexiko aldean erbestean zegoelarik izkiriaturiko gauzekin: Leonora Carrington, 1917 urtean sortua eta Le Cornet Acoustique deritzan nobela harrigarri baten autorea; Virgilio Piñera bederatzigarrena da; hurrengoa Kostas Axelos, 1924 urtean jaiotako pentsalari grekoa; eta Gabriel Garcia Marquez dator gero, ezagunegia, izenez behintzat; azken aurrekoa Pere Calders da, katalana, ipuin egile miresgarria; eta azkena Gonzalo Suarez, asturianoa, zine egile eta idazlea. Hizkuntza desberdinetarik itzuli ditugu, batzuetan autore bakoitzaren obra orijinalean oinarriturik, bestetan bigarren eskuko itzulpenean fidaturik, hau da Sakutaro Jaquiwara, Franz Kafka eta besteren baten kasua. Gainera, beste hizkuntzatan eginiko bildumak izan ditugu haintzat, eta hauen artean ezin dugu aipatu gabe utzi, umore beltzeko bildumetan klasikoa eta eredua delako, Andre Breton surrealistarena.

Gure bilduma hau, dena dela, ez dugu moldatu eredu bat segiturik, ezta kriterio zehatzekin. Posible da hemengo gauzaren bat edo beste umoretsu ez izatea ere; kasu horietan, hasieran esan bezala, umorearen zentzua emendatzea da proposatzen zaizuna. Beltza, ordea, liburu honetan bilduriko ipuinak beti dira beltzak. Beltzak, inprentako tinta legez. Edo Deabruak dituen bi orinak bezain beltzak, bata ezpainen alboan eta bestea zeuk asma zenezakeen lekuan baititu.

Baina ateartean sekretu kondari luzatu baino hobe aterik ate sartzea.

Koldo Mitxelena “MOTIVO ESPAÑOL” [Alcalá de Henares espetxea -Madril-, 1947]

2018 urtarrila 5

→ armiarma.eus: [Literatur emailuak] Koldo Mitxelenaren ipuin kartzelakoa

Agirre lehendakariaren zerbitzu sekretuetakoa izan zen Koldo Mitxelena, Joseba Rezolaren agindupean, kide zituela Sabin Barrena, Pello Mari Irujo, Ander Arzelus “Luzear”, Bernabe Orbegozo “Otarbe”. Madrilen lan egiten zuen Mitxelenak, kontulari Jose Urangaren Maderas Decorativas enpresan, eta bitartean Clasicas ikasten zuen unibertsitatean; baina atxilotu egin zuten 1946ko apirilaren 10ean, eta preso eduki zuten 1948ko urtarrilaren 30a arte. Alcala de Henaresko kartzelan ipuin bat idatzi zuen 1947an, Motivo español izenburua ipini ziona; 1977ra arte gordeta eduki zuen, eta Elizalde sinadurarekin orain 40 urte argitaratu zuen Egan aldizkarian. Preso egondako bat du narratzailea, oso gaixorik zegoen beste preso batez gogoratzen dena.

→ armiarma.eus: MOTIVO ESPAÑOL Koldo Mitxelena

MOTIVO ESPAÑOL
Koldo Mitxelena
Egan, 1977
armiarma.eus, 2017

Kontaketa hau, dena den, Alcalá de Henaresen idatzi nuen lehen aldiz, 1947an, ni ere juizioaren begira, beste asko bezala, nengoen bitartean. Bizkunde aroko Unibertsitate sonatutik ez urruti, bi presondegi ziren han orduan. Bitarteko paretak baizik bereizten ez bazituen ere, biziki ezberdinak ziren, elkarrekin harremanik ez zuten monada bakoitzak. Lantegi gisakoa zen bata, aspaldi ez duela, eta zenbait preso barrenean giltzatuak gelditu zirela, erre zena. Hor aipatzen dena bestea da, inoiz galera izana, hots, emakumeen presondegia eta gero, zenbait urtez, Eimar koronelaren erreinu beltza, gartzela hustu eta gartzelakook erabat Ocañara eraman gintuzten arte.
Lerro hauek zenbait ukitu pairatu behar izan dute. Argitaratzekotan nintzen beti, Espainiarik aipatu gabe edo, eta beti gerorako uzten nuen, azken orrazketa eman gabe. Izan ditzakeen aldaketak, nolanahi ere, hizkerari bakarrik dagozkio, zegoen zegoenean gelditzen delarik gainerakoa. Alde horretarik ere, ez dut gehiegi aldatu. Zahar kutsu horri, nik uste, errazki antzemango diote gure idazle gazte beldurgabeek.
Aitzakia bila banenbil, esango nuke, gezurretan hasi gabe, ez dudala euskaraz honetaz kanpora deus kontatu, zerbait idatzi badut ere, eta erdaraz deus gutxi. Barkakizun izan bekit, beraz, behar nuen bidea hartu ez badut.
Hemen agertzen diren dramatis personae bakanez hitz bi esan nahi nituzke. Hizlaria eta idazlea ez dira berbera, hark nora ezean honen kutsua hartu badu ere. Mintzatzen dena ez da, euskalduna ez ezik, ezta euskotarra ere. Dakidanez, Madrilen bizi zen, bestetan jaioa —Gaztelako herri larri xamarren batean— izanik ere. Bestea, eria, ez da asmatua inondik ere. Eta honek, Madrilen bizi bazen ere, bazuen loturaren bat Euskal Herriarekin, hemen inoiz bizi izan zelako bederen eta, oker ez banago, hemengo batekin ezkondua zegoelako. Zorigaiztoz, eta negargarria ere bada, ez naiz bere izenaz oroitzen.
Aberats gara historialaritzan (magnum prouentum historicorum saeculum hoc attulit, esan dezakegu, Plinio Gaztearen hitzak pixka bat aldaturik), beltzak eta zuriak, zeruak eta lurrak ditugula arteko, eta ez nuke inor mindu nahi aski eta gehiegi dakizkien gauzak esplikatzen hasten banatzaio. Badakizue, beraz, zer zen “Unión Nacional” eta zeren bila zebilen; badakizue ere nor zen Monzon (Jesus) nafarra eta iruinsemea eta zenbatetaraino izan zen elkarte horren sortzaile eta eragile, eta zenbatetaraino ez zen izan. Orduko zenbait izen, Simón Sánchez Monterorena, esate baterako, hagitz ezagunak baitira egungo egunean. Beste zenbait, berriz (hala nola Ocañan afusilatu zuten Zoroarena), ez hainbeste. Inoiz pentsa daiteke damnatio memoriae baten zigorpean gelditu direla hau, hori eta bestea.
Lerro hauek guztien, hilen eta bizien, goretsien eta gaitzetsien, oroitzapenetan doaz argitara. Borrokalekua elkarren aldamenean izan genuenok, hango nahiz hemengook, ez gara elkarren adiskide agertu beti. Adiskide ez, beharbada, baina bai, nahi eta ez, elkarren lagun, ahaide eta are senide. Senide haserre eta sumindu, nahi baduzue.
Idazleak gorrotozko uzta joriaz orduan pentsatzen zuena ez zegoen agian orain axaletik begiraturik dirudien bezain oker. Lekuari dagokionez egin zuen kolpe huts. Hark inorengan ikusten zuen sua etxean biztu zaio, orduko amesgilea bera ere irentsiko lukeen neurrian. Barka bekio, arren, idazlea baitzen bere kaxkarrean eta ez profeta. Nola asma zezakeen sekula tirorik entzun ez duten olerkaririk bakezaleenak ere gudari bipil bihurturik aurkitu behar zituela gurean?

———

Egunaren hurren eguna berriz ere. Eta badirudi, halaz guztiz, arestian ohera naizela. Denboraren lasterra!
Egunerokoari ekin beharko orain. Errejimeneko bulegoan nago eta ez dut lanari buruz kexakizunik: ez da ez neketsua ez aspergarriegia. Gaur, nola sarrera nahiz irteera berririk ez omen dugun, ez dut agertzeko presarik ere. Ez da egiteko astunik izango. Gero, beti bezala, hor etorriko zaigu gure don Pedro. Bizkor horietakoa ez da, beharbada, baina bai aski prestua. Hori, eta ez da hutsaren hurrena, ez dago ukatzerik. Ezta gaztetango beroaldiak, neronen gisan, epelduxe dituenarentzat ere.
Benetako adiskidetasunik ez da, egia esan, gure artean. Nekez izango ere, gainera, daramatzagun uniformeek, grisa bata eta berdexka bestea, bereizten gaituzteino. Kalean bageunde, oraindik, ez dakit. Nolanahi ere, nere gauzen berri jakin nahi izaten du, lehia gogaikarririk gabe. Horren truk, eta hona non dagoen ajea, bereak ematen dizkit aditzera. Kezkatzen duten buruhausteak kontatzeaz gainera, burubide bila ere jo du neregana behin baino gehiagotan.
Urrikarri dudanik ez nuke esango. Gehiegixko ere balitzateke horrelakorik niri, neure buruarenganako gupida azkenik hastandu dudan honi, eskatzea. Daitekeena da, ordea, nik esanak horrexegatik beragatik probetxuzkoago izatea, inoiz edo behin bederen.
Barregarri ere bada, harrigarri ez ezik, hura ibiltzea nere ondotik bere ezbehar eta larrialdietan. Arrazoizko da, haatik, ongi begiratuz gero. Burua urdinduxe duenean lau seme-alaba eta emazte erixka baten jabe gertatzen den gizon helduarentzat bizia ez da maiz aski ihespiderik gabeko zoko galdua baizik. Nik, berriz, ez dut kezkarik. Zorioneko ere banaizela —gizakumeari dagokion neurri murritzean, jakina— esango nuke, antzinatik datorren goganbehar beltz hura somatzen ez banu neure baitan: horrelako hitz harroak direla medio norbaiten, ez dakit noren, ezinikusia neureganatzeko ikara, alegia.
Ez da beti horrela gertatu, ezta alderatzeko ere. DGS-eko kalabozoetan, poliziaren kontrako borrokak artegatzen ninduen batik bat, eramanaren poderioz eta maltzurkeria bitarteko, beti zapaldua neunkatelarik, ari nuen borrokak. Galdaketaz galdaketa nerabiltenean, eta are gehiago gelazuloan ahazturik bezala nengoen bitarte luzeetan, neureari eusten nion, ernai eta gogor. Hormak eta errajak gorabehera, besteri lotua nengoen, kaleko lagunei, eta odol nahiz amoriozkoak ez bezalako lokarriz lotua, gainera. Gau batez, azkeneko saioa bukaturik, alai nenkarten neure zulora, gailen ikusten bainuen neure burua aitortuak izenpetu ondoan. Garaipen honek, jakina, ez zuen inolazko zer ikusirik espero nezakeen etorkizunarekin, ez bainintzen artean etorkizun horretaz arduratu. Preso hartu nindutenetako bat nuen aldamenean: gazte, ile-horixka, itxurazkoa, gorbata urdina zeraman, ongi gogoan dut, gorriz barratua, ezarian begiak lotzen zizkidana. Hizketan zetorkidan, irrimurritza ezpainetan, kontent hura ere bukatu genuelako. Ez zen, noski, lagun arteko berriketarik, niganako agertzen zuen halako urriki hotza baizik. Eta berriz giltzapean uzteko puntuan, honelako zerbait esan zidan:
— Beno, beste bat arte. Ez zekiat ze arraiogatik sartzen zareten horrelako istiluetan. Ea jasoko duan urte mordoxka hori ez den gehiegizkoa gertatzen. A, lehengoa ahaztu zaidak, jakina, eta haren kondizionala…
Eta hitz biluzi hauek gelditu zitzaizkidan, egun haietako irain eta zakarkeria guztien ondoren, gogoan josiak. Loak alde egin zuen. Hitzok belarrietan nituen behin eta berriro, gau eta egun, gupida aire harexekin berarekin. Eta haien oihartzunak ikuskari bat, ustez atzendua, zekarkidan gogora, begien aurrean balego bezain argi. Bost urteren buruan, izan ere, izan zuen asti begi-muinetan ongi itsatsirik geratzeko. Aldatu arren, beti bateko irudia: patio zabala, lau aldeetarik adreilu gorrizko etxez inguratua. Kolore miragarriz janzten du eguzki berriak, distira haserrea dario eguerdian eta bake osinean murgiltzen da ilunabarreko ordu arrean. Bakartasun-ugartea, pareta altuz hesia, jendetza izengabearen kolkoan. Isiltasunezko ur geldi hartan denbora badoa eta, halaz guztiz, egonean dago. Urtaroak ez dabiltza, ibili, elkarren segidan: betiko leloa dute berritzen, aspertu gabe, negua neguaren pare, uda udaren…
Bi urte eta joan dira geroztik. Baldin aipatu dudan sosegu horretaz hasiera-hasieratik jabetu nintzela banio, gezurra nioke. Hasi berri hartan, baita geroago ere, neure erorikoaren ingurumari guztiak aztertzen nituen etengabe. Ezinbestean niharduen horrela, ezin bentzutuzko indar baten morroi, gogoetaren gogoetaz gertatua desgerrarazteko modurik balego bezala. Egin dezagun kontu egun hartan, bezperan nahiz hamabost egun lehenago agitu zen zerbait apur bat —pittin-pittin bat— aldatzen dugula. Eta hona non, aldaketa huts hori dela bide, beste gertakari andana sortzen den, bata besteari lotura estuz lotua… eta, halere, preso hartzen ez nautelarik. Eta bestelakatze hori, nola edo hala, hogei, ehun, mila bider lortu nuen. Joko horrek, gauez batik bat, etsai gaiztoa bailitzan menderatzen ninduen eta ez zen eskapatzerik.
Gero, urteen joana dago beti gogoan nahiz gogapean. Bai, badakit esana dudala, behin baino gehiagotan, denbora ez dela mugitzen leku hauetan, eta ez diot neronen esanari ukorik egingo. Ez du oinik higitzen, baina oinatza uzten du ondotik. Guztia erretzen eta suntsitzen duen erregaia da: ilea, hortz-haginak, azala… Eta hori guztiori, sentikoitasun zorrotzago baten bitartez, nabari duzu zerorrek, den ttikiena dela. Erretzen ari den kandela zara, erretzen ari zarela dakizuna. Garrak ez dizu minik ematen, baina, zeure burua deuseztatzen ari dela dakizularik, sudurretan duzu beti urtzen ari den argizagiaren kiratsa.
Gero, poliki-poliki, bakeak egin nituen neure buruarekin. Berez nagusitu zitzaidan aldarte hori, ez saiatu nintzelako, segur aski, eginahalak egin arren baizik. Arian-arian ulertu nuen, argi baino argiago, ez nuela nik nengoen egoeraren kulparik: ez nik, ez don Pedrok, ez beste edozein goardiakok, ezta azkenik juzgatu ninduten militarrek ere. Ez zegoen inoren bizkar egotz zitekeen erantzukizunik. Are gehiago, eta hau da gehien zihoakidana, behar bezalakoa zen nere egoera. Ez zen, zeru garbitik behera amiltzen den oinaztarriaren pare, ustekabean jo ninduen erauntsi miresgarria. Ez. Neronen zoria zen, neure herriarena, neure belaunaldiarena. Saihestu nuen, bada, anartean suminez bezainbat saminez oinazetzen ninduen neure buruarenganako gupida. Bestelakoa zen, egia, zenbait kidekoren zoria eta, hagitz bestelakoa izateaz gainera, baita hobea ere, itxuraz behintzat. Besterena zen, ordea, ez neurea eta azkenik heldu nintzen, egiaz ari naiz, hori bekaitzik gabe aitortzera.

