ATARAMIÑE’02

2002 4 abendua

Ataramiñe’02
Euskal errepresalitatu politikoen literatura koadernoak
Ataramiñe, 2002
Neurriak: 15 x 21 zm.
159 orrialde

>> PDF formatoan
>> susa-literatura Ataramiñe’02

2002. urtean, aurreneko aldiz plazaratu zen egun aski ezaguna dugun errepresaliatu politikoen literatura koadernoa. Ondorenean bezala, Ataramiñek euskal preso zein iheslari politikoen sorkuntza lanak plazaratu zituen liburu honetan.

Parte hartzaileak: Mikel Ayllon, Iñaki Ojeda, Jon Mirena San Pedro, Zorion Zamakola, Harriet Iragi, Jokin Urain, Carmen Gisasola, German Urizar, Joseba Arregi Erostarbe, Julen Larrinaga, Josu Ormaetxea, Joseba Garmendia, Idoia Lopez Riaño, Piston Turbinaga, Peru Alvarez, Jon Gaztelumendi, Enrike Letona Biteri, Iñaki Gonzalo Casal, Iñaki Rekarte eta Xanti Iparragirre. Sarrera Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu”ren eskutik.

Ataramiñe 02.htm
Ataramiñe 02.pdf

Share

Jose Luis Otamendi | Espetxea eta literatura

2002 3 abendua

Jose Luis Otamendi idazleak 2002ko ATARAMIÑEren aurkezpenerako egindako saioa:

“Kartzelan literatura asko idazten da eta asko idatzi da baina, agerian dagoena oso gutxi da. Izeberg bati buruz ari gara.
Frankismoaren azken ostikoekin hasi, Xabier Amurizarekin, Jon Lariz-ekin, eta gaur egunekoak arte espetxean idatzitako literatura jo daiteke garaikide, eta ez ETAko presoek idatzia delako, ez baita beti horrela izan (errepresioak lehen bezala orain aurpegi asko baititu: intsumituak, gazte mugimenduko kideak, desobedientzia zibila, alderdi politikoak) Txiste errazegia da egunotan jazarpenaren marea beltza aipatzea; ezta?

Seguruena euskal preso politikoena izango da gure gizartean, kolektiborik idazletza eta irakurketari emanena, eta euskaldunduena ere bai bidenabar esanda.
Jarraitzen du

Share

[Gara 2002.12.01] Laura Mintegi “Ataramiñe liburu berria”

2002 1 abendua


Ataramiñe’02

→ gara.net: «Ataramiñe» liburu berria

«Ataramiñe» liburu berria
Laura Mintegi

Bihar liburu berri bat aurkeztuko da Bilbon. «Beste bat gehiago» pentsa lezake norbaitek, «Durangoko gerizpean loretutakoa». Liburu hau, ordea, ez da hazi Durangoko itzalpeari esker, bestelako itzalaren erruz baizik. Liburu honetako poemak eta ipuinak Espainia eta Frantzian sakabanaturik dauden kartzeletako ziegetan sortu dira, eta ez dira ariketa literario hutsa. Zapalkuntzari emandako erantzuna dira.

Kartzelan idazten den literaturak ez du, hasieran, asmo literario argirik. Idatzi, idazten da komunikatzearren, biziarekiko zilborra ez etetearren, ideiak eta sentipenak ordenatzearren, malkorik gabeko negarra arintzearren, errealitate gordinetik ihes egitearren. Literatura kartzelan, lehen instantzian, terapia da, adiskide baten belarri konfidentea, urrun daudenekiko zubiak eraikitzea, «bizirik nago» esateko beste modu bat.

Baina behin idazten hasiz gero, euskarri baino ez zen hura bizi-xede bihurtzen da apurka-apurka, esperientziak metabolizatu eta beste modu batera isurtzen dira, zigorrak eraginiko hausnarketak hazia aportatzen du, eta ordu luzetako egoteak hitzak ipintzen dizkio. Orduan, une horretan, literatura, eta soilik literatura, hasten da egiten, adjektiborik gabe, azpisailkapenik gabe. Literatura hutsa.

Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu”k hitzaurrean dio, «liburu edo poema edo ipuin bat idatzi baino lehen esateko zerbait izan behar du kontalariak. Hain garrantzitsua den baldintza hau betetzen dugu preso gauden orok. Idazleak gara eta, aldi berean, preso. Kartzelan gatibu egon arren idazletzat jotzen dugu gure burua, esateko zerbait dugulako eta ahalmena eta baliabideak ditugulako kontatu nahi duguna nola edo hala kontatu ahal izateko».

«Hau honela izanda eta hain oinarrizkoa dirudien arren, ez dute beti hain argi ikusten askatasunean bizi direnek. Asko eta asko dira gaur egun Euskal Herrian presook preso izateagatik idazten dugula pentsatzen dutenak».

Preso izateagatik ez, Iñaki, baina bai esperientziak metatu, horien inguruan hausnarketa egin, eta gero papereratzeko aukera (oztopatua) izateagatik.

Edonola ere, literatura egiten dute. Entzun dezagun zer duten esateko, barnetik mintzo dabilkien ahotsak zer dioen, eta konturatuko gara, izuturik, kartzela ezagutu gabe guk ere ezagutzen dugula ahots hori, gutaz ari baitira, gure lurraz, gure gauzez. –

Share

Euskara ialgi dadila bere entzerrutik

1996 19 martxoa

→ Egin, 1996.03.19: Euskara ialgi dadila bere entzerrutik

Ziegaren ilunenean, presoak amets egiten du. Isolamenduaren gogorrenean, presoak ihes egiten du. Hitza asmatzen du, eta orduan literatura sortzen da.

Euskal literatura kartzelan hasi zen. Gure lehen idazlea kartzelan sortu zen. Kartzelak egin zuen Etxepare idazlea. Ilunaren ziegan, bakartasunaren ziegan, hika egiten dio bere buruari, beste ni bat sortzen du: presoak idazle bat sortzen du idatz dakion. Orduantxe sortu zen euskal literatura, Mosen Bernatek Bernat Etxepare idazlea sortu behar izan zuenean.

Mosen Barnat, iakin bahu gauza nola hinen zen,
Bearnora gabetarik egon ahal hintzaden.

Kantuia honekin amaitzen du Etxeparek bere liburua; hauxe da poema nagusien gailur bezala liburua zarratzen duen balantze mingarria. Injustizia egin zaio, bere eritzi politikoagatik sartu dute kartzelan. Bere buruarekin hizketan poemak sortzen ditu, eta behin eta berriz aditz bera datorkio gogora:

Iustizian entzun banintz, sarri ialgi ninzaten

Euskarari eskainitako bi kanta ospetsuenak, “Kontrapas” eta “Sautrela”, aditz honen inguruan sortu zituen. Ialgi, kartzelatuaren mina. Ialgi, euskararen lehen aditza. Mintzairari ere, Etxeparek hika egiten dio, bere buruaren luzapena balitz bezala, euskara bere bigarren ni-a balitz bezala. Kartzelatuak hizkuntza behar du. Kartzelan sortu ziren hizkuntzari eginiko poemarik ederrenak. Herrimina dimentsio berriak dauzka euskaldunarentzat. Herrimina bezalaxe sentitzen du kartzelatuak mintzamina. Urruntasunak dimentsio berriak dauzka euskaldunarentzat. Etxepare gure lehen sakabanatua izan genuen, dispersioaren lehen biktima izan zen gure idazle lehena. Ia bostehun urte geroago, ordukoak baino Biarno urrun eta gogorragoetan dago egun Etxepare.