Aldi joana isila dut eta ez nau ustekabean asaldatzen. Haurtzaro eta gaztarokoa suntsitu zen: beste mundu batekoa da eta ez dut aspaldian mundu horrekin lot nazakeen elkarbiderik. Bestea, arestikoa, hain izan zen laburra… Urtebete iraun zuen, doi-doi. Orain gogora dezaket larritu gabe, baina ez naiz hartaz gehiegi arduratzen. Gibelaldean, urruti, dagoen oihala da, erdi argi erdi ilun, eta lehenak zauri ez nazan, kristala dut bitarteko.
Lanean ari nintzen, gau eta egun. Hala behar ere, gogorra baitzen bizitza, batez ere urte hilen pisua arrastaka generamanentzat. Berandu agertu nintzen, gainera, leku hutsik gelditzen ez zen mundura. Lehian atertu gabe, berriz eta berriz. Eta han nonbait, zoko ezkutuan, ehiztarien ihesi dabilen piztiaren sena, zelatan dauzkan arriskuen begira.
Orduan ezagutu nuen. Ez naiz ongi oroitzen noiz eta nola egin genuen topo lehenbizikoz. Bestela bezala gertatu zen, ez bainion nik antzeman berekin zekarren ezkutua. Hurbiltzen gindoazkion elkarri konturatu gabe eta bat-batean eguna zabaldu zen ene baitan, eta aspaldidanik ametsetan ere ahazturik neukan soinuaren lehen hotsak entzun nituen berriro.
Udaberri hatsarrean, gogoan daukat, elkarrekin gindoazen igande goiz batez, aldirietan barrena. Lanbroak, eguzkiak artean uxatu ez zuen lanbroak, bere ganduz estaltzen zituen bazterrak. Haren besoan nuen eskua eta ukitze arin horretan bizi nintzen ni oso-osorik. Hotzak zurbildua zuen aurpegia. Noizean behin, haize mehearen hotzikarak inarrosten zuen eta, batak besteari begiratzen genionean, den-dena —hura, ni, inguru lanbrotuak— gatzaturik gelditzen zen, sosegu betezko geldiune soil batetik dilindan.
Neure burua berriz ere presondegian ikusi nuenean, haren irudiari lotu nahi nintzaion eriosuar. Haren beroak inguratzen ninduen ametsetan eta eguargiz. Elkarri idazten genion. Gero, ez dakit ongi zer gertatu zen. Bitarteko genituen kartek eskaintzen ziguten gaia idorregia zen, agian, eta alferrik egiten genituen leherrenek asperturik eta gogaiturik utzi gintuzten azkenean. Dena den, gero eta bakanago agertzen ziren eskutitzak; azkenik, mututu ziren. Ez diot sekula txartzat hartu. Horrelaxe garabiltza bizitzak. Hura urrundu zuen eta azken batean nerau naiz, segur asko, urrutien saihestu nauena.

Neurean naiz berriro. Beharrik (hola aitortu behar orain), ez nintzen luzaroan libre egon, gero mira egiteko adina ez, bederen. Aspaldiko bazterrak ezagutzen ditut eta haien neurriei egokitzen saiatzen naiz, debeku larririk gabe. Kondenatu berri hartan, mingarri zitzaidan penatuen uniformea jantzi beharra. Orain ikusten dut zein oker nengoen. Hori zen, izan ere, niri zegokidan janzkera, beste edozein jantzi-erantzikoa bailitzateke neretzat. Grisa da kolorez, apala, eta soinean dudanean naiz naizena: itzal-herriko itzal ilauna.
Ezinbizirik ez dudala esana dago. Edozein aldetarik begiratuta, pasamodu moldatzen naiz. Gainean dudan zigorra, zortzi urte, ez da gehiegizkoa. Horretaz gainera, bai, bestea dago, gerratekoa. Lintzura lintzuraren hurren, eta zenbatenaz ere lehiatzen zaren oinak lehorrean landatu beharrez, hainbatenaz murgiltzenago zara lokazpean. Zorionez, ordea, hemen pasa beharko dudan epea luzeegia da, onenean ere, hainbeste lagun atzipetu dituen kontaketa likits horretan neure burua iraultzeko, falta diren egun, aste eta hilabeteen kontaketa, gehigarriak eta ken-beharrak barne. Eguneroko kontaketa aspergarriaz ari naiz, azken ekoizpena aldez aurretik dakiguna izango ez delako irudipen zoroz behin eta berriro hasten dugunaz.
Bizitzeko adina badu gorputzak. Badut anaia, anaiak laguntzen dit eta laguntza hori, hemengo lanbideak ematen didanaz gain, aski eta sobera dut. Haren laguntza ez da beste mundukoa, egia, baina nola eska gehiagorik? Gehiegi ere egiten duela iruditzen zait, zenbaitetan.
Haren bisitek, lehenbiziko hartan, nahigabetzen ninduten. Ezin konpreni hark, etxea oinarri sendoen gainean eraiki uste zuen guraso hark, nere jokabidea: erokeria, bere iritzi zentzudunen arabera. Ni, berriz, zaurietan zirika somatzen nueneko, hitza ezpainetarik jaulki baino lehen sumintzen nintzaion. Izan ere, neuri zegokidan, ez besteri, neure bizkar eroria nuen zorigaiztoaren erantzun-beharra eta, hori zela bide, maiz azkendu genituen geure ikustaldiak haserre bizitan. Orain, besterik da. Ez dut uste ene jokaera ulertu duenik, baina badirudi behintzat nitaz eta neure zoriaz etsi duela. Nik, aldiz, bere buruagan eta zimendutzat hartu duen lurrean hain dut aurkitzen fidatua, non inoiz edo behin beldur bainaiz ez ote dion lur horrek huts emango egun edo bihar, haurtxo bat bezain ahul eta zurtz gelditzen delarik. Ez dakit, gainera, beldur naizen ala gogo dudan.
Orain ez dut deusetan larregi sinesten. Denbora batean, ordea… Orduan neure buruarenganako adina neure oinaze-lagunenganako sentitzen nuen urrikiak zapaldua nendukan. Zuri eta beltz ikusten nuen zuzentasun eta bidegabekeria hitzen erabateko balioa. Munduak ezin zezakeen eraman eta ontzat har hemen barrena ikusten genuenik eta, goiz edo berandu, saiatu beharko zuen makurrak zuzentzen, zauri gaizkoatuak gorputz osoa ustel ez zezan. Ez jakin nik artean gorrotoa eta indarkeria munduaren errai-erraietan kokatuak ditugula. Ene xinplekerian, borroka, nolabait esan, on eta gaizkiaren artekoa zelakoan nengoen. Geroago ikasi dut gizonen hitz sutsuek, gora-goraka garraren irudiko dabiltzanek, ez dutela zer ikusi askorik gertakizunekin. Doinu ederra darie, baina ez dator bat gauzen marmar traketsarekin.
Kaleko lagunak joan zaizkit gogotik. Halako batean, hemen topatu dut bat edo beste, gure artean. Aldatu egin gara, ordea, bai haiek eta bai ni. Etena da antzinako lokarria eta oroitzapena bera ere ezabatuz doa.
Ez dut adiskiderik. Ezta premiarik ere, neure buruarekin ongi konpontzen naiz eta. Patioratzen naizenean, gogoz egoten naiz lur-koloreko nekazari talde bati edo besteri begira. Ez dakite beharbada zer-nolatan jo duten hona, baina ez dute haatik ez auhenik ez arrenkurarik isurtzen. Ez diete, gainera, kasu gehiegirik egiten esplikatu nahiz etengabe ari zaizkienei.

Adiskide bat izan dut, egia esan; ez, haatik, bila ibili nintzelako. Herritarra nuen, eritegian zeukaten gizon heldua. Halako handitsu gisakoak sortzen zitzaizkion iztarte-galtzarbeetan, hemen desagertu ahala han agertzen zitzaizkionak. Hauek ziren, behinik behin, gogoan ditudan gaitzaren ezaugarriak. Gaitza zein izan zitekeen ez dakit nik, ez zekien berak eta ikusi zuten medikuek ere ez bide zuten ezagutzen. Guztiok genekiena, eta berak ere bai apika, axalean besterik sinetsi nahi bazuen ere, hauxe zen: ez zuela sendabiderik. Ez dakit zerk neuregana zuen hain bortizki. Aldi joanak, noski: ezinarekin borroka berriz, bederik behin, ikusi behar zuen aldiak. Nigan jaioterria somatzen zuen nonbait, igande arratsaldeetako bake eguzkitsuan emazte-alabekin egiten zituen ibilaldiak, plazan gazte jendea dantzan ari zen bitartean. Erregaliaz betetzen ninduen eta emazteak, Jainkoak daki nola, sortzen zizkion huskeriak niri harrarazi beharrean zebilen beti. Eta kontu gero, nik inoiz neure aldetik zerbait eskaini nahi banion! Aldamenean behar ninduen, eritegia zabalik zegoeino. Lozorroan aurkitzen nuen zenbait aldiz, sukarraren mende; ernai, berriz, beste zenbaitetan, hobeki zegoelako pozez. Honelakoetan, patxada ederrean mintzatzen zitzaidan familiaz, denda-mutil gisa pasa zituen urte luzeez, gero, lanaren poderioz, denda-jabe bihurtu arte.
Noizean behin, bere hondamendia eta etxekoen eramankizunak gogora zetozkionean, haserre kiskalgarriak hartzen zuen bat-batean. Izan ere, bazuen haserrabiderik, gauzak harako zenbaiten ahotan oraindik “normaltasun” deritzan haren neurriz neurtzen badira, behinik behin. “Unión Nacional” zela eta, juez-agiriak zioenez, diru pixkaren bat eman zuela, zenbait paper irakurri eta zabaldu, eta kito: hamabi urte eta eguna lepora zizkioten. Bera, ordea, nahiz holakorik franko gertatu bazterretan, etsi-etsia zegoen berari egin zioten bidegabekeriak mundu osoaren izaera eta egoera nolaerebait bere onetarik atera zuela eta destokitze horrek ekarri beharko zuela, nahi eta ez eta luzarora gabe, zegokien eraso ikaragarria bere borreroen gainera. Nik, jakina, ezin nezakeen horrelakorik sinets. Pertsona gehiegi ikusi baititut heriotzara zeramatzatenean, egungo egunean nik eta bestek ahazturik dauzkagunak, eta haien hitzak entzun, esperantza horrek, zuzen-egarri horrek berberak sutan zeuzkanak. Ez nion, ordea, ezer esaten. Irudipen hori zuen, segur aski, gorputz ustelduxeari osorik eusten zion lokarri bakarra.
Ahulago zegoenetan, kartak idaztarazten zizkidan, eta ez zen atsegin izaten ahotik zerion nahaste urrikalgarri hura entzutea. Emazte-alabak, berak urrea bezala bizitzea nahi, merezi zuten gisan, eta mixerian ikusteak kupitzen zuen. Neskametzan zebilen emaztea, alaba berriz haurtzain edo zeukan nonbait eta ezin eraman zezakeen haiek horrela ikustea, premiazkoenari ere uko eginez, berari hain janari garestiak bidal ziezazkioten. Eta halako batean, besterik gabe, sumintzen zitzaien eskatua zeukan hau edo hori pardelean etorri ez zelako. Eta hori noiz gertatuko eta orain gertatzen, hain zuzen, medikuak hitzeman zionean ez zeukala gaitzik egonak eta ongi janak sendatuko ez zionik. Nahigabe oihuaz bukatzeko: “Ez dakizu, ezin jakin dezakezu, kuttun horrek, zenbatetaraino mintzen nauten nere erruz, nere erruz bakar-bakarrik, ikusi behar dituzunak. Inoiz edo behin, behinik behin, paga albanitza nik nolazpait ere ni naizela medio sofritu dituzuen nekeak!”. Horixe zeukan gogoan josia, eta behin eta berriro, aterraldirik gabe, agertzen zen lelo hori jasotzen zuen, haren ahotik jaulki ahala, nere luma hotzegiak, ikararik gabe.
Emaztearenak ere erakusten zizkidan. Ez zuen letra batere itsusia, astiro eta nekez idazten duen pertsona batena izan arren: “Nola pentsa dezakezu, Antonio bihotzekoa, zutaz ahaztu naizenik? Joan den astean ez nuen eskatzen zenidana bidaltzeko modurik izan. Ez berandets, ezinbestekoa izan baita atzerapena: hurrengo aldian hartuko duzu. Diozun botika hori ere sortuko dizut, luzatu gabe. Eta, batez ere, zaude trankil, larritzeak beste edozerk baino kalte gehiago egiten dizu eta. Ez duzu gutaz arduratu beharrik. Ongi konpontzen gara”. Eta azken aldera nexkaren eskutikako lerro pare bat, zuzen baino okerrago amaren esanera eginak. Iluntze oro, han uzten nuen eritegiko ohean, karta eta oroitzapen. Iratxoak ere, gau isilean lapur antzera barrentzen diren aurpegi nahigabetuak, ez zebilzkion urruti.
Kemenak ahitzen ari zitzaizkion, nolanahi ere, eta ezin gorde bere buruari gaitza gaizkitzen zihoakionik. Halaz guztiz, medikuen zabarkeriak eta sendagairik ezak zuen errua, ez bestek. Ai, behar bezala zainduko balute!… Eginahalak eginak ziren eri-presondegi batera eraman zezaten, baina horretarako behar zen agindua, hila joan eta hila etorri, ez zen oraindik ageri. Horrek erretzen zuen gizona, ikusten baitzuen, ikusi, egunak igaro ahala, esperantza ere urritzen zihoala.
Agindua etorri zen azkenik eta eramaileak ere bai, aginduarekin batera. Berri honek, ordea, hainbeste hilabetez gogoan eta ahoan itsatsia zeukan berriak, poztu beharrean, beztiduraren irudiko isiltasun beltz batez estali zuen. Igarri zion, nonbait, tokialdatze hori ez zela itxaropidearen hasiera, azkena baizik. Mutu eta uzkur, arretaz bildu zituen bere puskak, eta ez zion inori laguntzen utzi. Nere besoaren arrimuan ibili zen azkeneraino. Aldendu beharra ailegatu zenean, estu eta larri lotu zitzaidan besarka, niri eta bizitzari batean agur egiten bailigukeen. Kezkatan nengoen ez ote zitzaidan erantzunaren motelaz ohartuko, baina ez zen konturatu, gainezka zeraman oinazean igeri baitzebilen.
Egun gutxi barru jaso nuen agindu zidan eskutitza. Bizpahiru karta joan eta etorri ziren, presondegitik presondegira ibili ohi diren kontrabandokoak, hutsaren hurrengo huskeriak itzulingururik nahasienen bidez adierazten dituzten horietakoak, alegia. Gero, hilabete batzuen buruan, hilberria etorri zitzaidan, soil-soilik. Ez ninduen ustekabeko saminez jo. Ez zen ordurako errainu hits bat besterik. Ondotik pasatzen zaizkigu horrelakoak, hurbilxeago nahiz urrutixeago, biziak edo eraginik, eta ezerezean murgiltzen dira gero, gartzelaren lau paretak inguratzen dituen ezerezean, harria itsas hondargabean hondora doan moduan.

Bada beti hemen juizio-zain dagoen jende berririk. Iturria ez da agortzen, eta hala behar ere. Eskarmenturik gabeak dira batzuk, ezina egin nahian penagarrizko estiran luzaro urratzen direnak, hemen bizi behar baitute gorputzez gogoa kanpokoei lotua dagoen bitartean. Beste batzuek, berriz, ia Espainiako presondegi guztiak ezagunak dituzte. Maiz jotzen dute neregana bere arazoekin, dudan karguak bai baitu nahikoa zer ikusi hemengo bizimoduarekin. Hori dela bide jakin ohi dut besteren iritzi, asmo eta ametsen berri. Eta, nahiz hauek aski ergelak izan frankotan, zuzen ateratzea ere gertatzen da, eta ihes egiten didate orduan neure eremuetarik. Nolanahi ere, etsirik ez diot inori ematen. Ez nabil horien gezur-ametsen premian, baina ederki ikasia dut, neure bizkar, ikastaldi neketsu batek bakarrik eraman gaitzakeela geure buruaren jabe, ez irudipenen eskuko, izatera.
Gau batzuetan, ohi baino alaiago etzaten naiz. Halako ezinegon beroa nabari dut gogo barrunbean. Ongi ikasia naiz egiaz mantentzen eta izen kontsolagarriak zokoratuz izanari atxikitzen. Badakit, ordea, gorrotoa ez dela izen soila, gaur ezer baldin bada. Eta pozik nago, bai baitakit ongi baino hobeki, burukipean gogor eta biribil baneuka bezain ongi, ereindako hazi ugaria hazten eta mardultzen ari dela ni lo nagoeino. Eta amets bat egiten dut, berbera beti: garrak, zentzuz beterikako gar ederrak, dantza eta jauzi dabiltza gau-zerua gorrituz, eta haizeak sakabanatzen ditu lurraren gainean milioika txinparta bihurturik.
Holaxe dihoakit bizia, soseguz, isilik. Badut, haatik, goganbehar bat, ezin menderatuzkoa. Badakit, somatzen dut, hor nonbait gelditzen zaidala zain-mutur minberaren bat. Haren pilpira sorra nabari dut aldizka. Eta beldur naiz beti edozein huskeriak —zuhaitz, bazter ezagun nahiz gorroto ditugun begi maiteen oroitzapenak— ez ote didan, egun edo bihar, agerian utziko, taupaka, ikaragarri…

[BERRIA egunkaria] Kartzelako bizitzari aurre egiteko tresna

2017 abendua 29


Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

→ berria.eus: Kartzelako bizitzari aurre egiteko tresna

Kartzelako bizitzari aurre egiteko tresna

Presoek espetxeetan idatzitako azken literatur lanak plazaratu ditu, urtero legez, Ataramiñe argitaletxeak. Urtekariaz gain, bi liburu eta haurrentzako ilustrazio liburu batek osatzen dute 2017ko bilduma

Asier Arrate Iruskieta

«Presoak beti daude idazten. Horrekin erakusten dute bizirik eta lanean direla, kartzelako bizitza borroka horretan». Preso zela hainbat liburu idatzi zituen Mitxel Sarasketak, eta, orain, euskal presoen lanak argitaratzen dituen Ataramiñe argitaletxeko koordinatzaile da. Barrutik ezagutzen du sorkuntza egarri hori, eta beste presoen sorkuntzak kaleratzen laguntzea du helburu orain. Presoek kartzeletan sortutako aurtengo lanen bilduma aurkeztu dute orain Sarasketak berak eta Oier Gonzalezek.

Narratiba, bertsoak eta komikia uztartuz, presoen egunerokoaren, pentsamenduen eta sentipenen bilduma da Ataramiñeren aurtengo uzta. «Ataramiñek biltzen du kartzeletako historiaren zati bat, literaturak ematen baitu kartzeletako bizitzaren testigantza», adierazi du Sarasketak. Koordinatzaileek gogoratu dute Ataramiñek argitaratutako guztia lan kolektiboa dela. «Ezingo genituzke lan hauek argitaratu askoren konplizitaterik gabe». Egileen ziegetatik argitaletxearen eskuetara heltzeko beharrezkoa den «konplizitatea eta laguntza» nabarmendu dute. Kartzelan sortutako idatzi oro jazarria dela gogorarazi dute, eta sarritan galtzen direla lanak bidean: «Kartzelariak horien atzetik ibiltzen dira».

Arazoak arazo, asko idazten da kartzeletan. Hala azaldu du Sarasketak, eta horregatik ari da Ataramiñe, 2002. urtetik, oztopo horiei aurre egin eta presoen lan literarioak argitaratzen. «Ordutik hona argitaratu dugun guztiak pisu handia dauka, bertan biltzen baita kartzeletako historiaren zati bat». Sormenaren bidez ematen dute presoek kartzeletako bizitzaren testigantza, haren esanetan.

Bide luzea egina du Ataramiñek presoen literatur sorkuntzaren zabalkundean, baina Gonzalezek argi utzi du argitaletxearen bokazioa zein den: «Desagertzeko sortu zen editoriala, eta, lehenbailehen bada, askoz hobe». Pixkanaka autorez husten ari den argitaletxea dela azaldu du koordinatzaileak, eta hori positiboa dela. Aurten aurkeztutako lanen egileetako bi, Ekhine Eizagirre eta Jexux Mari Zalakain, kalean dira gaur egun. Ataramiñeren autoreak murrizten ari dira, baina zerrenda guztiz hustu arte presoen sorkuntza lanak argitaratzen segituko dute. Aurten, lau liburu aurkeztu dituzte.

‘ATARAMI�ÑE ’17 URTEKARIA’

Ataramiñe Urtekaria da argitaletxearen urteetako lanaren irudi nagusietako bat. Urtekarian biltzen dituzte urtero-urtero presoengandik jasotako sormen lanak. Sarasketaren esanetan, urtekarien bildumarekin marraztu daiteke euskal preso politikoen kronika. Aurtengo alean, hamahiru sortzailek hartu dute parte, eta hainbat generotako lanak aurki daitezke bertan: literatura, komikia, ilustrazioak, poesia eta kronika. Berrikuntza gisa, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) urtarrilean egin ohi duten presoen literatur lanen errezitaleko pasarteak ere txertatu dituzte aurtengo liburuan.

Bilduman denetarik aurki daiteke, autoreen sormenaren isla. Koordinatzaileek azaldu dutenez, sorkuntzak berebiziko garrantzia du kartzelan. Baina kartzelako sormen lanak badu beste esparru batzuetan ez duen zentzu bat ere, argitaletxeko kideen esanetan. «Sorkuntza, espetxearen testuinguruan, heriotzari, burua galtzeari eta gaixotasunari aurre egiteko tresna bilakatzen da». Ataramiñeren aurtengo bilduman aurkitzen diren lanak, koordinatzaileen hitzetan, «osasunerako bide eta denbora kudeatzeko tresna» dira.