Urhe unak behar dizi suian unsa purgatu

Euskal presoen inguruan gertatu eta gertatzen diren hainbat jipoi, sakabanaketa, lege-hauste eta eskubide-ukapen ugariei hizkuntza kentzea gaineratu zaie. Bere buruaren kantua egitea debekatu zaie gure Etxepare berriei. Euskal literatura kartzelan ere garatu da: Etxepare, Larralde, Etxahun, Iparragirre, Etxamendi, Iztueta eta ezin konta ahala autore anonimok literaturan aurkitu zuten bere maluren konsolagarri. Egun, Jokin Urain, Mitxel Sarasketa, Angel Rekalde, Karlos Gorrindo, Mikel Ibarguren, Xabier Izaga, Jon Tapia Irujo, eta beste askoren lanak gure kulturaren zati dira, eta idazleak diren neurrian euskal herri osoaren patrimonioa dira. Euskara debekatzen zaielarik, euskal literatura zigortzen da.

Libertatia nola baita gauzetako hobena,
gathibutan egoitia hala pena gaitzena.

Azpian sinatzen dugun idazleok, euskararen gatibutasuna salatu nahi dugu euskal literaturaren izenean, eta salatzeaz bat eskatu egiten dugu, euskara ialgi dadila bere entzerrutik, euskara ez dadila debekatua egon presoen ez harreman mintzatuetan, ez idatzietan.

Henriette Aire, Jokin Apalategi, Inigo Aranbarri, Jon Mikel Arano, Pako Aristi, Joxe Austin Arrieta, Joakin Balentzia, Garikoitz Berasaluze, Inaki Bernaola, Harkaitz Cano, Jean Louis Davant, Andolin Eguzkitza, Itxaro Borda, Juan Martin Elexpuru, Enaut Etxamendi, Luzien Etxezaharreta, Gotzon Garate, Tere Irastortza, Juan Mari Irigoien, Joxe Mari Iturralde, Koldo Izagirre, Paulo Izueta, Edorta Jimenez, Josu Landa, Emilio Lopez Adan, Laura Mintegi, Xabier Montoia, Luis Mari Mujika, Jose Luis Otamendi, Patziku Perurena, Fito Rodriguez, Pablo Sastre, Andoni Tolosa, Balentin Tramon, Mikel Urkola, Juan Luis Zabala, Patxi Zabaleta, Patxi Zubizarreta.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Antton Azkargorta, Nikolas Xamardo | Gartzela poesia: gainezkadura eta lekua

1989 3 ekaina

Conrad idazle poloniarrak honela definitu zuen artea bere “The Nigger of the Narcisus” nobelaren hitzaurrean: “izpiritu indibidualak egiten duen ahalegina da artea, ahalik eta ondoen; unibertso ikuskorrean justizia izan dadin, bere aspektu bakoitzari dagokion egia anitza eta bakarra egitera dakarrena”. Joseph Conradek aipatzen duen justizia, egun nagusia den legearengandik espero daitekeen justizia ez bezala, beste leku batetan dago. Justizia berri hau, egon dagoena sekula justifikatuko ez duen etika berri baten emaitza izango da, halabeharrez.

Etika eta justizia, bestalde, gizakiaren historia luzean izandako poetika guztiaren gai pribilegiatuak izan dira. Areago oraindik, legea eta bere hausduraren arteko dialektika (indarrean dagoen legea kolokan jartzetik, projektu berriaren proposamena egitera arte) ez dira soilik prozesu subjetiboaren elementu eratzaileak, baizik eta arte produzioaren beraren oinarrian dauden balioztapen elementuak ere. Azken arlo honi dagokionez, berria eta zaharraren arteko —edo zehatzago esanda, orijinala eta kopiaren arteko— betidaniko eztabaidan gauzatzen da aipatu dialektika. Artistak poetika zaharra osoki onartzen badu, ez da inoiz kopiagile bat —hobea ala eskasagoa— izatetik haruntzago joango. Bere obraren orijinaltasunari aurre egin nahi badio, ordea, ezarritako ereduen hausdura prozesuan nahitaez inplikatu beharko du bere burua.
Jarraitzen du

Share
« Mezu berriagoak