Bildumaren azala Itziar Morenok marraztu du. Hain zuzen, bai Morenok bai Ekhine Eizagirrek azken urteotan egindako ekarpena nabarmendu du Sarasketak: «Bereziki aberasgarria da, emakumearen eta militantziaren irudikapen ederra aurki daitekeelako beraien lanetan». Kontrazalak, berriz, joan den uztailean Badajozko espetxean (Espainia) bihotzekoak jota hildako Kepa Del Hoyo dakar gogora.

‘ERREZEL BERDEAK’

Kartzelan pasatutako zortzi urteetan, hainbat lan argitaratu zituen Jexux Mari Zalakainek: Kartzelako kronikak 2016an; Njat el Hachmiren Azken patriarka eleberriaren itzulpena iaz; eta Josep Plaren Kale estua liburuaren itzulpena aurten. Horiei guztiei, Ataramiñeren bidez plazaratu duen azken lana gehitu behar zaie: Errezel berdeak. Izenburuak Zalakainek ziegan zituen errezel edo gortina berdeak ditu inspirazio iturri. Horien bitartez ikusten zuen mundua Zalakainek, eta oroimen horiek jaso ditu liburuan.

Leiho horri begira, denboraren barnean sartu, eta bere bizitzaren errepasoa egiten du autoreak liburuan. Bere bizitzaren gorabeherak, kaleko bizitza eta kartzelako pasarteak tartekatzen ditu. Egun, kalean da Zalakain, baina liburua kartzelan idatzi zuen. Azken atalean, ordea, orri batzuk gorde ditu kalera atera osteko hausnarketak txertatzeko.

‘AXELKO ETA OTSOKO’

Axelko eta Otsoko haurrentzako ilustrazio liburua da. Azeriaren eta otsoaren ipuin herrikoia du oinarri, eta irudia eta bertsoa uztartzen ditu. Oztopoei aurre egiteko laguntasunak duen garrantzia da lanaren ardatza. Gonzalezek gogoratu du Kepa Etxeberria eta Xabier Ugarte egileak kartzela ezberdinetan daudela eta, horregatik, nabarmentzekoa dela tankera horretako lan bat argitaratzeko gai izatea.

‘UDABERRIAN BIZIKO GARA’

Ibon Muñoaren laugarren liburua da aurtengo uztaren beste lanetako bat: Udaberrian biziko gara. Muñoaren lan guztiak bertso liburuak dira, eta ordena kronologikoan bilduta daude. Azken lanean, aurrekoetan bezala, kartzelaldiak eragindako oroimenak, ametsak, desioak eta hausnarketak biltzen ditu egileak. Muñoak liburuan dioen bezala, bere «ametsen txokotik» idazten du.

Ibon Muñoa “UDABERRIAN BIZIKO GARA” liburuaren aurkezpenean

2017 abendua 13

Atzo aurkeztu genuen Ibon Muñoaren Udaberrian biziko gara liburua Eibarren, Beleko tabernako giro epelean. Argazki kolektiboa eskaileretan egin eta Ixidroren ahotsera bildu ginen denok, taberna beteta, aurkezpenaren lerroetara: Jokinen bertsolari gazteak Ibonen eta bertan ginenon lotura emozionala egin zuen hiru bertsotan; Mitxelek Ataramiñeren ildoan jarri zuen Ibonen idazteko zeregina, Ibonek bertsoetan sortzen duela bizitza esan zuen, ametsen txokoan jarri eta kartzelaldiak eragindako oroipen, desio eta hausnarketak bertsoetan antolatu eta bere buruarekin eta inguruarekin komunikatzeko erabiltzen dituela. Ataramiñeren zeregin kolektiboa azpimarratu zuen eta presoen lanak kaleratzearekin presoak beraiek kaleratzen ez baditugu ere, hurbildu eta gure artera ekartzen dugula, presoaren mundua osatuz, inguruarekin bat eginez, zirkulua zabaldu eta oinarri emozionalaren bizitza sortzen dugula horrela. Trunboik bertso bat eskaini zigun. Amaiak, liburuko hitzaurrea egitea beretzat azkenean ohorea izan dela esan zuen, eta liburua irakurtzen idazle on bat aurkitu duela azpimarratu zuen, Ibonek aurkezpenerako bidalitako testua irakurri aurretik. Isidrok ahots ozenaz kantatu zigun, besteren artean “idatzi nahi badidazu, badakizu non nagoen”, Iboni gutunak idazteak duen balioa gogoratuz bide batez. Maitek Itsas ontzi baten kanta egin zuen bere estilo sarkorrean, “etorriko naiz, egunen baten, pozez kantari”. Amaitzeko #OrainPresoak leloa ekarri genuen gogora, mobilizatzeko deialdia, Pariseko eta urtarrilean Bilbon egingo den mobilizazioen gogoetekin, tabernako argiak piztu eta pintxo, ardau eta garagardo hainbatekin gauean sartzen joan ginen, liburuarekin besapean etxeko bidean, Ibonen lerroetatik amets egiten. Mertsi, Ibon!

 

 

UDABERRIAN BIZIKO GARA liburuaren aurkezpenerako

Eskerrik asko aurkezpenera etortzeagatik.

Nire esker ona Ataramiñeri liburu hau argitaratu didalako. Eta baita ere gerturatu zaretenoi eta aurreko liburuak zabaltzen edo koadernatzen aritu zaretenoi.

Udaberrian jaio eta maitemindu nintzelako, niretzat aro hau betidanik garrantzitsua izan da. Bestalde, udaberria pizkundea da. Natura berriztu eta loratzen du. Berarekin egunak luzatzen dira; Bihotzak pilpiratzen; Bizinahia handitzen zaigu; Neguko ajeak osatzen zaizkigu; Arinago ibiltzen gara.

Udaberria sorkuntzaren lehengai bat da. Nahiz toki batzuetan ez duten udaberria ezagutzen (arbasoentzat uda eta negua baino ez ziren existitzen), antzerako sentimenduak sentitzen ditugu. Geurean edozein artistarentzat udaberria etorri edo musa da.

Udaberriak zuzenean Euskal Herrira eramaten nau. Eibarrera. Arratera. Eta bere xarmak xaxatzen nau gizatasunaz, elkartasunaz, feminismoaz, aberriaz… idatz dezadan. Errepresioa, euskararen egoera, migratzaileen sufrimendua… sala dezadan. Maitasuna eta izadia gora ditzadan.

Kartzelan udaberriaren argia eta tenperatura epela eskertzen ditugu. Horri esker hormatxoriek alaitzen gaituzte. Enarek hegaldiekin liluratzen.

Niretzat udaberria Euskal Herriko askatasunaren metafora da ere. Gatazkaren konponketarena. Aurten udaberriak Baionan bakearen artisauen eta erakundearen emozioaren momentua eskaini digu. Halaber, Korrikarena; Aberri Egunarena; Maiatzaren Lehenarena.

Udaberri, udalehen bedatso, primadera… izen politak jaso ditu bizitza delako. Geurean borroka gaitezen udaberria urtaro bakarra izan dadin. Hola gure herria loratuko da. “Udaberrian biziko gara”.

Sorkuntzak gustura irakur itzazuela opa dizuet.

Eskerrik asko zuen arretagatik.

Maitasunez agurtzen zaituztet.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta, Kordobako espetxean gatibu.

P.S.
DEDIKATORIA: Gure udaberriari, euskal iheslari, preso eta gaixoei, bakearen artisauei eta elkarbizitzari.

Ibonen kartzelako egoeraz

Kartzelan 2000. urteko urriaren 21etik nago (urriaren 17an atxilotu ninduten). 2014. urteko martxoaren 21etik Kordobako espetxean nago 15. moduluan (isolamenduan). 2020. urteko urriaren 11n libre geratuko naiz.

Nire erregimena, hau da, kartzelako sailkapena 91.2 da. Hemen gauden gainerako kideak bezala FIES arautegia ezarrita daukat.

Hemen gauden kideak bi galeriatan banatuta gaude. Ni patiora 2. galerian nirekin dauden Lesakako Igor Portu eta Trapagaraneko Oskar Calabozorekin ateratzen naiz. Beste galerian sei kide daude. Bisiten egunetan izaten dugu eurekin eta emakumeen moduluan dagoen kidearekin hitz egiteko aukera.

FIES arautegiaren menpe gaudenez, geure bizi-baldintzak bigarren gradutako modulukoak baino txarragoak dira. Hemen seguritatea eskubideen gainetik dago. Patiora egunero ateratzeko eskubidea dugu (lau ordu egunero), eta kirol gelara asteko bi egunetan (aldi bakotzean gutxi borabehera lau ordu).

Patioa luze zabalean txikia da (24x10m) eta kirol gela berriz (12 x 8m), zoritxarrez kirol ariketak egiteko baliabide gutxi dauzka. Dena dela, moldatzen gara.

Ziegan ematen ditugu eguneroko gainerako orduak, 20 ordu.

Mintzalekuak erosoak diren arren batzuetan zailtasunak izaten ditut lagunen hitzak entzuteko. Bisitak 40 minutu irauten ditu. Zapaturo goizeko hamarretan hasten da.

Aurrez-aurreak ordu bat eta erdi irauten dute. Ia beti zapatuetan goizeko bederatzitan egiten ditut. Etxekoak zein lagunak (hauek mintzalekuetara etor daitezke bakarrik) aldi gehienetan Mirentxin furgonetan etortzen dira.

Komunikazio guztiak interbenituta ditut (bisitak eta telefono deiak). Gutunak berriz (bidalitakoak eta jasotakoak) Madrilek oniritzia eman arte erretenitzen dizkidate (hiruzpalau aste). Astero bi gutun bidal ditzaket. Baina hiru arazo barik bidaltzen ditut. Astero 5 minutuko zortzi dei egiteko eskubidea daukat.

Ziega erosoa da dutxa daukadalako. Bestalde, balda asko eta mahai handi samarra dut. Komuna eta konketa metalikoak dira. Ziegako gauzarik txarrena leihoa da, sei barrote edukitzeaz gain, burdin sare bat ezarrita duelako. Bestalde, leihotik bost metrora horma bat dago. Hori dela eta, ziega egun motzen garaian oso hotza da.

Ziegan ezin ditugu eduki bizarra egiteko aitzurrak, eta ezta poto metalikorik ere. Edo erratzaren kirtena. Azken hau eta aitzurrak (orraziak eta azazkala mozteko tresna) gosarian ekarri eta ondoren eramaten dizkigute. Atun poto bat, edo garagardo bat, edalontzi edo plater zerbitzatzen dizkigute bazkaltzeko edo afaltzeko orduan. Bestalde, patiora ura atera dezakegu bakarrik. Bertara kafea ekartzen digute.

Espetxezainen nortasunaren arabera ziegatik atera eta sartzerakoan ondasunen araketak zorrotzagoak izaten dira. Eta baita ere bizi-baldintzak.

Euskal Herritik urrun nagoenez asteburuan urduri egoten naiz jakin arte gu bisitatzera datozen senide eta lagunak onik iritsi eta itzuli diren.

Estresa da etsairik txarrena. Ni beste kide batzuek bezala espetxearen diziplinaren eraginez estresatzen naiz. Espetxezain batzuk lanera baino izorratzera etortzen direnez, egun horietan giroa eskasa izaten da. Preso arrunta batzuekin ere estresatzen naiz. Isolamenduan dauden gehienak psikologikoki gaixorik daudenez, eta menpekotasun asko dituztenez, noizbehinka, euren arteko borrokak ikusten ditugu. Eta ziegan gaudenean euren arteko zaratak eta irainak entzuten.

Iazko abendutik nago zain ospitalera eraman nazaten eskuineko ingilinalean daukadan etena ikus diezadaten. Zaballan, Osakidetzak duenez gu artatzeko ardura, ziur aski nire osasuna hobeto zainduko nuke.

Hemen ezin ditut entzun eta ikus-entzun, Euskal Herriko irratiak eta telebistak. Hemen gaztelaniaz bakarrik entzun eta ikus ditzaket komunikabide horiek. Eta, gainera, albisteak euskaraz ezin entzuteaz gain, geure herriko jendartearen kultura, politika, kirola eta ekonomiako gorabeherak ezin ditut bat batean jarraitu. Bestalde, Gara eta Berria egunkariak bataz beste bost eguneko atzerapenarekin jasotzen ditugu. Jaiki Hadiko psikologo, haginlari eta medikuak debekatuta daukate gu ikustera etortzea. Dena dela, sakabanaketaren eraginez ez da erraza gu gauden kartzela guztietara iristerik.

Abokatuei buruz beste horrenbeste esan dezaket. Eta gainera, ziur aski, laster epaituko dituztenez auzi makro horietako batean ia ezinezkoa egingo zaie gu ikustera etortzea.

Nik gaur egun, ikasten ez nabilen arren, ikusten dut kideak zelako zailtasunak dituzten ganoraz ikasteko, zeren, euren tutoreekin ezin dira elkartu azterketaren eguna arte. Eta bakarrik izan dezakete urtean zehar harremana eurekin gutunen edo etxekoen bitartez.

Ahaztu zait aipatzea, espetxe honetan zailtasunak ditudala bigarren gradua lortzeko, egin beharreko bidea egiteko. Espetxeko zuzendaritzak edo hobeto esanda erregimenaren zuzendari ordeak ukatu dit egindako ikasketen, ikastaroen, eskulanen eta horri esker lortutako merituzko orriak eskuratzea.

Zaintzako Epailearengana jotzeko esan dit. Bestalde, espetxe honetako zuzendaritzakoentzat badirudi orain dela sei urte ez zela ezer gertatu (urriaren 17an Aieten, eta urriaren 20an, Erakundearen erabakia borroka armatua behin betiko lagatzea). Ukatzen diguten bakoitzean aurrez aurre, mintzaleku eta gutunetan esan eta idazten ditugunak ez diezazkigutela graba edo irakur, dioskute orain dela hamar urte zioten gauza bera. Eta berdina gertatzen da dioskutenean 91.2 kartzela arautegiko sailkapenean darraigula. Adibidez, lehergailuak jarri eta pertsonak hiltzen duen erakunde bateko partaide garela. Edo, ez dugula inolako aldaketarik gure ideiei dagokienez. Berriki esan didate lehen graduan jarraituko dudala besteak beste, isuna oraindik ez dudalako ordaindu.

Pentsatzen dut kalean egiten dituguzen manifa, elkarteratze eta gainerako ekimenez gain, gure egoera hobetuko dela indar metaketa handitzen badugu, eta horren ondorioz gerta daitezkeen erabaki politikoen bitartez.

IBON MUÑOA ARIZMENDIARRIETA
Kordoba, 2017ko azaroa

[saregernika.eus] Edorta Jimenez Ormaetxea “Duintasuna idatziz. Euskal preso eta iheslarien literaturaz”

2017 abendua 5

→ saregernika.eus: Edorta Jimenez Ormaetxea “Duintasuna idatziz. Euskal preso eta iheslarien literaturaz”

Duintasuna idatziz. Euskal preso eta iheslarien literaturaz

EDORTA JIMENEZ ORMAETXEA

Mendi erdi bete du Durango Azokak. Euskal liburuekin eta bertoko musikarekin urtero izaten dugun hitzorduaren aurtengo edizioa abenduaren 6a eta 10a bitartean izango da. Ez gara denok izango. Gure aldetik kartzelan edo erbestean direnak hartuko ditugu gogoan, beste behin ere.

Honez gero gehienok badakizuen legez, eta ez dakizuenok oraintxe duzue jakiteko aukera, euskal preso politiko eta iheslarien literatura, komikiak eta beste sormen lan batzuk Ataramiñe argitaletxeak ekartzen dizkigu. Urtero. Behin ere huts egin barik azken urteotan. Bada, 2017koan ere hantxe izango duzue, zain.

Hasteko Ataramiñe’17 urtekaria datorkigu, hamabi preso politikoren lanekin. Horren ondoan Errezel berdeak Jexuxmari Zalakainek Dueñas espetxean idatzitako memoria eta hausnarketa liburua datorkigu. Kartzelako kronikak prosaz ez ezik bestela ere egin litezkeelako, Ibon Muñoak kartzelako kronika eta bizitza bertsotan dakarkigu bere laugarren liburua den Udaberrian biziko gara izenekoan. Koska bat estuago eginez, Axelko eta Otsoko bertsotan haurrentzako ipuina dakarkigute Xabier Ugartek (testua) eta Kepa Etxeberriak (irudiak). Ataramiñeren argitalpen berri hauek salgai izango dira Durangoko Azokan.

Liburuok presoen duintasunaren ispilua dira. Ez sinatzaile legez agertzen direnena bakarrik, guztiena baizik. Bizi duten egoeran horrelako lanak ontzeko askoren arteko auzolana behar izaten baita.

Ez gaitezen baina duintasunaren ikurraren zerarekin engaina. Ataramiñek orain arte kaleratu dituen lanetan literatur gaitasuna eta kalitatea nabarmendu dira, ezer nabarmendu bada. Beraz, bazter dezagun topikoa eta jo dezagun liburuotara literaturaren bila ere. Ez edozein literatura, jakina. Baina literatura azken batean. Ez ahaztu euskaldunek kartzeletan zein erbestetan idatzitako batzuk euskal literaturako urrezko orrialdeetan direla honez gero.

Kartzelan urteetan egondako Jokin Urainek ekarri zigun horren lekukotasuna, Ez dago etxean liburuan. Klasikoa, beti etxean eskura eduki behar direnetakoa. Susa argitaletxeak online dauka liburua, paperezkoa erosterik ez duzuenok ere irakur dezazuen.

Ez dut aukera pasatzen utzi nahi Jokin Urainen beraren Izaina eta Adlotse liburuak lan handitzat ditudala esateko. Bigarrenak -adlotse: estolda, ispiluan irakurrita- Ernesto Sabatoren nobelak ekarri zizkidan gogora. Euskarazko horren parekotzat daukat nik Jokinena. Liburu gogorrak dira biak ala biak.

Mikel Antzarenak ere gogorrak dira. Gogortasun eta guzti, ederto baten irakurtzen dira, maila handiko liburuak baitira Ospitalekoak eta Atzerri, hala hizkuntzaren aldetik nola literatur baliabideen aldetik ere.

Behin atzerria aipatuta Joseba Sarrionandiarenak berez datoz gogora. Azkena, Lapur banden etika ala politika, hemengo benetako gaizkile arriskutsuen harira idatzia da. Idatzi duen nobela luze bakarra, Lagun izoztua, eta egin duen saiakera luzeena, Moroak gara behelaino artean?, liburu handiak dira. Hitzen ondoeza, berriz, bigarren beste hori bezain ezinbestekotzat daukat nik neuk.

Asko dira kartzelako gure idazleak, ez naiz luzatuko, hortxe daukazue arestian aipatu dudan Ez dago etxean, bila hasteko. Amaitu baino lehen esan ohartzen naizela ez dudala emakumezkorik aipatu. Ataramiñeren urterokoetan badira, ostera.

Ataramiñeko erkideek urtero esaten duten legez, nahi nuke nik ere euskaldun bakar bat ere ez izatea kartzelan idazten, kartzelan euskal presorik ez dagoelako. Bitartean agur egiten diegu, idazten dituztenak irakurtzeko promes eginez.

Ataramiñerekin harremanetan jartzeko:
ataraliteratura@gmail.com
www.literaturakoadernoak.org

Joseba Sarrionandia, “La guerra del 58” liburuaren hitzaurrea

2017 abendua 4

→ naiz.eus: «LA GUERRA DEL 58» PRÓLOGO

 

 

 

 
La guerra del 58
Alfonso Etxegarai Atxirika
Hitzaurrea: Joseba Sarrionandia
Txalaparta, 2017

PROLOGO

La paradoja del combatiente es, según la ejemplificó Stendhal en el episodio de “La Cartuja de Parma” en que un soldado participa junto a un caballo destripado en una matanza, que luego será memorable y se llamará de Waterloo, la de no enterarse del sentido de lo que sucede históricamente. Paradoja del combatiente es que actúa sometido a decisiones que quizás no comparte, ni decide cuándo empieza la guerra ni cómo se acaba. Paradoja del combatiente es que es empujado por sentimientos de solidaridad y amor, pero con medios más bien apropiados para promover daños y odio. Paradoja del combatiente revolucionario es también que se empeña en una tarea, la independencia de su país y la revolución social, en este caso, objetivos muy superiores a sus posibilidades. Alfonso Etxegarai, evitando otra paradoja que consiste en que generalmente el combatiente hace las acciones y otros las cuentan, va desmenuzando esas y otras paradojas a lo largo de su escrito.

Y no lo hace como yo no fui, ni como arrepentido ni, como generalmente se hace, en el sentido de la culpa es de los demás. Ni como triunfador, ni como derrotado: lo hace asumiendo el pasado, las inseguras perspectivas de futuro y, además de las incertidumbres generales, sus muy particulares perplejidades. Con un relato sencillo, verídico y abierto donde se le atraviesan el presente y la vida entera. Su vida personal y la de todo un pueblo.

Se pudiera prologar el texto con una semblanza biográfica de su autor o comentando el texto mismo, pero prefiero referirme al contexto de la recepción y las relaciones de poder que lo condicionan, teniendo en cuenta que el militante de ETA que en los años 60 ó 70 podía ser reconocido como portador de ideales y valores irradiables ha sido, desbordado por el mismo conflicto, cuando no criminalizado como agente de irracionalidad y brutalidad, descartado como mito desactivado e inoperante y mandado a callar.

Habla Alfonso de la guerra del 58, aunque quizás fue para él la guerra del 68, o la del 78, siendo un conflicto que no comenzó en 1958 ni acabó en 2011, ni todavía. Adquirió los tintes más crueles en el 36 y siguientes, pero el comienzo habrá que rastrearlo antes del siglo XX, cuando comenzó el constitucionalismo en el estado. O antes. Eso en cuanto al comienzo, porque el final está por ver. Conflicto no es lo mismo que guerra, desde luego, aunque son fáciles de confundir, como los términos guerra y paz, como cuando a partir del 37 imperó una paz duradera e inerte, casi de cementerio.

Nuestra infancia la vivimos en una sociedad hecha al nacionalcatolicismo franquista, bajo condiciones de país ocupado, pero acostumbrado a ello. Los cuarteles de la Guardia Civil se elevaban natural y orgánicamente por la geografía vasca, como los campos de maíz o los depósitos de agua. Más o menos como ahora todavía, aunque parezcan más camuflados e inadvertidos.

Del derecho a la rebelión escribieron Albert Camus, Jean Paul Sartre y muchos otros, en términos contradictorios pero compatibles. Es el impulso de Prometeo, que roba el fuego a los dioses para dárselo a los hombres, un héroe romántico, arquetipo de los conspiradores nacionalistas del siglo XIX, que liberaron la sociedad de la despótica providencia divina y trataron de devolverles la libre determinación a los ciudadanos en forma de estados nacionales, prototipo también de los muchos revolucionarios sociales de los últimos siglos.

Alfonso, joven rebelde contra poderes y valores impuestos como inmutables, creía que podría cambiar la historia, siguiendo así la estela de los gudaris de la guerra civil, la de los djounoud argelinos o rebeldes cubanos, los voluntarios irlandeses o los resistentes vietnamitas. Era el ejercicio del derecho a sublevarse contra la opresión en base a la esperanza de cambiar el curso de la historia, con la creencia de que hay una luz en la oscuridad al final del túnel. Derecho que se convirtió en obligación, y destino fijado en su interioridad, y le sostuvo para afrontar la militancia, la tortura y el exilio.

Ese compromiso antiguo y sostenido, que tiene de racionalidad pero también de fe, porque siempre ha afrontado lo desconocido, y siempre ha sido consciente de estar más cerca de la derrota que de la victoria, no le impide reflexionar a la luz de su experiencia sobre nuestro tiempo, repasando la historia en primera persona como un modo de ejercer la crítica del presente.

Hace tiempo que se nos predica el fin de los metarrelatos históricos, se recuerda una y otra vez alzando la voz que los grandes relatos utópicos culminaron en sistemas políticos de opresión. La resistencia independentista vasca o la lucha por una sociedad más justa se colorean sombrías y se criminalizan, obviando lo perverso de las situaciones contra las que se rebelan. Se dice que se han de abandonar los grandes relatos emancipatorios y regresar a la cotidianidad, para afincarse al margen de la historia en una vida privada de intensidades, en una existencia intrascendente pero aliviada de grandes sufrimientos.

Pero el relato que contradice a los grandes relatos, se contradice también a sí mismo al dar una visión absolutista y totalizante, que no viene a ser sino otro gran relato. Es la gran narrativa del poder, que trata de desactivar la historia como contexto de potencialidades de transformación, simplemente, para que se mantengan los poderes establecidos y su cuento maravilloso, el de los vencedores de ayer y de hoy.

Ese gran relato condena furiosamente la violencia, llamándola terrorismo y atribuyéndola a una barbarie abstracta, obviando la compleja significación de la violencia desde los comienzos de la existencia humana, pero obviando sobre todo que una violencia mucho mayor en todos los sentidos, aunque le llamen orden público o le llamen incluso justicia y paz, es ejercida normalmente para mantener y expandir el sistema de dominación. Violencia en la que toda la ciudadanía participa indirectamente, pagando los impuestos que costean las torturas de Inchaurrondo o los bombardeos de Afganistán. O sea, no se trata de desmontar la violencia sino de monopolizarla.

Liquidada la rebeldía, absorbidos los espacios de la argumentación analítica por la retórica conservadora y diluyente de los medios de comunicación, se desactiva la memoria histórica y se pliegan las conciencias críticas a la resignada aceptación de lo dado. Vemos por televisión lo que acontece en la continuada tragedia de la historia, con una sensibilidad indiferente y sin otro horizonte que el del irremediable orden de las cosas y la supuesta normalidad de nuestras vidas.

Predomina un pensamiento único y vago, en una humanidad hinchada de insuficiencias que se acoge a amparos tan básicos y ancestrales como la sacralización del dinero y la ley del más fuerte. Ya no hay pasado y, por lo tanto, tampoco futuro, sino lo instaurado en su forma y en su continuidad, una inmanencia autoritaria que se debe exclusivamente de sí misma.

Incluso en literatura, ya nos hemos acostumbrado a que escribir consista en glosar la glosa, en trocar la memoria en estética, en hacer interpretaciones sin fin, en contar cosas cuya historicidad no radique en ninguna parte. El escritor es una estilográfica fantasmal que se desplaza por una página en blanco, más preocupado por su representación particular que por los acontecimientos colectivos. Incluso cuando trata sobre la intrincada saga de los dominados, lo hace más como gesto literario y caprichoso de artesano de palabras que, en última instancia, no le remiten más que a sí mismo.

A través de este texto, en cambio, regresa la vida alejada, oscurecida y criminalizada de un miembro de uno de esos pueblos expulsados de la historia, según el esquema hegeliano. El autor fue plantado hace décadas por los dos estados que disciplinan a su pueblo en una isla perdida en el océano, y viene a darnos cuenta de que hay relación en términos de acción consciente entre nuestra existencia y ese marasmo de acontecimientos que llamamos historia y en el que nos encontramos inevitablemente implicados.

El relato del conflicto hace tiempo que es, en el plano político, un conflicto por el relato. El conflicto no acabó, la guerra cesó hace cinco años porque una de las partes se retiró del campo de batalla, ante la imposibilidad de avanzar hacia una solución por esa vía. Pero el enfrentamiento siempre se ha desarrollado en dos planos, en el de los hechos y en el del relato de los hechos, de manera que el choque siempre ha sido menos bélico que informativo-simbólico. Ahora, a partir de la renuncia a las armas por una de las partes, se aviva la cuestión de la representación del conflicto.

Está la visión de una parte de la sociedad vasca, por un lado, que se siente ocupada militarmente, restringida en sus libertades y obstaculizada en su democracia y está, en la otra parte, la visión de una mayoría de la sociedad estatal española que niega que exista el problema, porque ni siquiera reconoce como sujeto político de derechos a esa gente que protesta por su situación y reclama su derecho a decidir las cosas. La sociedad española, como marco político, se reconoce a sí misma exclusivamente.

Es improbable que negando el conflicto se consiga la paz. Quien niega un problema es como si lo sembrara, para recoger después seguramente un problema mayor. Es que quien desmiente un problema desacredita al que lo plantea como irracional y, si insiste, lo tiene que considerar malvado, y al final lo tiene que agredir, sintiéndose víctima de ese provocador del conflicto. También es lógico que una nación-estado no reconozca como igual a un pequeño pueblo: parece corresponder a la naturaleza de la vida que el pez grande se coma al pequeño. Pero también que el pequeño se resista.

Uno y otro relato, y un tercero también, han sido generalmente simples, reduccionistas y arrogantes. Ahí está la desfachatez intelectual que ha examinado Ignacio Sánchez-Cuenca, la soberbia armada que se ha evidenciado en los comunicados de la empresa, y también las maniobras buenistas de otros prefiriendo conservar sus posiciones que solucionar los problemas. La memoria orgánica de cada relato es autocomplaciente y, desde luego, es natural que el pez grande viva una cosa y el pequeño viva otra diferente. Sin embargo, creo que los dos o tres grandes relatos oficiales dominantes adolecen de hondas carencias y agravan la extrañeza que cualquier observador crítico siente cuando se le habla sobre el tema.

Creo que las interpretaciones literarias del conflicto, siguiendo a las periodísticas, se han plegado también a las memorias parciales de esos relatos dominantes, y se han inventado pasados de acuerdo con lo que ahora mismo se considera legítimo y verdadero en cuanto a conductas individuales y colectivas.

Por supuesto que hacer literatura consiste básicamente en inventar, pero inventar verdad, superando el inconveniente de que es más fácil auto- complacerse inventando mentira. Abunda la autocomplacencia y la falsedad en la literatura sobre el tema. Me parece que “Cal viva” de José Amedo, por ejemplo, es más verídico, desgraciadamente, que esa falsificación sistemática de la realidad que Fernando Aranburu propone en Patria. Y enseguida se comprende que es simplemente verdad lo que cuenta Ion Arretxe en Inchaurrondo, La sombra del nogal, un libro ignorado por los medios y las tertulias político-literarias, pero mucho más verdadero que tanta literatura ensayística y tanta literatura vehementemente ficticia que se basa en poner en la boca de los otros lo que ellos no dirían.

En tal contexto, no puedo sino llamar la atención sobre este texto de Alfonso Etxegarai, quien habla también por sí mismo. Estoy seguro de que más de uno le habrá dicho o dado a entender que se calle, que no escriba, para que otros puedan seguir diciendo lo que él diría. O sea, para que puedan seguir mandando, y recurriendo si hiciera falta a algún código penal. Pues, así son las cosas, pero él tiene que escribir, y lo hace con una voz que no se somete al cliché, y dice lo que piensa y explica lo que siente, porque necesita rescatar algo. Su escritura es intensa por eso, porque dice la verdad, insistiendo en los tanteos en que más desprovisto está de seguridades y garantías. No es más que un sujeto racional, como quizás lo sea también el lector, que necesita viajar por su interioridad para rescatar su propia legitimidad.

Y quiero rehabilitar, para acabar, una evidencia que el texto que viene corrobora: que no hay dos relatos sobre el conflicto, ni tres, sino muchos más. Tantos como sujetos dispuestos a examinar las condiciones de su existencia y buscar la posibilidad de cambiar las cosas.

Joseba Sarrionandia

[GARA egunkaria] Euskal preso politikoek literatura lan kolektiboa kaleratu dute

2017 abendua 3


Argazkia: Monika DEL VALLE | Argazki Press

→ naiz.eus: Euskal preso politikoek literatura lan kolektiboa kaleratu dute

Euskal preso politikoek literatura lan kolektiboa kaleratu dute

Jende askoren lan kolektiboarekin sortutako emaitza da Ataramiñe. Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak eman ditu argitara 2002tik. Espetxean idatzitako lanak biltzen ditu aurtengoak.

PATXI GAZTELUMENDI|BILBO

«Egileek ezin izan dute etorri»; hori esanez aurkeztu zuen Mitxel Sarasketak aurtengo espetxeetako uzta. Lau liburu esku artean, eta urtean zehar bildutakoaren emaitza kaleratu du berriz ere Ataramiñek. «Hainbat jenderen eskuetatik, kartzelariek harrapatzea ekidin duten testuak dituzue hauek» esanez eskertu nahi izan zituen lanok argitaratzeko izan den konplizitate eta lan eskerga guztia. «Ezkutuan gordetako berbak dira hauek, eta batzuetan lanak ere galdu egiten dira bidean», ohartarazi zuen espetxean 20 urte emandako editoreak. «Kartzelan asko idazten da, eta genero nagusia gutunak dira, presoa beti dago idazten. Bizirik egoteko, komunikazioan eta idazlanetan bizi da presoa, bizitzaren borrokan», zehaztu zuen Sarasketak.

Bilboko Biba kulturgunean, preso idazleen argazkien aldamenean lau liburu eta bi berri pozgarri eman zituen: «Idazteak askatasuna ematen du, eta Ataramiñen idatzi duten beste bi preso ditugu gure artean: Ekhiñe Eizagirre eta Jexus Mari Zalakain».

Azken honek kartzelako bizipenak kontatu ditu “Errezel berdeak” lanean. “Egin” egunkariko kontseilukide izan zenak zortzi urte eman ditu espetxean, eta tarte horretan lau liburu idatzi eta plazaratu ditu: bere “Kartzelako kronikak”, katalanetik euskaratutako Nahar El Hachmiren “Azken patriarka” eta Josep Plaren “Kale estua” eta atzo aurkeztutako “Errezel berdeak”.

“Udaberrian biziko gara” Ibon Muñoaren laugarren liburua da. Orain ere bertsoak idazten eta argitaratzen jarraitzen du preso eibartarrak. 130 bertso berri argitaratu ditu aldi honetan Muñoak, 2015eko ekainaren 7tik 2017ko urtarrilaren 15era artean Kordobako espetxean sortutakoak. Bertso guztiak zenbakiz hornituak ditu presoak, eta lau liburuen artean 580ko bertso sorta osatu du dagoeneko.

Kartzela ezberdinetatik sortu dute liburua Xabier Ugartek eta Kepa Etxeberriak ere. Bertsoak batek eta marrazkiak besteak. Eta bien emaitza da Axelko eta Otsokoren fabulari buruzko haurrentzako bertso eta marrazki bildumatxoa ere.

Euskal preso politikoen lan kolektibo hau Durangoko azokan izango da. Eta Ataramiñek 2002ko negutik egin ohi duen gisan, aurkezpenak eta lagunarteko hitzaldi eta irakurraldiak ere egingo ditu aurrerantzean. «Urte hauetan guztietan batu eta kaleratu ditugun lan hauek kartzelako historia batzen dute, gure apalategietan ditugun istorio labur eta luze hauekin».

Oier Gonzalez Bilbatua Ataramiñeko kideak adierazi zuenez, liburuotan «preso politikoen kolektiboaren ibilbide afektiboak batzen dira». Ilustrazioak, kartzeletako kronikak, poemak eta marrazkiak, espetxeetako ibilerak eta ametsak libre kontatzeko. Kaleratzeko.

Alfonso Etxegarai, “La Guerra del 58”

2017 abendua 2

La guerra del 58
Alfonso Etxegarai Atxirika
Hitzaurrea: Joseba Sarrionandia
Txalaparta, 2017

En un momento en el que el relato del conflicto se ha convertido en el conflicto por el relato, desde su deportación en Sao Tomé, Alfonso Etxegarai conversa con su sombra, el camarada Itzal, sobre el idealismo; los muertos; la honestidad revolucionaria; la estructura mili, la poli-mili y la mili-poli; la guerra sucia; el arrepentimiento y otros muchos temas en este libro directo y honesto. Nos relata con poética sinceridad su implicación en la Guerra del 58 sin tratar de convencer a nadie de su verdad y, más importante aún, sin falsearla, porque, como dice Joseba Sarrionandia en su prólogo: “no hay dos relatos sobre el conflicto, ni tres, sino muchos más. Tantos como sujetos dispuestos a examinar las condiciones de su existencia y buscar la posibilidad de cambiar las cosas”. Y es que, como dice Alfonso, “nos van a quedar las palabras”.

No es de extrañar en este pueblo de bertsolaris que “salimos de la Guerra del 58, sí, un poco improvisando, pero seguimos aquí, haciendo, escribiendo y compartiendo una lucha que sigue, que seguirá porque tal actitud está en la magia de los pueblos que sueñan con su libertad”.

ALFONSO ETXEGARAI

Regresar a Sara
Alfonso Etxegarai

Argitaletxea: Txalaparta. 200 orr.

Regresar a Sara (EZ DAGO OSORIK)

Zer egiten dute hainbeste euskadunek hamar urte baino gehiagoz konfinatuta Hirugarren munduko hainbat herritan? Erantzuna, liburuaren izenburuak dioen bezala, honako hau: euskal deportatu politiko baten testigantza irakurtzeko gonbitea.

Sagarren denbora
Dokumentala
Zuzendariak:Josu Martínez eta Txaber Larreategi.
Gidoia: Josu Martínez eta Txaber Larreategi.
Ekoizpena: Txema Uriarte eta Haizea Belza.
Argazkia: Hibai Castro.
Musika: Arkaitz Miner, Ruper Ordorika, Maddi Oihenart eta Eñaut Etxamendi.

→ Sagarren denbora TRAILERRA 04:47 [youtube.com]
→ Sagarren denbora OSOA 01.07.36 [argia.eus] [vimeo.com]

Kristiane Etxaluz xiberotarra eta Alfonso Etxegarai bizkaitarra ezohiko bikotea dira. Biak gaztetik lotuak Euskal Herriaren askapenerako borrokari, beren maitasuna sorterritik 7.000 km-tara bizitzera kondenatuta daude, Alfonso Afrikako irla tipi batean baitaukate aspaldi, deportaturik. Baina erbesteak erbeste, Bidasoaren Herrian dauzkate biek begiak eta sagarren denboran bihotzak; oraindik iristear den sagarren denbora emankorrean.

Hitzezko txalupak
Alfonso Etxegarai / Josu Martinez

Argitaletxea: Elkar. 2011.

Osabari gutunak. Bloga

Ez dira botilan sarturiko mezuak: itsaso eta lur urrunak zeharkatu bai, baina ez dira bidean galtzen, badakite nondik datozen eta nora doazen. Josu Martinezek eta Alfonso Etxegaraik gutunak idazten dizkiote elkarri, eta bide batez irakurle orori. Norbere bizimoduaz idazten diote batak besteari: eguneroko gorabeherak, pozak, ilusioak, minak… Baina, aldi berean, gure herriaren egoerak kezkatzen ditu: bere buruaren jabe izan nahi eta bizirik irauteko borrokan dabilen herria, bidegurutze historiko batean dagoena, kontraesanez eta zalantzaz josia.

→ facebook.com: Alfon Etxera

[Hamaika telebista] Ataramiñek aurtengo lanak aurkeztu ditu

2017 abendua 1

Belen Gonzalez – Kepa Etxeberria “ZIMAREN ABENTURAK”

2017 azaroa 27



Zimaren abenturak

Belen Gonzalez Peñalva
Irudiak: Kepa Etxebarria Sagarzazu
Ataramiñe, 2007.
Neurriak: 18 x 18 zm.
120 orrialde

→ naiz.eus: Fallece Belen González, representante de ETA que negoció con dos gobiernos españoles

Ataramiñe’17

2017 azaroa 20

Ataramiñe’17
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak
2017
Neurriak: 15 x 21 zm.
163 orrialde.
Azaleko irudia: Itziar Moreno

Aurkibidea

Ataramiñe Hitzaurrea
Karlos Cristobal Martinez Bidaia
Aletxu Zobaran Arriola Poemak eta beste
Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Poemak
Fernando Alonso Abad Crisis en Sabin Etxea
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Bertsoak
Lasarte-Oriako VII. Errezitaldia Zentroa eta periferia
-Aitzol Iriondo Iarza Zentroa eta periferia
-Jabi Gallaga Ruiz Gutuna
-Olatz Lasagabaster Anza 1984. 2016. Waswalito. Alacant
-Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Bazterreko ahotsak
Marrazkiak
-Mikel Orbegozo Etxarri
-Itziar Moreno Martinez
-Sergio Polo Escobes
-Oier Andueza Antxia

Hitzaurrea

“Seacliffeko ospitalean eman nituen sei asteak, inoiz izango zenik ere uste ez nuen leku hartan, zoramenaren izugarrikeriaren ikasgai laburtu bat izan ziren. Han igarotako lehen uneetatik jakin nuen ezingo nintzela itzuli nire usuko bizitzara, ezingo nuela ahaztu ikusitakoa. Beste eraikin batzuetan bakartutako jendeek ez zuten izenik, ez iraganik, ez etorkizunik, giltzapetutako oraina besterik. Orain-lur betierekoa, ortzemugarik gabea.”

Janet Paterson Frame idazle zeelandaberritarraren hitzak dira hauek, bera ez zuten espetxeratu, ospitalean ingresatu baizik. Berrogeita hamarreko hamarkada aldera izaeraren desorekak elektroshock kolpeka osatu zitezkeela uste zen. Janet Patersonen amak alaba lobotomia bidez zentzatzea espero zuen, baina buru ebakuntzaren zain zegoela, Janetek izkutuan idatzitako “Lagoon” liburuak Zeelanda Berriko literatur sari nagusia, Hubert Churh Memorial Prizea, irabazi eta buru garbiketatik libratu zen. Idatzitako hitz bakoizak heriotza mentaletik urrundu zuen, ebakuntzaren (eta amaren erabakiaren!) aurka erlojupeko lasterketan buru garbiketatik libratzeko bide bakarra izan zuen: idaztea.

Bilduma honetan elkartu diren sortzaileak ez daude ospitale psikiatriko batean ingresatuak espetxean baizik. Dena den, Erving Goffmanen “instituzio total”aren nozioari helduta, espetxean ere bertan atxikia dagoenaren bizitza da erabat eta orobat neurtu, ebaluatu eta “zuzendua”. Bizitzaren ertz guztiak irensten dituen munstro bezala irudikatu litezke bata zein bestea. Janet Paterson, ozta-ozta iskin egingo zion lobotomia batetara kondenatua zegoen, espetxean dagoenaren patua lobotomia izan ez arren, pertsonaren izaeraren desartikulazio goitik beherako bati lotua dago. Espetxeak hiltzen du eta Euskal Herrian baieztapen honen adibide zoritxarrekoak ez dira falta, bilduma honetan bertan, bere kontrazalean ageri zaigun Kepa del Hoyo azkena. “Kausa naturala” egotzi izan da halako kasutan, baina Mikel Antzaren “Ametsak ere zain” liburuko zenbait hitzen oihartzuna gurera ekarriz, azter ezazue gorpua, hiltzaileen izenak bere baitan tatuatuta daramatzanez.

Espetxean zail da ezer kasualitate izatea, kausalitate segida makabro bat akaso, dinamika instituzional eta instituzionalizanteak ezinbestean garamatzan emaitza definitiboa. Hala irudika dezakegu presoa espetxean, esnatzen den unetik beretik batailara salto eginez. Herio betezko patuari aurre egiteko estrategiak asmatuz, biziraungo badu. Joseba Sarrionandiaren letra zenbait oroimenera ekarriz, “barnean dudan mundua ez da barnean naukan gelan kabitzen”. Sorkuntza, dela letrazkoa, irudizkoa, hari, harri edo egur tailatuzkoa, aipatzen den “barne mundu” hori elikatzeko bitartekoa izan bada. Hain zuzen, mundu guztiak kabitu litezkeen norbere baita zaintzeko bitartekoa dugunez sorkuntza. Zer esanik ez espetxeari dagokionean. Burdin elorri arantzez zedarritutako zerumugaz haratago joan nahi izanez gero, espetxeratuak bere baitara begiratzen du, perspektiba zabalago baten bila.

Ikuspegia zabaltzeko, bizirauteko estrategien bilduma txiki bat duzu esku artean. Askotarikoa, bakoitzak bere bidea egin behar duenez. Hain zuzen, preso haina espetxe daudela esan liteke, arrakalatzen dena norbere baita propioa izan badenez. Hartara, preso-sortzaile bakoitzari bere estrategia dario. Berebizikoa deritzogu estrategia hauen ikustaraztea, barrote artean arnastuz borrokan dagoen kide bakoitzaren ahaleginari omenalditxo bat, goraipatze bat egiteko bilduma. (Espetxetik kanpo dagoen) Irakurleak, akaso, topa lezake lerro artean irrifar, malko, hortz estutze erabilgarriren bat. Ezin ahantzi baitezakegu, gaur egun, araua, instituzioa, ordena, burdin arantzez mugatutako espaziotik haratago zabaltzen dela.

Ongi etorri beraz, murruko arrakalen plazatxo honetara.

Jexuxmari Zalakain, “Errezel berdeak”

2017 azaroa 20

Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Ataramiñe, 2017
219 orrialde.
Azaleko irudia:
Mikel Zarrabe

Kartzelako denbora estuan, ziegan sartuta, Jexuxmari Zalakain leihoaren aurrean jarri eta barroteetatik barrena joan da, leihoko errezel berdeen laukian ageri zaion munduari begira. Une horretan erlojua gelditu da; denboraren baitan murgildu eta bere bizitza ikusi du: baserria, familia, seminarioa, klaretiarren anaidia, irakaskuntza, kazetaritza, kartzela… Orratzak berriro martxan hasi direnean, Errezel berdeak liburuan bildu ditu oroimenak. Kartzelako sekuentzia batzuek tartekatu ditu hala ere, irakurlea ere leihoaren alde horretan jartzeko. Eta amaitzeko, kartzelatik irten eta bi urtera egindako hausnarketa, beti ere bizitzaren jarioa herrian eta konpromisoan kokaturik.

Jexuxmari Zalakain 18/98 auzian epaitu zuten Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide izateagatik. 2007ko azaroaren 30ean espetxeratu zuten 8 urteko espetxe zigorra betetzeko. Espetxealdia, ia osorik, Palentziako Dueñas espetxean egin zuen. 2015eko irailaren 27an irten zen kalera.

Hitzaurrea

Liburu hau ez da biografia bat. Halaxe dirudien arren, datu biografikoak ere badituelarik eta batzuk oso xeheak, ez da zehatz-mehatz biografia bat. Horretarako beste hainbat datutan luzatu beharko nintzatekeen. Eta gainera ez dut uste biografia oso bat idazteko adina meritu dudanik (are gutxiago nik neuk nire buruaz idatzita), ez bainaiz ezertan bereziki nabarmendu Euskal Herriko historia gauza askotan buru-belarri ibili arren.

Liburu hau inmersio bat da, nire bizitzako itsasoan unerik zakarrenean egindako inmersio zintzoaren emaitza. Kartzelan nengoela (2007-2015) zurrunbiloaren begian murgilduta, nire baitarako bidaia askatzailea egiteko premia sentitu nuen erraietan, eta idatziz leundu nituen bidaia horren unerik garratzenak, min zorrotz eta erabakitzailea. Krisia esaten zaio gure kulturan antzeko une bati, eta halaxe da; bere adiera zuzenean krisia erabakitzeko unea baita.

Bizitzako astinaldi batzuen eraginez ahul samar iritsi nintzen Soto del Realera, gau malapartatu batean. Hamabost urteko borroka luzea egin ondoren UPVko atarian pankarta erreibindikatzaile bati eutsiz Irakasle Propioa erdietsi nahirik, geletara itzuli nintzen, baina ordurako Damoklesen ezpata buru gainean ez, bihotzean sartuta neukan zorrotz asko, eta gelatan egon gabe hainbeste denbora pasata, nire aldarteak jokaldi itsusia egin zidan, eta hasi orduko utzi egin behar izan nituen eskolak. Hain urte luze eta zalapartsuetan amestutako itzulera korapilo bihurtu zitzaidan ezustean: nik banekien kondenatuta nengoela, bederatzi urteko kartzelaldia nuela zain, baina eguna heldu bitartean eskolak prestatu beharra neukan, asignatura berri bati ekin behar nion zerotik hasita eta ez nekien garbi zein zen nire zeregina, pare bat hilabeterako zerbait arin prestatu edota, kartzelara joateko eguna noiz iritsi zain egon ordez, eskuartean neukan lanari ekitea. Kontuak kontu, ez nuen eustea asmatu eta psikiatrarenean amaitu nuen. Zainketa amaitu baino lehen geratu ninduten maderoek nire Santutxuko kalean bertan, eta gauez iritsi ginen kartzelaldiaren hasierako bizitoki izango nuen Soto del Realera. Forro polarreko patriketan ondo lo egiten saiatzeko pilulak neramatzan, ordea.

Behin barruan instalatuta, eta bigarren graduan sailkatua, nire kartzelaldi osoko unibertsoa izango zen Palentziako Dueñasera destinatuta, aise lortu nuen arren egoerari buelta ematea, barrura begirako bidaia egitea erabaki nuen, ez dakit denbora hobeto baliatzeko terapia modura, behingoz nire burua hobeto ezagutzeko asmoz, edo bietarako. Bidaia horren emaitza duzu liburu hau.

Pudore handiarekin egindako strip-teasea da, irakurtzeko pazientzia hartzen baduzu konturatuko zarenez. Behar bada liburu hau niretzat gorde beharko nukeen, baina zer arraio, unerik txarrenean krisiak nola gainditzen diren (nik nola gainditu nuen, bederen) azaldu beharra sentitu dut eta, hemen dago atrebentzia ez bada, Txalaparta argitaletxeak argitaratuta.

Bi zatitan ebaki dut liburua. Lehenengoan, Matazaren hari ezkutuen peskizan izenekoan, umetatik hasi eta hogeita lau urte bitartean bizi izandako bizikizunen errepasoa egin dut, gerora korapilo bihurtuta, nola askatu ez nekiela desesperaturik, gertakarien hari-muturrak non demontre ote zeuden bila ibili bainintzen errukirik gabe, ahalik eta argirik zorrotzena proiektatuz bizitzaren zoko-mokoetan. Horrek azaltzen du zergatik den bigarrena baino aise luzeagoa.

Bigarrenean, Zurrunbiloaren begian izenekoan hain juxtu, nire bizitza publikoan nik neuk izandako sentsazio transferiezinak eman ditut; ez ditut Egineko urteak zehatz-mehatz arakatu, ez Euskaldunon Egunkaria sortu aurreko lanaldiak edota Irakaslego Propioaren borrokaldian bizi izandakoak UPV-EHUn. Gauza horiek denak, ia denak, kontatuta daude, eta ez dut ezer errepikatzeko premiarik ikusi, ez eta nire begietatik begiratuta ere; beraz, alor horietan denetan nik neuk, eta nik neuk soilik, pentsatu eta esperimentatutakoa ekarri dut orriotara. Eta hori, ez historiaren hutsuneak betetzen laguntzeko, baizik kartzela-garaian bizi izandako krisia esplikatzeko egoki iritzi diodan neurrian soilik. Badira gainera espresuki kontatu nahi izan ez ditudan gauzak, inori kalterik ez egiteko edota euren bizipenak agerian ez jartzeko, ez baitaukat eskubiderik inorenean baimenik gabe sartzeko.

Barka bezate, beraz, hainbat kontu ilunpean utzi ditudala uste dutenek edo, aukera-aukeran, nahi baino laburrago idatzi dudala irizten diotenek.

Errezel berdeak liburu honek badu beste maila bat, niretzat oso kuttuna eta testu osoa zeharkatzen duena, kartzelako bizipenak hain zuzen. Testu-zati horretan zortzi urtetan nik neuk neuretzako idatzi nuen egutegi bateko zatiak eman ditut, mamitsuenak iruditu zaizkidanak, besteak bazterrean utziz testua gehiegi ez luzatzearren batzuetan, gaiarekin zerikusirik ez dutela iritzita beste batzuetan. Ataraminek argitaratu zidan Kartzelako kronikak deritzan liburuxkan jasota daude gehiago.

Kartzela espektakulu bat da, ikuskizun hitsa, tristea, gordina, literatura gustukoa dugunontzat gai agorrezina. Preso arruntak edo sozialak deritzogunekin harreman zintzoa edukitzen saiatu izan naiz barruko urteetan, gauza asko gordetzen ditut, beraz, nire golkorako. Edozein moduz han ezagututako hainbat lagun, adiskide ez baina oso hurbileko izan ditut, eta ahantzezinak zaizkit. Zoritxarrez euren bizitzak isilean gordeta daude kontzertinez hesitutako harresien barruko aldean, eta han bidegabekeria handiak gertatzen dira testigurik gabe. Niri dagokidanez ere beude oraingoz isilean.

Santutxu, 2017ko udan
Jexuxmari Zalakain

Kartzelan egindako beste lan batzuk ere argitaratu ditu Jexuxmari Zalakainek:
Kartzelako Kronikak (Ataramiñe, 2016)
– Katalanetik euskaratua, Azken Patriarka Najat El Hachmi (Txalaparta, 2016).
– Katalanetik euskaratua, Kale estua, Josep Pla (Igela, 2017). Katalanetik euskaratua.

Ibon Muñoa, “Udaberrian biziko gara”

2017 azaroa 20

Udaberrian biziko gara
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Ataramiñe, 2017
Bertsoak
Neurriak: 10,5 x 15 zm.
330 orrialde.
Azaleko irudia:
Mitxel Zarrabe
Hitzaurrea: Amaia Ereñaga

Hitzaurrea

IBONEK IREKI DIZKIGUN LEIHOAK

Aspaldidanik ezagutzen dugu elkar, baina, sinistu egidazue, inoiz ez nuen esango Ibon Muñoa poeta zenik. “Eta zuk poeta bati sen hori nola sumatzen diozu barren?”, galdetuko didazue. Bueno, aitor dezadan, itxurakerietan ez badabil –eta hori ez da Ibonen estiloa –, musuan ez zaio igartzen, ezta ibilketan edo jendearen aurrean berba egiten duenean ere, demagun enkartelada baten ostean edo udal batzar baten aurrean. Poeta batek ez darama bizkarrean «Hitz lauz eta neurritzetan berba egin eta idazten dut» edo antzeko zerbait dioen mezua zintzilikaturik. Agian, bere sare sozialeko egoeran zerbait aipatuko luke… baina, tamalez, Ibonen ziegaraino ez da Internetik iristen. Presoak hirugarren mundu paralelo batean mantentzen dituzte. Horri aurre egiteko, leiho mentalak irekitzen dituzte.

Kartzelatu aurretik Ibonek bakartasunean bertsoak lotzea gustuko ote zituen galdera sortu zitzaidan bere lehenengo liburua esku artean izan nuenean. Bertsozalea izan da betidanik nik uste, euskaltzalea dudarik gabe eta, nire iruditeria propioan, 60-80ko hamarkadetako Eibar industrializatu, itsusi, bizi eta, zergatik ez, maitatuan aurki zitezkeen azken mohikanoen tribuko indioa. Eibartar euskaldun indioa, alegia. Ez baitzen ohikoa herri armagineko euskara ederra entzutea –eta aldarrikatzea komeniko litzaiguke, nahiz eta “bentania” eta antzekoekin barregarri utzi nahi izan duten beti– erdal giroaz blaitutako kale, fabrika, eskola eta taberna haietan.

Juan Mari Narbaizaren (1949-2016) bertso batzuk aurkitu ditut horren inguruan. Seguruenik Eibarrek eman duen plazako bertsolari bakarrari Jose Luis Gorrotxategi osintxuarrak puntu hau jarri zion behin: “Bizkai edo Gipuzku, Eibar zer diagu?”, bota zion Gorrotxategik, eta makina bat urtetan Arrateko jaietan entzun dugun bertsolari bizi eta alai hark honela erantzun zion:

“Garbi esan geuk ere ez zekiagu.
Mendi tarte batean uda eta negu
kalez ez gaituk noski askorik zabaldu
industria salbu, nahiz soroak galdu
baserriak a(ha)ldu, kinkiak ugaldu
dagonean gastatzen bazekiagu.
Bizkaiako giputxak igual gaituk gu”.

Eta hori esanda, helduko diogu esku artean daukazuen liburuari. Ibon Muñoak kaleratu duen laugarrena da, eta, nire ustez, lauren artean biribilena, sakonena, benetakoena, gizon eta idazle modura egin duen ibilbidearen isla. Olerki eta bertso idatziz osatuta, Udaberrian biziko gara 2015eko udaberrian hasten da, ekainean zehazki, eta ia urte eta erdiko bidaia egin ondoren, 2017ko urtarrileko helmugara garamatza. Data zehatz batera, hots, “Ia hamazazpi, urte deserrian, dispertsioan, zoru sikuan” bete dituenean.

Baina zergatik udaberria?

“Ziegan bizigura zait
neguan eskasten,
uste ustelak dizkit
irriak ebasten,
pentsamenduan dira
asmoak lardasten,
udaberrian aldiz
ideiak arazten,
sentiera hasten da
orduan arnasten”.

Esperantzaz bustitako gerezien denbora Kordoba udatiarraren bero ustelean urtzen da, udazkeneko herriminak manta baten azpian uxatu nahi den neguko hotzean izozten dira. Urtaroen zikloak aurrera darrai, bizitza ziklikoa baita. Aldiz, denbora lineala da, batez ere gatibu daudenentzat.

“Lurrak biraka darrai ortzian
espetxean zaudenean,
kideak esan zidan umorez
etxartean geundenean,
iruzkinari erantzun nion
trostan ari nintzenean,
‘ez da erraza konturatzea
murrutzar hauen barnean,
zu zarenean egon etzanda
urtetan oroimenean,
bihar maiteaz orduko xarma
piztea nahi duzunean’”.

Linealtasun horren aurka borrokatzen ari da etengabe Muñoa letra hauetan. Atzera eta aurrera dihardu: orain, iraganera zabaltzen duen leiho batetik arnasa hartuz; ondoren, munduan gertatzen ari diren gertakizunei bere talaia bakartitik begiratuz, eta oro har urruti eta gertu duen Euskal Herri amestua begi bistatik galdu barik. Eta beti, baina beti, sabai-leihoetatik laprast egiten duten sentimenduak nonahi ageri dira. Garratz, goxo, zintzo, sakon, mingarri.

«Sentimenduak letretan islatzen ditut» argitzen digu. Bertso eta olerki egituran zabaldu dituen leiho mental horietatik begiratzera gonbidatzen gaitu idazleak.

“Bedatseak dakarkit
naroki onura,
zuzen eramaten nau
desiren zorura,
egoki sendatzen dit
hotzaren malura,
gorputzari eskaintzen
dio estaldura,
horri esker ziegan zait
lurruntzen tristura,
kartzelak eragiten
duen arrangura”

Ataramiñe argitaletxearen aurkezpenerako egin zuen hausnarketan irakurri diot Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrari seguruenik euskal preso politikoena izango dela “gure gizartean kolektiborik idazletza eta irakurketari emanena, eta euskaldunduena ere bai bidenabar esanda”. Horren adibide ospetsuena Joseba Sarrionandia izan daiteke. Han eta hemen arakatzen, Ibonek zabaldutako leihoak buruan bueltaka nituen arratsalde batean, Interneteko leihotik Sarriri beste kide batek egin zion elkarrizketa agertu zitzaidan. Elkarrizketa berezia zen, Herrerako kartzelan zeudelako biak gatibu.

1984ko maiatz hartan (udaberria zen, nola ez) elkarrizketatzailea Mitxel Sarasketa zen, Ibonen liburu honetan azaltzen den beste eibartar bat. «Zer da literatura hiretzat, ihesa?”, galdetu zion Mitxelek, eta zera erantzun zion Iurretako idazleak: “Ihesa ez. Literaturarekin ez duk ihes inora egiten. Poemarik ederrena idatzita ere lehengo lekuan geratzen haiz. Ihes hik eta nik egin beharko diagu, baina asmatu behar zelan [hemen, Sarriri igarle ukitua hartu diot, urtebete beranduago ihes egitea lortu zuelako]. Ez zakiat nik jeneralizatu daitekeen, zer den literatura edo zer den maitasuna, edo zer den libertatea, halako definizioak arbitrarioak izaten dituk, Thomas Mannek esaten zuela uste diat definizio orokor guztiak direla traizioneroak. Orduan, ez zakiat, baina literatura ezagupidea duk, errealitatearen eta norbere gogo nabarduren ezagupidea. Komunikazioa ere baduk, nahiz eta idazle eta irakurlearen artean desfase handia dagoen, Literatura estetika dela argi zagok, lengoaiaren materia. Etika ere baduk, klaro. Eta hainbeste gauza denez, igual bizitzeko modua besterik ez duk”.

Nik, nire aldetik, oraingoz ez daukat Ibon Muñoari ea zer uste duen itauntzeko betarik, baina olerki hau hartu diot erantzun modura.

“Irudimena dantzut
deika ohatzean,
taupadak danga dira
hasi arratsean,
sentimendua bor-bor
dabil laratzean,
musa sartu delako
berben baratzean,
bertso-uzta dezadan
batu esnatzean”.

Amaia Ereñaga Azkarate

Axelko eta Otsoko bertsotan

2017 azaroa 20

Axelko eta Otsoko bertsotan
Testua: Xabier Ugarte Billar
Marrazkiak: Kepa Etxeberria Sagarzazu
Ataramiñe, 2017
30 orrialde.

Mezu zaharragoak »